Posted

Skeleton Sea: Itsasotik sortzen den arte berdea

Xandi Kreuzeder eta Joao Parrinha, arte berdeko Skeleton Sea proiektuaren sustatzaileetako bi, Iruñean izan dira zenbaitetan, beren eskulturekin. Etorri izan diren bakoitzean artelan berriak ekarri dituzte, baina hori ez da erabat positiboa, surflari horiek itsasoan murgiltzen direnean aurkitzen dituzten plastikoekin eta hondakinekin eginda baitaude eskultura horiek.

- - - -

Xandi Kreuzeder eta Joao Parrinha artista eta surflariak aldian-aldian etortzen dira Iruñera, beren artelanak erakustera. Bisitetako azkena Askatu ekimenaren kariaz egin dute. Hain zuzen, naturguneak garbitzeko ekintzak defendatzen ditu ekimen horrek, eta Iruñerriko Mankomunitatea ari da garatzen, Ecoembesekin batera.

Oraingo honetan, Xandik eta Joaok dozena batetik gora eskultura berri eta handi ekarri dituzte, animalienak eta itsasoan aurkitu dituzten hondakinekin egindakoak.

Uztailaren 5a bitartean, Iruñerriko toki desberdinetan kokatuko den erakusketa batean ikusi ahal izango dira: Atarrabiako Pilategian, San Andres Errotan eta Mendillorriko ur-biltegietan. Eskultura erraldoien multzoa eratzen dute, eta aurkako sentimenak eragiten dituzte ikusleengan, artelan miresgarriak eta ederrak baitira, batetik, baina mezu estali bat igortzen baitute, bestetik: eskultura horiek existitzen dira, surfa egiten ari zirenean artistek aurkitu dituzten plastiko eta hondakinekin egin dituztelako. Horrenbestez, ez da erabat positiboa artelan horiek sortu eta erakutsi ahal izatea, horrek esan nahi baitu gure itsasoek oso zikin egoten jarraitzen dutela.

Autodidaktak dira arte plastikoetan, eta aitortzen dute gizartearen jokaeran aldaketak eragingo dituzten sorkariak egiteko borrokatzen direla beti. Hori dela-eta, artelan bakoitzari bere istorioa ematen diote. Hori da, era berean, erakusketa honekin lortu nahi duten xedea.

`Carapaus´ (Txitxarro arrunta) txitxarro arrunten sarda txiki baten izena da. Hain zuzen, beren gorputzak Bilboko portuko eremu batean jasotako metalezko hondakinekin eginda daude. Eremu horretan, autoak baztertzen eta uzten dituzte, legez kanpo.

`Driftwood Dolphin´ (Zurezko izurdea noraezean) itsasoan igerian aurkitzen duten zura erabilita eginda dago.  Eskultura horren bidez azaldu nahi dute espezie horren babesa eta zaintza, neurri handi batean, ozeanoak garbi mantentzeko gure ahaleginaren mende dagoela, animalia asko, besteak beste, izurdeak, hil egiten baitira gure ibaiak eta ozeanoak kutsatzen dituzten plastikoak irenstean.

`The Face of Pollution´ (Kutsaduraren aurpegia) sortzen dugun eta gure ustez eragiten ez digun kutsaduraren irudia da. Kutsadura hori jada gure barnean bizi da, ordea.

“Oraingo honetan, denek animaliak irudikatzen dituzte”, esan dio Xandik, artistekin egin den sortze-topaketa batean parte hartu duen mutil bati. Edonola ere, bere artelanen artean giza irudiak, surfeko taulak, instalazioak ere aurkitzen ditugu. “Batzuetan, material bat aurkitzen dut eta argi dut pieza jakin bat bihurtuko dela; beste batzuetan, berriz, materiala manipulatu egiten dut pentsatzen ari naizen artelana lortu arte”, esan du Xandik berak, hondakinekin lan egiteko duen modua azaltzean.

Xandi eta Joao harritu egiten ditu Nafarroako gizartean aurkitzen duten kontzientziazio-maila handiak, “Portugalgoan ez bezala”, onartzen dute. Hori dela-eta, ez dute lotsarik adin guztietako pertsonekin lanean hasteko, haien inspirazioa izateko beren sormenarekin eta istorioekin. Hondakinak maneiatzearen bidez, haien kontra borrokatzera animatu nahi dituzte, hain zuzen.

Guk, blog hau idazten dugun taldeak, dortoka txiki eta atsegin hau “berreskuratu genuen itsasotik”, eta esan dezakegu izugarri harro gaudela beste bizitza bat eman diogulako. Gazta freskoaren ontzi baten estalkia, kordoi berdeak, zerrenda plastiko laranja baten zatia, tapoiak, foam zati bat, kolore desberdinetako pieza plastiko lau txikiak eta barra formako itsaskin-pistola bat erabili ditugu izaki txiki hau berreraikitzeko. Badirudi poz-pozik dagoela beste bizitza bat duelako.

Beren lanaren bidez artista horiek helarazten dutenaren adibide bat baino ez da hau. “Eskuen artean duzu planeta salbatzeko erantzuna”, gogorarazi digute. Eta dortoka txikia kontuan hartuta, badakigu egia dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.