Posted

Nola jakin kosmetiko bat naturala den edo ez

Osagai naturalak, toxikorik gabeak, birzikla daitezkeen ontziak, kosmetika beganoa, zero waste, kosmetika solidoa… Kosmetikako marketan, linealetan edo erakustokietan gero eta toki gehiago hartzen duten izendapenak eta produktu-motak asko dira. Baina, nola jakin kosmetiko bat benetan naturala den eta ez den publizitatea erabiltzen ari iruzur egiteko?
Imagen cosméticos naturales

- - -

Kosmetika naturala hazten ari da urtez urte. Ez dago produktu kosmetiko komertzialik bere alderdi natural edo ekologikorik ez duenik: aurpegirako kremak, makillajeak, tratamendu-produktuak, edergintzakoak, perfumeak… Ekoizten dituzten enpresek baliabide natural iraunkorretatik datozen lehengaiak erabiltzen dituzte gero eta gehiago, eta, hartara, ingurumenean duten inpaktua eta hura andeatzea murrizten dute. Horiek guztiak ekoizteko prozesuetan energia, ura edo karbono-aztarna murrizteari arreta jartzen diote; birzikla daitezkeen edo biodegradagarriak diren bilgarriak gehiago baloratzen dituzte (refill-ak, ecodesign…), etab. 

Kimikari Kosmetikoen Espainiako Elkartearen arabera, artikulu-mota horiek %20 hazi ziren 2017tik 2018ra, eta gero eta gehiago dira erabiltzeko prest daudenak. Edonola ere, Europan araudirik ez egoteak, izendapen desberdinek, eskaintza- eta ziurtagiri-aniztasunak eta logikoa den ezjakintasun batek zaildu egiten du kosmetiko bat egiatan naturala den edo ez jakitea, haren eraginkortasunean sartu gabe.

Red Ecoestética sareak –2011z geroztik hainbat proiektu ari da garatzen kosmetika ekonaturalaren sektorea sustatzeko– beraientzat kosmetiko naturaltzat jo litekeena adierazten du: “Gutxienez, %90ean osagaiek naturalak edo jatorri naturalekoak izan behar dute, eta ez dute eduki behar ingurumenari edo pertsonen osasunari kalterik ez egiteari buruz zalantzak eragiten dituen lehengairik, bereziki konposatu kimikorik. Gainera, ingurumenerako errespetuzkoak diren eraldatze- eta egite-prozesuak erabiltzen dituzten produktuak dira”.

Jarraibide horiek ez bazaizkizu guztiz argiak iruditzen, zure kosmetika naturala aukeratzeko pauso hauei jarraitzeko gomendatu nahi dizugu.   

1. IZENDAPENEI ERREPARATZEA

cosmeticosveganos.com webgunean, egon litezkeen izendapenen gaineko azalpen argi bat dago. Hartara, iturri horren iritziz, “naturala” %90ean landare- eta/edo animalia-jatorriko lehengai naturalek osatutakoa da: esneak, eztiak…

“Ekologikoa, biologikoa edo organikoa”, hiru izendapen kontzeptu berbera adierazteko. Kasu honetan, formula %95ean landare-jatorriko osagaiek osatzen dute, eta osagai horietatik guztietatik gutxienez %10ek nekazaritza ekologikoan dute jatorria.

“Begano” sailkapenak animalia-osagairik ez eta haien eratorririk ez duten kosmetikoei egiten die aipamena, soil-soilik osagai begetalak eta mineralak dituztenei.

Azkenik, “cruelty-free” dira animaliekin testatu ez direnak, garapenaren faseetako bakar batean ere. Hala ere, izendapen honek ez luke beharrezkoa izan beharko kontuan hartzen badugu Europako legediak erabat debekatzen duela kosmetikoen produktuen testak animaliekin egitea.  

2. OSAGAIEN KONPOSIZIOEI ERREPARATZEA INCI ZERRENDAN

INCI zerrenda nahitaezkoa da 1998az geroztik Europar Batasunean, eta osagaiak jasotzen ditu, produktuan kantitate handienetik txikienera ordenatuta. Ana García Martinicorenak, Aurum Cosmetic enpresako kideak, truko bat eman digu errazago ezagutzeko kosmetiko naturalak:  “Zerrenda horretan lehenbiziko izendapenak latinezko terminologiak badira, horrek adierazten du osagai naturalen lehentasunezko erabilera”

Gainera, aukeran, izartxoak ager daitezke osagaien ondoan. Izartxo batek, *, jatorri ekologikoa adieraziko luke. Bik, **, alergenikoak izan daitezkeen substantziak, osagai batzuen osagarri naturalak direnak, gehienak, olio esentzialak. Gainera, produktuaren osagai ekologikoen portzentajea adierazten du. 

3. ZIURTAGIRIEI ERREPARATZEA

Kasu honetan ere ez da lan erraza, Europa osorako araudirik ez baitago eta egiaztapenak adierazteko gutxienez 12 zigilu-mota baitaude, irizpide aldakorrak dituztenak. Hartara, enpresek haiei heldu ahal diete, beren interesen arabera. Ohikoenetako bat BioVidaSana ziurtagiria da, eta arau bat ematen die Espainiako 97 enpresa edo laborategiri baino gehiagori (gehienak enpresa txikiak dira edo artisau-proiektuak, eta haietako asko landa-ingurunean kokatuta daude). 

Cosmos eta Ecocert ziurtagiriek ere aplikazio ugari dituzte Espainiako 103 enpresatan baino gehiagotan. Lehenbizikoa Europako ziurtagiri-emaileen elkarte bat da. Bigarrengoak kosmetiko naturalak edo ekologikoak egiaztatzen ditu; zehazki, kosmetiko horien osagaiek baliabide berriztagarrietan dute jatorria eta ingurumenarekiko errespetuzkoak diren prozeduren bidez eraldatzen dira. Horrez gain, bilgarriak biodegradagarriak edo birziklagarriak izatea egiaztatzen du.

4. APLIKAZIOAK BALIATZEA, ZALANTZAK ARGITZEKO

Yuka, Ingred, Clean Beauty, Think Dirty eta Inci Beauty dira aplikazio erabilienetako batzuk, bai erabilitako osagaien konposizioa eta jatorria ezagutzeko, eta bai haien balorazioa lortzeko ere. 

Konta iezaguzu zein den zure esperientzia eta iritzia kosmetika naturalaren gainean, eta argitalpen hau gustatu bazaizu lagundu iezaguzu sare sozialetan partekatzen. Izan ere, kosmetika ekologikoa eta naturala erabiltzea mundua aldatzeko pauso txiki bat ere bada.  

Argazki:  Bee NaturallesUnsplash

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.