Posted

10 aholku birziklapena hobetzeko gure eguneroko bizimoduan

Gehiago birziklatu ala gutxiago kontsumitu? Duela 15 urte, Unesco etxeak erabaki zuen Birziklapenaren Mundu Egun bat edukitzea garrantzitsua zela herritarrak jakitun izateko gutxiago kontsumitzearen garrantziaz (MURRIZTU), ondasunak gehiago baliatzearenaz (BERRERABILI) eta hondakin bakoitza dagokion moduan tratatzeaz, haietako bakoitzaren birziklapen-portzentajea handitzeaz gain (BIRZIKLATU). Geroztik, egun hori urtero ospatzen da maiatzaren 17an.

- -

2005az geroztik –Birziklapenaren Mundu Eguna lehen aldiz ospatu zen urtea– orain arte birziklapenaren portzentajeak handitu egin dira, baina oraindik ez dira nahikoak (2005ean %31,4koa zen eta 2018an %36koa)  Europaren eskakizunak betetzeko.

Europan, urtean batez beste 500 kilogramo sortzen dira pertsonako eta hondakin horien %40 baino ez dira berrerabiltzen edo birziklatzen. Nahiz eta legeriak, lehen batean, 2020rako hondakinen %50 murriztu eta birziklatzera behartzen zuen, argi dago azkenean ez dela lortuko helburu hori, horretan lanean ari bagara ere. 

Enpresa ekoizleek gero eta presenteago dute baliabideen erabilera murriztu beharra, eta gizartea ekoizpen eta kontsumo iraunkorragoak eskatzen hasita dago.  

Hori da bidea, baina oraindik ere ibilbide luzea dago egiteko. Horregatik, hemen aholku batzuk partekatu  nahi ditugu, egin beharreko zeharkaldia pitin bat azkarragoa izan dadin.  

Murriztu. Ezer erosi aurretik, galdetu lehenbizi zeure buruari benetan behar duzun!

1. Ontziak edo erabili eta botatzeko produktuak murriztu. Gauzatu ahal diren ekintzen zerrenda amaigabea da: dela solteko produktuak kontsumitzea aukeratzea, dela gero errazago birziklatu ahal diren materialetan ontziratuta dauden produktuak aukeratzea, besteak beste, paperean, kartoian edo beiran. 

2. Jan-edanak eralgitzea murriztea, behar duguna bakarrik erosita, elikagaiak kontserbatzea eta prestatzea zainduta, janari-hondarrak aprobetxatuta errezeta berriak egiteko eta gai organikoak egoki kudeatzea hautatuta, dauden aukera ugarietako baten bidez: 5. edukiontzia, etxeko konpostajea, auzoko konpostajea…

3. Jatorri birziklatuko produktuen alde agertzea lehentasunez. Hartara, naturatik material berriak erauzteko beharra eta/edo haiek prozesatzeko baliabide energetikoak bideratzekoa murrizten dugu. 

4. Ingurumenarekiko errespetuzkoagoak diren eta bizitza baliagarri luzeagoa duten materialak hautatzea. Prezio apaleko produktuak ekidin. Adibidez, iraunkortasun luzeagoko eta errendimendu hobeko ehun-materialak aukeratzen baditugu, ehun-gaiak ekoiztea gutxitzen dugu eta, batik bat, ezin erabilizkoa delako zaborretara botatzen dugun arropa-kantitatea.

Berrerabili. Gehiago egin eta gutxiago erosi

5. Ehun-baliabideak berrerabiltzeko moduak bilatu bota baino lehen. Bihur itzazu trapu, erabil itzazu eskulanak egiteko, opariak biltzeko… Ideiaren bat behar baduzu, hemen dituzu batzuk.  

6. Aukeratu objektuak konpontzea. Ahal den guztietan, eta ekonomikoki bideragarria denean, hobe da objektuen bizitza baliagarria luzatzea aukeratzea. 

7. Kopiatu hondakinak berrerabiltzeko jardunbide egokiak. Dena birtuala bihurtu den honetan, sareak baliabide ezin hobeak ematen dizkigu ideiak izateko.  Pinterest, webguneak, adibidez, el-recetario.net, edo pertsonak, adibidez, 2ndfunniestthing, erreferenteak dira zeregin horretarako. 

Birziklatu. Hondakina izatetik baliabide izatera

Erabiltzen ditugun material gehienak birziklatu ahal dira. Hori dela-eta,

8. Hondakinak botatzean, edukiontzi egokian botatzen ari garela ziurtatu behar dugu.

9. Zalantzarik izanez gero, haiek argitzea errazten duten tresnetara jo behar da, esate baterako, AIRE bilatzailera edo Iruñerriko Mankomunitateak duenera.

10. Hondakinak bereizi eta birziklatzeko plantak bisitatzea gomendagarria da. Instalazio horietara joateak, batetik, hondakinak tratatzeko prozesuetara hurbiltzen gaitu, eta, bestetik, haiek birziklatzearen onura sozioekonomikoetara eta ingurumenekoetara. 

Gauzatzen errazak diren aholkuak dira, eta ziur asko baliagarriak izango dira sortzen ditugun hondakin guztien berreskuratze-portzentajea pixkana handitzen joateko.

Ilustrazioa: EcoblogMCP

Argazki: Paweł Czerwiński en Unsplash

Iturriak: https://ec.europa.eu/spain/news/20190318_Recycling-is-the-future-we-do-it-in-the-EU_es 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.