Posted

Kirol-kultura iraunkor baterantz

Udaberria eta uda urtaro aproposak izaten dira kirol-jarduerak egiteko aire zabalean, naturan bertan edo espazio publikoetan. Ekitaldi asko egiten dira urteko garai honetan, eta kudeatu egin behar den hondakin-bolumen handia eragiten dute ondorioz.

- -

Ur-botila txikiak, elikagaien ontziak, plastikoak, paperak, bereizi gabeko hondakinak… Kirol-proba bat igaro den espazioetan eskuarki botata uzten diren elementuen zerrenda luzea da, eta are luzeagoa, antolatzaileek ez badute ibilbidea berrikusten behin jarduera amaitu denean.

Hain ohikoak diren egoera horiek amaitzeko zorian dago Nafarroa, “Ekitaldien eta hondakinen erregelamendua” kaleratuta. Zehazki, edozein ekitaldi publikotan hemendik aurrera exijituko diren eskakizunak bilduko ditu, arreta berezia jarrita erakunde publikoek babestu, antolatu edo diruz lagundutako haietan.  

Erregelamendu hori idatzi bitartean, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Prebentziorako Bulegoko kideek berretsi diguten moduan, hiru proba pilotu egin dira, hiru kirol-hitzordu desberdinetan: EHME Mendi Erronka mendiko lasterketa eta BTT Ibaigorri eta Irati Xtrem zikloturismoko bi martxak. Hartara, proba horietan, botilaratutako ura kontsumitzeko eta plastikozko 25.000 edalontziren hondakinak sortzea saihesteko neurri txikiak jarri ziren praktikan.

Esate baterako, ura edo edari isotonikoak bonbilla handietatik edo “uraren tabernetan” zerbitzatu ziren, eta haietan parte-hartzaileek kantinplorak betetzeko aukera izan zuen. Esperientzia oso ona izan zen, eta, horrenbestez, pentsatzekoa da hemendik aurrera ohikoagoa izango dela hala jokatzea beste proba batzuetan. Gauza bera gertatzen da hartu diren beste neurri batzuekin, etorkizun hurbil batean oso zabalduta egotea aurreikusten direnekin: komunikazio-kanpainak egitea, bertaratutako pertsonek lurrera ezer botatzea ekiditeko eta, batik bat, igarotzen diren natura-inguruneak edo ingurune publikoak babesteko; ontziratu gabeko edo solteko produktuen anoa-postuak jartzea; baxera berrerabilgarria baliatzea; edukiontzi seinaleztatuak eta hondakin-mota bakoitzerako bereiziak berariaz kokatzea; eta, azkenik, janari-kantitateak doitzeko neurriak hartzea. 

Kirol-jardueretarako ingurumen-jardunbide egokien gidaliburua 2011n kaleratu zuten, eta hartan jada identifikatu zituzten esku hartzeko hamar arlo egon zitezkeela eta gauzatzeko 123 ekintza. 

Kirol-jarduerek konexio bikoitza izan ohi dute ingurumenarekin. Alde batetik, haietako askoren praktika ingurumen-baldintzen eta -baliabideen mende egoten da; eta bestetik, kirol-jarduna natura-ingurunearen gaineko garrantzi handiagoko edo txikiagoko eraginen eragilea da.  

Jada 1996an, Espainiako Batzorde Olinpikoak adierazi zuen garrantzitsua zela garapen iraunkorra kirol-erakundeen erregelamendu eta estatutuetan sartzea, eta hertsatuki eskatzen zitzaien ekitaldien antolatzaileei ingurumen-jardunbide egokietako neurriak hartzeko. Geroztik, asko dira ingurumen-iraunkortasuna jarraitu beharreko ildo estrategikoa dela erakusten diguten kirol-gertakariak. Urrun joan gabe, ingurunearekiko errespetua olinpismoaren hirugarren dimentsioa da, kirolarekin eta kulturarekin batera, eta olinpiar jokoak non egingo diren erabakitzeko ebaluazio-irizpideetako bat ere bada https://verdesdigitales.com/2016/08/24/el-medio-ambiente-en-los-juegos-olimpicos/.

Kirol-ekitaldi iraunkor bat diseinatzeko orduan garrantzitsua da arreta jartzea parte-hartzaileen eta ikusleen artean arrakasta izateko bermearekin gauzatuko direla antolatzaileek badakiten neurrietan. Haien laguntza lortzea funtsezkoa da, behin jarduera amaituta hondakinik ez dagoela egiaztatzeko ardura, antolatzaileena ez ezik, parte hartzen duten pertsonena ere bai baita.

Argazki: Paul Green on Unsplash

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.