Posted

Birziklapen maratoiak

“Birziklapen maratoiak” hitzak irakurri dituzunean burura etorri zaizun lehen irudia, beharbada, elkartasunezko arrazoiren batengatik edo birziklatzearekin lotutako kontzientzia harrarazteko arrazoiren batengatik lasterrean dabiltzan milaka korrikalariena izango zen. Maratoi hauek, ordea, ez dute zerikusirik kirol proba zorrotz eta zailekin. Oso ezaugarri desberdinetako topaketak dira, eta haietan hondakinak birziklatu eta berrerabiltzea aitzakia da pertsona asko eta asko biltzeko.

- - - -

Birziklapen maratoi batean, parte-hartzaileek denbora mugatua dute jarduera bat egiteko: estilismo berri bat sortzea arropa erabilitik abiatuta, beirazko botilen kopuru ahalik eta handiena biltzea, artelan bat sortzea, ahalik eta hondakin kantitate handiena bereizteko gai izatea, eta abar.

ZER DEN BIRZIKLAPEN MARATOI BAT
Parte-hartzaileek denbora mugatua dute jarduera bat egiteko.
Parte hartzeko lekuak mugatuta daude (15 izen-emate, taldeen eta norbanakoen artean, Dexailles fundazioaren kasuan).
Emaitza balioztatzeko bere originaltasuna hartzen da kontuan, erabilitako materialarekiko sentiberatasuna, birsortzeko aukera, zenbateraino dagoen amaituta eta nola, edo erabilgarritasun kontuak.

Maratoi hauek gauzatzen dituzten erakundeak adina mota daude. Haietako bat Altrapo Lab da, ehuna birziklatzeko laborategi bat, ehunak sormenez birziklatzeko maratoia antolatzen duena. Bi eguneko topaketa bat izaten da, eta haren inguruan birziklatzearekin, berrerabiltzearekin eta modaren ohiko kontsumoak izan ditzakeen alternatibekin edo aukerekin lotutako hainbat ekimen eta jarduera antolatzen dira, modarena planeta osoko industria kutsatzaileenetako bat baita. ‘Jantzi berdeena jada existitzen dena da’ (Yvon Chouinard) lelopean, zortzi sortzailek zuzenean diseinatu eta egiten dute upcycling-eko jantzi bat (ehunen sormenezko birziklapena), jada erabiltzen ez diren mendiko jantzietatik abiatuta. Topaketa honen bidez, sormena, esperimentazioa eta parte-hartzea sustatu nahi da, mota guztietako publikoarentzako jardueren inguruan.

BIRZIKLAPEN MARATOI BATEN XEDEAK HAUEK DIRA:
Hondakinei aurrea hartzea eta haiek berrerabiltzea bultzatzea.
Gaikako bilketaren gaineko kontzientzia hartzea handitzea.
Sormenezko gune bat eta ekodiseinua edo diseinu ekologikoa sustatzekoa sortzea.
CO2-ko igorpenak murrizten laguntzea.
Ingurumen kultura sortzea.
Talentua eta trebetasuna erakustea.

Aipamena izan dugun lehen birziklapen maratoietako bat duela 20 urte egin zen, Bartzelonan, eta Drap-Arteko jardueren ernamuina izan zen. Drap-Art, hain zuzen, birziklatzearen gaineko munduko sormenezko topaketa nagusietako bat da. Geroztik gaiak ugaritu egin dira: hondakinen maratoi orokorra, beira birziklatzekoa, ehunak birziklatzekoa, eta bai beste ekimen batzuk ere, besteak beste, Dexailles fundazioarena, tamaina handiko gauzakiekin maratoiak egitea planteatzen ari dena, altzariekin eta abarrekin.

BIRZIKLAPEN MARATOI MOTAK
Gai bakar baten ingurukoa: ehunak, beira, artea (adibidez, Reinnova la roba)
Iraupen itxia dutenak: egun bat edo bi (adibidez, Alarmarte)
Denbora aldi luzeago batean egitekoak edo eremu geografiko batean zabaldutakoak
Elkartasunezkoak
Sormenezkoak
Aldarrikatzekoak

Konplexutasuna, beharrezkoak diren azpiegiturei dagokienez, eta arriskuen prebentzioa hura abian jartzea atzeratzen ari dira, baina ez dugu zalantzarik laster egingo duela aurrera. Dexaillesen kasuan, bere maratoiak ez daude herritarrei irekiak, baizik eta sortzaile kopuru batera mugatzen dira. Bi egunean presiopean egiten dute lan, sormenezko diseinua lortzeko eta bai diseinu praktikoa ere. Fundazioko ingurumen teknikari María Suauk ondokoa dio horren gainean: “Epaimahai tekniko eta profesional batek balioesten ditu diseinuak. Epaimahai horrek sorkariaren estiloa balioesten du eta bai egunero erabili ahal izateko ematen duen aukera eta, joan den urteaz geroztik, sorkarian erabili den materialaren erabilera edo aprobetxamendu maximoa. Egintza hori ustekabean sortu zen. Parte-hartzaileetako batek, maratoia amaitutakoan, diseinuaren oinetan sobera gelditu zitzaizkion ehun hondakinak utzi zituen. Bitxikeria gisa sortu zena, une honetan, balio handiko alderdia iruditzen zaigu sortutako diseinua aukeratzeko orduan”.

Ekimen hauetan inplikatzen diren erakundeen motak ere askotarikoak izaten dira. Ideia hartu ahal izateko adibideak bilatzeko egindako saiakeran, besteak beste, hauek aurkitu ditugu: hotelen kate bat, jarduera honen bidez hornitzaileen eta/edo laguntzaileen artean ingurumen kultura handitzea bilatzen zuena, eta Kolonbiako erakunde bat, ingurumen arloko 120 sustatzaileren babesarekin, mota honetako topaketak beira biltzeko 12 gune antolatzeko baliatu zituena. Haietan, 6.000 parte-hartzaileren baino gehiagoren inplikazioa lortu zuen. Edozein aitzakia da egokia.

Azken helburua da, Altrapo Labek esan digun moduan, hondakinak ikusgai jartzea, kontsumorako alternatibak edo aukerak praktikan jartzea, eta sormenera eta trebetasunak berreskuratzera irekita dauden guneak sortzea, botatzen dugun guztiaren gaineko kontzientzia hartzeaz gain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.