Posted

Irtenbidea artilearen hondakinerako

Garai batean, artilea “urre zuritzat” hartzen zen. Egun, ordea, arazoa da abeltzainentzat eta bai ingurumenerako ere, hondakin huts moduan tratatzen bada. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Borja Fernández-d’Arlas ikertzailea 2017aren hasieratik ari da lanean, hondakin horrekin eta oilaskoen lumen hondakinarekin plastiko biodegradagarria sortzeko.

- - - - - -

Institute for Advanced Materials (INAMAT) institutuak NUPeko Jerónimo de Ayanz zentroan duen laborategian egin digu harrera Borja Fernández-d’Arlasek. Izan ere, ia duela bi urtetik bertan ari da aztertzen artilea osagai interesgarriak ateratzeko material bihurtzeko aukerak, industriarako erabileretarako eta bai biomedikuntzarako ere. Artileak dituen konposatu nagusien artean keratina dago, beste produktu batzuen artean, plastiko biodegradagarria egiteko oso baliagarria izatea egin dezaketen ezaugarri mekanikoak dituen proteina bat.

Nondik sortu zen proiektuaren xede diren materialak, artilea eta oilaskoen lumak, balorizatzeko interesa?  

Nire prestakuntza arloaren barnean, polimeroen kimikaren barnean, interesa dago baliabide berriztagarrietan oinarritutako material berriak garatzean. Hau da, jatorri fosilekoak ez diren materialekin eta, gainera, ingurumenean erraz integratzekoak direnekin. Aukeren bila nenbilela, egun artilearekin dagoen arazoa ikusi nuen. Euskal Herriko Unibertsitateko kide bat, Cristina Peña doktorea, artilearekin lanean ari zen, zuzenean plastikoan sartu nahian, sendogarri moduan. Erreferentzia horrekin, plastiko berriak lortzeko era aztertzea bururatu zitzaidan, artilearen egitura hautsita eta keratina modu seguru eta garbian aterata.

Kalkulatzen da Espainian urtero 50.000 tona artile eta 100.000 tona oilasko luma bideratzen direla nagusiki zabortegietara, ekimen batzuek hidrolizatu eta ongarri bihurtzen dituztenak izan ezik. Nafarroaren iparraldeko abeltegi batean oinarri hartuta, artilez hornitzen baitu, eta Terrassan 1960ko hamarkadan artilea zuritzeko garatu zuten teknika bat aplikatuta, Fernández-d’Arlas doktoreak propietate mekaniko onak dituzten polimeroak lortu ditu, hainbat plastiko ordezteko erabiltzeko. Bere laborategiko mahaietan argi ikusten dira 2017ko udazkenaz geroztik lantzen ari den pelikula malgu desberdinen probak.

Zein aplikazio eduki ahal izango lituzkete lortutako keratinek?

Oso alor interesgarria plastiko biodegradagarriak lirateke, poltsetarako edo erabilera bakarreko ontziratzeetarako. Pixka bat gehiago ikertu behar dugu, baina uste dugu material horiek egun dauden poltsa degradagarriak ordeztu ahal izango lituzketela, jatorria almidoian baitute. Dagoen bibliografiaren arabera, gainera, larruazalerako txaplata moduan ere erabili ahal izango genituzke. Proteinek osatutako material bat da, larruazala ordezteko balio ahal izango lukeena, erreduren kasuan, larruazal hori bere onera etortzen ari den bitartean, eta patogenoak eta agente infekziosoak sartzea saihestuko luke. Gainera, ikusi dugu metalekin interakzionatzen duen materiala dela eta, horrenbestez, iragazki moduan aplikatu ahal izango litzatekeela edo agente malutatzaile moduan, hondakin uren tratamendurako.

Une honetan, ekoizpen eskala handitu ahal izateko konfiantza izanda lan egiten du ikertzaile honek, azken produktu on bat egiteko beharrezkoak diren propietateak egokitzeko eta emaitza moduan ateratzen diren plastikoek prozesatze termikoak jasaten dituzten ikusteko, hala ekoizten baitira poltsak eta beste plastiko batzuk. Haietatik guztietatik, bioplastikoen ildoa dirudi egingarriena, industrializatzen errazena baita, aplikazio biomedikoen edo osasun-arlokoen aurrean, haiek baliozkotzeko, egiaztatzeko eta onartzeko epe luzeagoak eskatzen baitituzte eta, batez ere, hondakin-mota honi irteera-bolumen handiagoa eman diezaiokeena baita.

Zer-nolako harrera egin dio industriak aurkikuntza honi?

Dagoen industriak ikerketan inbertitzeko joera txikia du. Izan ditugu kontaktuak, baina iruditzen zaigu egiaztagarriagoak diren emaitzen zain daudela industriak. Egia den gauza bakarra da urte batzuen buruan industriak, iraun nahi badu, bioplastikoen arloarekin bat egin beharko duela, Europak zigortu egingo baitu petroliotik datozen eta/edo karbono-aztarna eta ingurumenerako aztarna handia duten plastikoak erabiltzea. Handicapedo eragozpen hori gainditzeko, ateratzen ari garen keratina merkaturatzeko geure enpresa sortzea baloratzen ari gara. Izan ere, planteatzen diren aplikazio-aukeretatik baten batek arrakasta izango duela sinetsirik gaude. 

Ikertzaileak ongi nabarmendu duen moduan, proiektu honen arrakasta, egun, ikerketaren intentsitatearen mende dago neurri handi batean, eta, horretarako, baliabideak eta pertsonak behar dira. Hori dela-eta, ez du zalantzarik izan Unibertsitate Publikoaren eginkizuna eskertzean, bere lanaren alde egin baitu, eta La Caixaren Gizarte Ekintza eta Nafarroako Kutxa Fundazioa eskertzean, finantzaketaren bidez babesten baitute. 

ARAZOA ARTILEAREKIN

Espainiako abeltzainentzat, ustiategietan aurrez aurre duten arazoa da artilea. Besteak beste Australiako, Zeelanda Berriko eta Txinako merkatuen konkurrentziak –industria sendoa garatu dute artilearen kalitatea hobetzeko eta prozesua industrializatzeko– ekartzen du, ez bolumenarengatik ez eta kalitatearengatik ere, inork nahi ez izatea Espainiako baliabide hau. Garai batean, zer edo zer kobra zitekeen artilearengatik, ehungintzarako edo etxebizitzaren industriarako eskatzen baitzen; egun, ordea, pozik gelditzen dira zerbitzu publikoak beren gain hartzen badute, tratamendu plantetara eramateko. Ehunen arloan, Extremaduran dauden ustiategi batzuetan izan ezik, ez dute material hau eskatzen eta are gutxiago arraza latxena, oso ohikoa dena Espainiaren iparraldean, ehundura oso lodia baita eta ez oso atsegina, beste batzuen aldean, adibidez, borroen aldean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.