Posted

Energia berriztagarriak bailara bat biziberritzeko

Lizarraga Nafarroako Sakana bailarako herri txiki bat da, aukera energetiko iraunkor berrien bilaketaren eta garapenaren paradigma. Mikrosare elektriko bat du, energia fotovoltaikoan eta ura ponpatzeko teknologian oinarritutakoa. Haren bidez energia pilatzen da, gero herriko argiteria publikoan erabil daitekeena eta bai kontzejuko etxearen, pilotaleku txiki baten eta ibilgailu elektrikoa kargatzeko gune baten kontsumoez hornitzeko ere.

- -

Sakanako Garapen Agentziako Energia arduradun Aintzane Iriberrirekin hitz egitea bere lanaz pasioz mintzatzen den profesional bat ezagutzeko aukera da: ingurunearekin eta Sakana bailarako (Nafarroa) baliabideekin iraunkorrak diren aukera energetikoen bilaketa, hartara, haien bidez bailara eratzen duten udalerrien eta bertan kokatuta dauden enpresen eredu energetikoa pixkana aldatzen joateko. 

Duela ia urte bat, martxo eta apiril artean, Sakanako Garapen Agentziarekin lankidetzan aritzen den ESEKI enpresak Lizarragan, bailarako herri txiki batean, mikrosare elektriko bat abian jartzeko beharrezkoak ziren baimen guztiak lortu zituen. Mikrosare elektriko hori energia fotovoltaikoan eta ura ponpatzeko teknologian oinarrituta dago. Haren bidez energia pilatzen da, gero herriko argiteria publikoan erabil daitekeena eta bai kontzejuko etxearen, pilotaleku txiki baten eta ibilgailu elektrikoa kargatzeko gune baten kontsumoez hornitzeko ere.

Beharbada, sistema horren ezaugarri eta alderdi teknikoak ez dira izango garrantzitsuena blog honetarako. Baina badira nabarmentzeko modukoak garapen-estrategia honek oinarrian dituen funts sozialak, krisi ekonomikoak bereziki astindu zuen eskualde geografiko batean, aukera energetiko iraunkorretan udalerrietako bizitza biziberritzeko oso ekintza-eremu garrantzitsua aurkitu duenean.

“2015ean, bailarako udalerrien mailan energia-diagnostiko bat egin eta gero, ohartu ginen urtean 1.200.000 euro baino gehiago gastatzen zirela energia-kontsumoetan eta gastu hori ahal zen neurrian leheneratzen saiatzeko aukera iraunkorrak bilatzen hasi ginen”, adierazi du Aintzane Iriberrik.

ESEKI enpresaren eta CENER Zentro Teknologikoko Mikrosareen Sailaren laguntzarekin, ikusi zuten Lizarragako Kontzejuan kasuistika interesgarria zutela mikrosare batek funtziona zezakeen probatzeko; hain zuzen, energiaz hornitzeko eta energia pilatzeko modu gisa eta, are gehiago, soberakina izanez gero, Sarera saltzeko bidea emateko modu gisa funtziona zezakeen probatzeko.

Lizarraga 200 biztanle dituen herria da, Urbasa mendilerroaren hegalean dagoena. Ur-biltegi bat zuen eta hoditeria-sistema bat, erabiltzen ez zena. Kasua aztertu eta ikusi zen egingarria zela biltegi berri bat eraikitzea, “urari beheiti”, zaharretik kilometro bat eskasera. Kokatu zen mikrosareak bi biltegi horien artean dagoen garaiera-aldea, 100 metro, baliatzen du ura biltegi batetik bestera joanarazteko eta, hartara, gero pilatzen den eta elektrizitate bihurtzen den energia sortzeko. 

Sistema hau aitzindaria izan da Estatuan, Lizarraga tokiko erakunde berritzaile bihurtu du energia sortzean, eta hainbat aitortza edo ezagutza ekarri dizkio. Izan ere, Genera 2018 energiaren eta ingurumenaren nazioarteko azokako Berrikuntza Galeriak ESEKIk egindako mikrosarearen proiektua hautatu zuen Estatu osoko beste hogeirekin batera, energia berriztagarriak eta eraginkortasun energetikoa garatzean egiten duen ekarpenarengatik. Eta Lizarragako Kontzejuak, bere aldetik, duela gutxi “Jose Ignacio Sanz Arbizu” Tokiko Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokien 2. saria eskuratu du.

Iriberrik esandakoaren arabera, bidea luzea eta neketsua izan da, batik bat, burokraziari dagokionez: instalazioak legeztatzeko prozesua, abian jartzea, eta abar. Baina merezi izan du. Martxan ia urte bat daraman honetan, Sakanako Garapen Agentziak ontzat jo du ahalegina eta  instalazioa are eraginkorragoa izatea lortzeko proiektu berriak bultzatzen jarraitzen du. “Nahiz eta mikrosareak ez dituen estaltzen udal-instalazioen energia-beharren %100, kalkulatzen dugu %80 egiten duela. Kalkulatzen dugu lehen udalerriaren energia-gastua 10.000 euro ingurukoa zela eta badakigu orain jaitsi egin dela, baina ez dakigu zenbat. Datu zehatzak hilabete batzuen buruan izango ditugu”.

Lizarragaren esperientziak antzeko beste herri edo udalerri batzuetan gauza bera egiteko aukerak zabaltzen ditu. Edonola ere, Aintzane Iriberrik adierazi duen moduan, ongi aztertu behar dira kasu bakoitzaren ezaugarriak eta kostua, instalazioak energia eraginkorra eta iraunkorra izateko helburua bete dezan.

Lizarragako proiektuaz gain, Sakanako Garapen Agentziak beste batzuk ditu aktibo. Esate baterako, Iturmendin, hiru eraikin publiko konektatzen dituen bero-sare bat herriko bertako biomasaz hornitzen da. Beste alde batetik, bailarako udal instalazioek energia (termikoa eta elektrikoa) kudeaketa-sistema adimendun bati erantzuten diote, denbora errealean monitorizatua.

Hasieran esan dugun moduan, egitasmo horien guztien xedea da, batetik, bailaran energia-aldaketa lortzea, eta, bestetik, natura-baliabideekiko errespetuzkoagoak diren proiektuak abian jartzea. “Herritarren sentsibilizazio-maila oso lagungarria da. Inguru honetako jendeak estimu handia die inguruneari eta bertako baliabideei, eta horrek asko errazten du gure lanaz duten iritzia eta hura aintzat hartzea”, zehaztu du Iriberrik.

Duela hilabete batzuk, Esteban Morrásekenergia berriztagarrien arloan etorkizuneko ikuspegia du–, elkarrizketa batean, esan zuen ez dela gehiegizkoa “Nafarroan pentsatzea berriztagarrien Harvard gisa”. Ikusi dugun adibide honek, esate baterako, badirudi arrazoia ematen diola, bai berez duen garrantziarengatik ezagutza-mailan, bai duten giza eta enpresa-ahalmenarengatik ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.