Posted

Turismo iraunkorra: zertaz ari gara zehazki?

Etiopiako etnia interesgarrienekin harremana eduki ahal izateko ibilbidea, elkartasunezko bidaiak planetako edozein tokitara, bidaiak familian beste kultura batzuetako jendearekin esperientziak bizitzeko, janari-mota desberdinak jatea, bizimodu desberdinak ikusi eta ikastea, edo mendi ibilaldiak oinez edo bizikletaz egiteko ibilbide berri batez gozatzea. Turismo iraunkorrak bidaiatzeko modu eta estilo asko eskaintzen ditu, ingurunea errespetatzen duten eta jardunbide iraunkor eta solidarioen alde egiten duten esperientzia berriak bilatzen dituzten pertsonen artean jarraitzaileak erakartzen ari direnak.

- - -

Turismo iraunkorra hainbat jarrera edo jokaera arduratsu izan eta gauzatzetik harago doa.

Turismo iraunkorra egitea ingurumena eta tokian tokiko kulturak errespetatzea da, hartzen gaituzten komunitateek turismoko garapenaren benetako protagonistak izan behar dutela aitortuta. Ez du ohikoena den hondartzako eta eguzkia hartzeko turismoaren antz handirik eta oraindik ere mugimendu desberdina da, baina ez gutxienena, izan ere, gero eta jende gehiagok egiten baitu denboraldi bakoitzean handitzen doan eskaintza honen alde.

Proposamen iraunkorren aukera zabalean, komunitateei diru-iturri osagarria eta beren bizimoduarekin koherentea dena bermatuko dieten ingurune-jarduerak sustatzen dira, eta, batez ere, harrera-komunitateen eta bidaiarien arteko eragin-trukea laguntzen duen esperientzia-mota bat.

Agrotravel Turismo Sostenible enpresako kide Susana Condek adierazten duenez, “bidaiak herri eta kultura desberdinen arteko lotunea eta ulermenerako bitartekoa izan behar du”. Soil-soilik hala izan liteke esperientzia aberasgarria bai bisitariarentzat bai eta bisita hartzen duenarentzat ere.

EcoMind Travel bidaia alternatiboen eta iraunkorren direktorioaren arabera, mota honetako esperientziek herrialde bakoitzaren edertasuna aurkitzen lagundu behar diote bidaiatzen duen pertsonari, modu iraunkor eta errespetuzkoan, eta herrialde horrek beti irakats dakioke zerbait eta pertsona moduan eraldatzen lagundu diezaioke.

Taranna bidaia-agentzia ere iritzi berekoa da. Agentzia horrek 25 urte daramatza aukera berriak eskaintzen arduraz bidaiatzen duten pertsonentzat. Bidaiak kontinente guztietan; neurrira egindako bidaiak edo gaikako bidaiak, oinarrizko zenbait funts betetzeko diseinatutakoak beti: tokian tokiko ekonomia sustatzea; toki bakoitzeko kulturan arreta jartzea, ondarea eta sukaldaritza zainduta, beste adierazpen batzuen artean; gizarte-proiektuetan parte hartzea errazten duten edo elkartasunean oinarritzen diren esperientziak ekartzea.

Jende askok uste du bidaiatzeko modu honen alde egiteak erosotasunari edo dibertsioari uko egitea dakarrela, baina, Tarannaren webgunean nonahi dauden iruzkinak ikusirik, badirudi, behin bidaian murgilduta, bezeroek ahaztu egiten dutela ostatuak eduki behar duen izar kopurua eta gogoz saiatzen direla dena ikusteko asmoan eta esperientzia guztien bizipena optimizatzeko denbora izateko asmoan.

Adituen hitzak eta mundu osoko berotegi-efektuko gasen igorpenen %8ren arduraduna turismoa dela aintzat hartuta (Nature Climate Change), beharbada, komenigarria litzateke pitin bat gehiago baloratzea hemen aurkezten diren proposamenak oporren, joan-etorrien edo atsedenaldien plangintzak egiterakoan.

Argazki: Niv Rozenberg y Mukiibi John Elijah

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.