Posted

Txikleen kontrako gerra: kaleko hondakin-moten artean, munduan ohikoena den bigarrena.

Badakizu txiklea kaleetan ohikoena den bigarren hondakin-mota dela, zigarroen ondoren? Hori dela-eta, haren aurka borrokatzeko, milaka dira sustatzen ari diren ekimenak: txikle biodegradagarriak egitea, haiek kontsumitzea debekatzea, berriro erabiltzea objektuak sortzean, berariazko zakarrontziak kokatzea, kontzientzia harrarazteko kanpainak egitea… Goazen haietako batzuk ezagutzera.

- - - - -

Duela hilabete batzuk erabateko gaurkotasuna izan zuten Gumshoes, izeneko zapatilek, zorua txikleen hondakinetatik abiatuta eginda duten kirol-oinetako moderno batzuek. Amsterdamen sortuta, ekimen honen atzean Anna Bullusen ikerketa dago. Polibinil azetatoa (hau da, xantano goma) –eskuarki horrekin egiten dira txikleak– material berri bihurtzea lortu du diseinatzaile gazteak: Gum-Tec (marka erregistratua). Elastomero-mota bat da (polimero elastikoa), objektu asko eta asko egiteko erabil daitekeena: zapatilak, uretako botak eta beste produktu asko. 

  • Txikle-hondakin gehiegi egotea borrokatzeko ekimen-adibide bat baino ez dira Gumshoe oinetakoak. Hain zuzen, “I love Amsterdam” erakundearen (Holandako hiriaren garapen turistiko iraunkorra zaintzen duen marka), Explicity moda-markaren eta Gumdrop enpresaren arteko lankidetzari esker sortu dira oinetakoak. Azken enpresa hori Anna Bullusek sortutakoa da, eta bertan aritzen da elkarlanean Gumbuddy, txikleak berariazko edukiontzietan biltzeaz arduratzen baita. 

Bilketa hori baldintza ezin hobeetan egin behar da, ordea. Aintzat hartu behar da Gumshoeren zoru bakoitzak txikle birziklatuen %20 duela, gutxi gorabehera txikle-kilogramo bat lau pare oinetakoko. “Birziklatze-prozesu hau iraunkorra izan dadin, txikle asko behar da. Jeneralean, ordea, hondakin-mota hau ohiko zakarrontzi edo edukiontzietara botatzen da eta horrek zaildu egiten du ondoren erabili ahal izatea”.

Hori dela-eta, askok eskatzen dute berariazko edukiontzien erabilera orokortzeko, haietara txikleak bota eta, hartara, berrerabiltzea errazteko. Izan ere, Britainia Handian eta Holandan gero eta ohikoagoa da hondakin-mota honetarako berariazko ontziak ikustea. Haiei esker, eta bai txikleak zuzen nola bota behar diren jakinarazten duten publizitate-kanpainei esker ere, kaleetan txikleen hondakinen %25 eta %40 artean murriztea lortu da.

Murrizte horrek, era berean, kaleetan txikleen hondakinak garbitzeko kostua minimizatzea ere ekarri du. Arlo horretan eskumenak dituzten mundu osoko agintariak kezkatzen dituen arazoa da, ohartzen baitira hondakin horiek kentzeko orain arteko sistemak –erratza, ur-baldeak edo lanbasa erabilita garbitzea– ez direla nahikoak.

Zenbait hirik, besteak beste, Singapurrek, txikleak erabiltzea debekatzen dute zuzenean, baldin eta kontsumoa ez bada terapeutikoa. Beste hiri batzuek, hala nola Erromak eta Parisek, neurri hertsagarrien bidez egiten dute haien kontrako borroka, besteak beste, isunak jarrita, haiek garbitzeak eragiten duen kostu handiarengatik (16 zentimo eta 3 euro artean txikle bakoitzeko).

Beste alde batetik, txikle-hondakinek arazoak eragiten dituzte ingurumenean, haiek egiteko erabiltzen diren polimero artifizialek, kasurik onenean, bost urte inguru behar baitituzte desagertzeko. 

Arazo horiei aurre egiteko, Mexikoko Txikle Partzuergoak (Consorcio Chiclero de México, txikleak ekoitzi eta banatzen dituzten 56 kooperatiba hartzen ditu barnean) chizca kontsumitzea proposatzen du, %100 naturala eta biodegradagarria dela dioen zertifikatua duen lehen txiklea. Espainian, Cádizko enpresa batek banatzen du. 

Ez da mota honetako ekimen bakarra. Britainia Handian ere –herrialde honetan bereziki kontzientziatuta daude arazoaren gainean– badute txikle biodegradagarrien marka bat, Simply Gum, Iceland etxeko merkataritza-guneetan aurki daitekeena. Etxe horrek aurretik merkatu-azterlan bat egin zuen txikleen kontsumoari buruz eta datuek agerian utzi zuten Britainia Handian urtean kontsumitzen diren 100.000 tona txikleetatik %95ek hirietako kaleak kutsatzen amaitzen dutela.

Zenbait artistak, adibidez, Maurizio Savini sormena eta irudimena baliatzen dute, hondakin hauen arazoen kontzientzia harrarazteko. Dena den, Amsterdam edo Britainia Handiko adibideek erakusten diguten moduan, badirudi kontzientzia hartzea eta berariazko edukiontziak eskura izatea neurri ona dela gure hirietako kaleak kutsatu eta itsusten dituzten hondakin hauek ekiditeko.

Foto: Karina Miranda en Unsplash

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.