Posted

Komunaren balioa

Bainugela pribatu garbia eta funtzionala duzu etxean? Zure komun-ontzia estolda bati edo hondakinak kanporatzeko zerbitzu bati konektatuta dago? Fisikoki seguru sentitzen al zara zure bainugela erabiltzen duzunean? Zure etxe-inguruak eta kaleak gizakion gorozkirik gabe daude? Etxetik kanpo zaudenean erraz aurkitu dezakezu komun publikoren bat? Erantzun gehienak baiezkoak izan badira, zorionekoa zarela pentsatu behar duzu, mundu osoko biztanleen erdiek “ezezkoa” erantzungo baitzuten galdera guztietan.

Munduko biztanleen %60k ez dute komun-ontzirik etxean ez eta saneamendu-sistema segururik ere, horrek berekin dakartzan osasungarritasun-arazoekin. Ia 700 milioi pertsonak beren eginkariak aire zabalean egiten dituzte, erosotasunik eta higienerik gabe. Hainbat herrialdetan, besteak beste, Mongolian, oraindik ere borrokan ari dira komun-ontzien inguruko tabuak baztertzeko eta haiek elementu ezinbestekoak, funtzionalak eta seguruak izan daitezela lortzeko, adibidez, “Let’s Change Our Toilets” izeneko kanpainarekin, Oyungerei Tsedevdamba aktibistarena. Beste herrialde batzuetan, garatu gabeko saneamendu-sistemak erabiltzen dituzte, hala nola simaurtegiak dituzten komunak, gizakion hondakinak bildu eta tratatzen dituztenak, laboreetarako ongarriak egiteko. Toki batzuetan, hezeguneak eta kanaberadiak eraikitzen dituzte, ur fekalak iragazi eta, hartara, ez iristeko zuzenean ibaietara.

Eta hori gertatzen den bitartean, mundu garatuan, non estolda-sarera konektatuta dagoen komun-ontzi bat izatea ohikoa den eta ez den zaila komun publikoak aurkitzea kaleetan, komun-ontzia zakarrontzi moduan erabiltzeko atrebentzia dugu, izugarrizko buxadurak eraginez hondakin-uren sareetan.  

Erabileran eta pentsamoldean dauden diferentzia horiek guztiek eraman zuten Nazio Batuen Batzar Nagusia azaroaren 19a Komunaren Mundu Egun izendatzera, kontzientzia harrarazteko eta sentsibilizatzeko eguna izan dadin.

Izan ere, gure ingurune hurbilenean, badirudi ahaztu egin zaigula zein den komun-ontzien eginkizun nagusia: gorozkiak, txiza eta, gehienez, komuneko papera biltzea. Besterik ez. Hala ere, ohikoa da higiene intimoko mota guztietako elementuak, kotoi-zotzak eta paper-zapi ‘arriskutsuak’ botatzea bertara. Gero, hori guztia tapoi erraldoi bat sortzen joaten da, Fatberg esaten zaiona eta ur-hoditeriak buxatzen dituena. Horrek berekin ekartzen dituen mantentze-gainkostuez gain –urtean 500 milioi euro baino gehiago Europan–, zikinkeria-bola horrek ingurumen-arazoak ere eragiten ditu, besteak beste, tratatu gabeko ur fekalek gainezka egitea edo urak kutsatzea. Ikusten denez, guztiz ekidin daitezkeen arazoak. 

Beharrezkoak diren jokaera-aldaketa 

Ur Horniduren eta Saneamenduen Espainiako Elkarteak (AEAS) eta 99 erakundek baino gehiagok arazo hau nabarmenduko dute aurten, ‘Ez elikatu estoldetako munstroa’ izeneko kanpainaren bidez. Hain zuzen, arazoa konpondu ahal izango litzateke “txiza, kaka eta papera besterik ez da bota behar” maxima aplikatuta edo, gainerakoan, bi ideia erraz eta soil hauetako bat: 

  • Bainugelan zakarrontzi bat kokatzea.
  • Hondakinak zuzen bereiztea.   

Ilustrazio honetan argi eta garbi ikusten da non bota behar ditugun zenbaitetan komun-ontzitik behera oker botatzen ditugun hondakin ohikoenak.   

Nazio Batuen Erakundeak bizi-salbatzailetzat, duintasunaren babesletzat edo aukeren sortzailetzat joa, giza eskubide bat eskuratzeko bidea ematen digun elementuaren sinboloa da komuna: saneamendua. 

Argazki: Gilles DesjardinsUnsplash Ilustrazioa: Ecoblog MCP

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.