Posted

Eramateko kafea, hobeki kikara berrerabilgarrian

Alemaniaren hego-mendebaldean dagoen Friburgo hirian, eramateko kafe bat eskatzen duzunean, litekeena da edalontzi berrerabilgarri eta itzultzeko batean eramateko aukera eskaintzea. Duela bi urte sortu zen ekimena da, ia ezustean, eta itxura du hiri horretan eramateko kaferako erabilera bakarreko edalontziak erabiltzea amaitzea ekar dezakeen ekintza bihurtzeko.

- - -

Friburgo Alemaniako hiri bat da, ezaguna herrialdeko berdeenetako bat delako, bai Oihan Beltzetik hurbil dagoelako, bai eta mugikortasunean eta energia iraunkorrean garapen maila handia duelako. Hartara, hondakinak kudeatzeko sistemak %70etik hurbil dauden emaitzak izaten ditu birziklatze tasetan, baina eramateko kafea zerbitzatzen zen kikarak arazo bihurtzera iritsi ziren.

Alde batetik, kikara horiek egiteko eskuarki erabiltzen den materialarengatik. Mota horretako ontzietan papera eta polietilenoa konbinatzen da, ontziari sendotasuna emateko beharrezkoa den nahastura bat, baina birziklatzea asko zailtzen duena. Beste alde batetik, estalkiarengatik, jeneralean, plastikozkoa dena. Eta azkenik, sortutako hondakin bolumenarengatik, hiriko paperontziak gainezka betetzen baitzituen erraz eta horrek hiria zikin egotea ekartzen baitzuen.

Udal arduradunek, alkatea buru zutela, hiriak aurre egin behar zien mota honetako hondakinen mailengatik kezkatuta, arazoan esku hartzea erabaki zuten, ideia erraz baten bidez: taberna eta kafetegietan itzultzeko edalontzien sistema boluntariobat erraztea.

Hartara, ideia abiarazteko, lan eskerga egin zuten lau hilabetean. Ontzi egokiena bilatzea, eramateko kafea zerbitzatzeko higienikoa eta eskuragarria –plastikozko kikara, berrerabilgarria eta birziklagarria, erabili eta botatzeko estalkia duena eta proiektuaren izena jarrita duena–, eta martxan jartzeko erabakia hartuko zuten establezimenduak erakartzeko lan nekeza izan ziren ahalegin handiena eskatu zuten alderdiak.

Ideiaren erraztasunak, hiriko kafetegietan ideiak izan zuen harrera onak (ekimena abian jartzeak ez zien inolako kosturik ekarri) eta hedabideen babes handiak lortu zuten hasiera batean kanpainarekin bat egin zuten establezimenduak 15 izatetik 60 izatera igarotzea bi hilabetean. Egun, 110 kafetegi inguru dira ekimenarekin bat egin dutenak, hau da, arlo horretako establezimenduen %60-70 gutxi gorabehera. Kikara berrerabilgarriak eskaintzen dizkiete bezeroei, euro batean, eta kafetegi berean edo programari atxikita dauden beste batzuetan uzten dituztenean dirua itzultzen diete.

Esperientzia honen bidez, Friburgo hiri aitzindaritzat jo daiteke, orain arte hiri bakar batek ere ez baitzuen halako borroka zuzenik egin kaferako erabili eta botatzeko edalontzien aurka. Kalkulatzen da bi urte hauetan 26.000 kikara inguru jarri direla martxan, eta haietatik %15 baino ez dira gelditu itzuli gabe, edo herritar batzuen baxeraren zati izatera igaro direlako, edo  turistek souveniredo oroigarri bitxitzat hartu dituztelako.

Kontzientzia harrarazteko kanpaina abiarazi zenetik bi urte igaro direnean, lorpenak garrantzitsuak dira: erabili eta botatzekoak diren edalontzien alternatiba edo aukera bat ematea, kaleetan botatzen diren hiri hondakinak murriztea (litteringesaten zaiona), eta, are garrantzitsuena, osasungarriagoa den kontsumo ohitura bat sustatzea lortu da.

Nolanahi ere, oraindik lan asko dago egiteko, udalerrian ohartu baitira iraunkortasun alternatibo batera iristea erraztea ez dela nahikoa eramateko kafea hartzeko garaian ohitura aldatzeko. Zenbait datuk adierazten dute kikara berrerabilgarri eta itzultzekoa oraindik ez dela herritarrek nahiago duten aukera, eta horregatik jarraitzen dute lan egiten, pertsona gehiago inplikatzeko eta kafetegiek modu proaktiboagoan eskaintzeko. 

Oraindik erabiltzen ez duten herritarren artean sistema bultzatzeko, eskema “boluntariotik” kikara berrerabilgarriak erabiltzea sustatuko duen eredu batera nola igaro aztertzen ari dira, kikara itzultzeko eta ordaindutako euroa berreskuratzeko kafetegi batera joan behar izateak dakarren eragozpena ordaintzeko era gisa. Beste alde batetik, kontuan hartzen ari dira erabili eta botatzekoak diren kikarak erabiltzea zigortzeko aukera (egun ez du kosturik), aukera horren alde eginez gero ordainketa sinboliko bat eginez.

Eramateko kaferako kikarak direla-eta, zero wasteedo hondakinik gabeko hiri bat lortzeko zailtasunak gorabehera, Friburgoko eredua Alemaniako beste eskualde eta udalerri batzuetan ezartzen hasi dira. Nahiz eta Friburgo gure ingurunetik urrun dagoen, eramateko kafea ontzi iraunkorretan kontsumitzeko ekimenak gero eta hedatuago daude. Gehien komeni zaiguna bilatu besterik ez dugu egin behar.

Argazki: www.freiburgcup.de
Iturriak: zerowasteeurope.eu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.