Posted

Ogitartekoak, beti aluminiozko paperean bilduta?

Aluminiozko papera gure eguneroko bizimoduan oso presente dago (eraikuntza, abiazioa, altzariak, freskagarrien potoak, tetrabrikak, gozokien poltsa aluminioztatuak…) eta oso preziatua da, oso arina eta iraunkorra delako. Edonola ere, ikastetxeetan arazoa izatera hel daiteke. Izan ere, paper moduan eta ogitartekoen eta elikagaien bilgarri moduan erabiltzeak hondakin asko sortzea ekartzen du. Hori dela-eta, gero eta gehiago dira erabilera murrizten saiatzen diren ikastetxeak.

- - - -

Kalkulatzen da aluminiozko bola batek 4 gramo hondakin sortzen dituela. Kantitate hori bider 25 ikasle egiten badugu, bider ikastetxera joaten diren 175 eskola-egun, azkenean aluminiozko paperaren 17 kilogramo eta erdi hondakin izango da emaitza, eta ikasgela bakar batean. Gero, pentsatzen badugu ikastetxe batean 20 ikasgela daudela, ikastetxe bakar batean 350 kilogramo hondakinetara iritsiko ginateke.

Hori guztia kopuru hutsa izango litzateke, ez bagenu erreparatuko aluminiozko papera egiteak duen kostu energetiko eta baliabideen kostu handian. Izan ere, aluminio tona bakoitzak 17 eta 20 MWh energia artean behar ditu lortzeko, eta prozesuan 460 kilogramo karbono kontsumitzen du. Hori produktuaren azken prezioaren %25 eta %30 artean da, eta ekartzen du lortzeko garestiena den metaletako bat izatea.

Beste alde batetik, aluminiozko papera birziklatu eta berrerabiltzeko prozesuek zailtasun handiak dituzte, baldintza handiak bete behar baitituzte: 60 milimetrotik gorako tamaina, trinkotze jakin bat eta aluminio-materialaren masa nahiko bat.

Hori guztia kontuan hartuta, ikastetxe askotan aholkatzen dute biltzeko paper horren ordez ogitartekoetarako bilgarriak, zakote-ontziak eta beste aukera asko erabiltzea, irudimena erabiliz bakoitzak bere etxean egin ditzakeenak, besteak beste, oihalezko poltsak.

Baina, arrazoi gehiago behar duzu?

Aluminiozko paperaren erabilera murrizteko arrazoiak

1. Oso bizitza baliagarri laburra. Pentsatu al duzu inoiz aluminiozko bilgarriak zer bizitza baliagarri duen? Ordu batzuk besterik ez, ogitartekoak prestatzen direnetik edo elikagaiak babesteko jartzen denetik kontsumitzen diren arte.
2. Ekoizpen-kostu handia. Aluminio kilogramo bat egiteko 8 kilogramo bauxita behar dira –aluminio-oxidoa erauzteko baliatzen den arroka da– eta 85 kilogramo material mobilizatu behar dira. Horri aluminioaren ‘motxila-faktorea’ esaten zaio eta eragin izugarria du ingurumenean.
3. Energia-kostu handia. Aluminioaren fusio-labeek 2.000 gradu zentigradutik gorako tenperaturak behar dituzte.
4. Berreskuratze zaila. Ontziak sailkatzeko plantetan, Foucaulten korronteak sortzen dituzten makinak erabiltzen dituzte aluminioa (poltsa aluminioztatuak, aluminiozko papera, tetrabrikak, metalezko pieza txikiak…) zintetan ibiltzen diren gainerako ontzien hondakinetatik bereizteko. Batzuetan, ordea, aluminioa txikia izateak zaildu egiten du makinetan bereiztea.
5. Hondakinen prebentzioa lehenbiziko tokian dago Europar Batasunak ezarritako hondakinen hierarkian. Prebentzio-helburua da hondakinen %12 murriztea lortzea 2027an, eta helburu hori soil-soilik izango da egingarria herritarren eta erakundeen erantzunkidetasunarekin.

Nora botako dut?

Zalantza ohikoenetako bat izaten da aluminiozko paperezko hondakinak bereiztean: nora botako dut? Zalantza hori sortzen zaizun hurrengo aldian gogoan izan ezazu ontzitzat jotzen dela, azken kontsumitzaileak erabilitako produktu bat biltzeko erabiltzean, eta, horrenbestez, edukiontzi horira bota behar dela, birziklatu ahal izateko.

Nolanahi ere, ikastetxe batek murrizteko kanpaina bat egiten duenean –eta kanpaina horretan ekoizpena neurtu behar du eta hobetzeko emaitzak–, gomendatzen da aluminiozko paperaren bilketa esklusiboa egitea. Egokiak diren analisien ondoren, Emausko Trapuketariak arduratzen dira produktu horretaz beteta dauden edukiontziak edo ontziak biltzeaz eta “tamaina handikoaren” tratamendu pean berreskuratzeaz.

Zer gertatzen da gero?

Behin sortuta, aluminioaren bilketa bereizia eta zuzena da berreskuratzeko eta birziklatzeko bidea ematen duen baldintza bakarra. Aluminioa bere ezaugarriak edo propietateak galtzen ez dituen materiala da, eta, beraz, nahi adina alditan birziklatu ahal dena.

Gainera, aluminioa material birziklatutik ekoizteko zuzenean lehengai berriekin egitean baino %95 energia gutxiago behar da.

Hori dela-eta, ezinbestekoa da birziklatzea.

Aluminioa nola egiten den edo birziklatzen den sakonago eta zehazkiago jakiteko gogoz gelditu bazara, ARPAL elkarteak (Aluminiozko Produktuak Birziklatzeko Elkartea) sortutako bideo hau ikustea gomendatzen dizugu: 

Argazkiak: Mancoeduca

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.