Anna Luten Amsterdam hiriko bizikletaren lehen alkatea aipatzen entzun genuen lehen aldian, logikoa iruditu zitzaigun 813.000 biztanle eta gutxi gorabehera 800.000 bizikleta dituen hiri batek halako kargua edukitzea, bere helburua hiriko txirrindularitza babestu, sustatu eta lasterragotzea baita. Ez dugu ahaztu behar Holandako hiri honetan –beste batzuetan bezala, besteak beste, Utrecht eta Groningan– bizikletak hartzen duela hiriko toki handiena, biztanleak baino bizikleta gehiago dagoen herrialde batean.
Ekimen bitxi honen jatorria CycleSpace erakundearen programa bat da, mundu osoko hirietan txirrindularitzaren aurrerabidea lasterragotzea helburu duena, ez kirol moduan, baizik eta lekualdatzeko era iraunkor moduan.
Xedea sinplea da: mila milioi pertsona bizikletaz ibiltzea lortzea. Eta hori lortzeko, garraiobide honi ezaguna izan daitekeen erreferentziazko figura bat gehitzea bururatu zaie: bizikletaren alkatea. Alkatetza kargu hori ez dute herritarrek aukeratzen, baina edozein botere politikotatik independentea da.
Oraingoz, eta mundu osoan, bizikletaren bi alkatetza baino ez daude, biak ala biak emakumeen esku: Anna Luten Amsterdamen eta Sarah Imm Sydneyn. Badirudi Mexiko Hiria izango dela mundu osoan bizikletaren alkatea edukiko duen hurrengo hiria, hautagai onena aukeratzeko prozesuan baitago, garraiobide gisa bizikleta erabiltzeko gero eta hiritar gehiago konbentzitzeko eta hiria hiritar horientzat eremu atseginago edo adiskidetsuago bihurtzeko helburuarekin.
CycleSpace erakundearen asmoa da “bizikletaren alkatea” kontzeptua mundu osoko 25 hiritara esportatzea. Oraingoz, Johannesburgok, Lurmutur Hiriak, Beijingek, Chicagok eta Varsoviak azaldu dute horretarako interesa.
ANNA LUTEN, AMSTERDAMGO BIZIKLETAREN ALKATEA
28 urte ditu eta bizikleten marka bateko marketin sailean egiten du lan. 2016ko ekainean aukeratu zuen agintari publikoen eta txirrindulari buruen talde batek. Bizikletak ematen duen askatasun sentipenaz konbentzitu nahi ditu Amsterdamgo hiritarrak, eta urtebeteko agintaldirako hiru lehentasun hauek ditu:
– Bizikleta erabiltzeak dituen alde onak sinetsaraztea gazteenei.
– Txirrindularitzako modu guztietan (bidaiatzekoa, gurasoak haurrekin, mezularitzako bizikletak, bizikleta elektrikoak, aisia, turismoa…) segurtasuna bermatzeko lan egitea.
– Bizikleta mugikortasun publikoko programetan sartzea, beste garraiobide bat den heinean.
Bizikleta hiriko eremuetan garatzea geldiarazten duen arazo nagusietako bat, hain zuzen ere, garraiobide horrek beste batzuekin duen bizikidetza zaila da, bereziki, autoekin eta oinezkoekin. Eragozpen hori ongi ezagutzen dute Amsterdamen, bertan bizikletak arazoa ere bai baitira; zehazki, duela 40 urte inguru asko eta asko daudelako.
Annak berak duela gutxi hitz hauek adierazi zizkion Britainia Handiko hedabide bati: “Nahiz eta denok Amsterdamgo bizikleten irudi estereotipatua dugun, erabiltzaileek edozein zubitan uztea ez zaie batere atsegin hiritar gehienei eta agintariei. Gure egitekoa da sortzen diren gatazkak arintzeko lan egitea eta dugun ezagutza esportatzea”. Hori da, hain zuzen, munduko bizikletaren lehen alkatearen zereginetako bat: hiri batean bizikletaren erabileran parte hartzen duten edo erabilera horretaz “hitz egiteko” interesa duten pertsona guztien artean kontaktua edo lotura izatea, eta hirien egoera aztertzeko, ideiak partekatzeko, konponbideak proposatzeko eta garraiobide ekologiko eta iraunkor hau hedatzea errazten duten aukerak irudikatzeko aukera emango duen mundu mailako sare bat sortzea.
Annak nabarmendu du bizikletaz ibiltzeak, trebetasunaz gain, lekualdatzeko eta aparkatzeko azpiegiturak eta arauak ere eskatzen dituela. Horri guztiari modelo elektriko berriak gehitu behar zaizkio, lastertasun handiagoak lortzeko aukera ematen dutenak (eta, hortaz, haiekin arazo berriak), eta bai hirigintzako garapenerako eredu berriak ere, herritarrak hiriguneetatik aldentzen dituztenak. Amsterdam hirian, hiriko bidaien %68 egiten dira bizikletaz, baina, hala ere, azpiegituren %11 baino ez dagozkio bizikletari. Autoentzat, ordea, azpiegituren %44 dira. Hartara, Anna Lutenen lana da, batetik, bi gurpilen alde onak sustatzea, eta, bestetik, hasiera batean hirian ezaguna eta balioetsia den garraiobide baten eskubideen alde borrokatzea.
SARAH IMM, SYDNEYKO BIZIKLETAREN ALKATEA
Joan den martxoaz geroztik, Sarah Imm Sydneyko bizikletaren alkatea da. Hiri horretan, bizikleta ez da garraiobide estimatuenetako bat. Immen asmo handiena da Sydneyko txirrindulari guztiak batzea, masa sozial zabalago bat sortu eta, hartara, tokiko gobernuarekin elkarrizketa hobea ezartzeko helburuarekin. Xede nagusien artean hauek nabarmendu behar dira:
– Gizentasunaren arazoen aurka borrokatzea, txirrindularitza bultzatzearen bidez.
– Bizikleten mugimenduaren gainean herri iritzia aldatzea.
– Erreferentziazko ahots bihurtzea.
Mila milioi pertsona bizikleta gainean. Edozein hiri edo gizarte ingurunetara zabalduta dagoen erronka da. Animatzen zara parte hartzera? Programaren webgunean hari atxikitzeko moduak eta bizikletaz ibiltzeari buruzko dokumentuak aurkituko dituzu.
Utzi erantzuna