Posted

Edalontziaren ondoren, baxera berrerabilgarria etorri da

Aurtengo udan, ideia berritzaile bat jarri da abian Nafarroan, jai edo sukaldaritza ekitaldi baten ondoren ohikoak diren hondakin plastikoak murriztu ahal izateko. Erabili eta botatzekoak diren produktuen kontrako borroka –2020an debekatuko dira behin betiko– ekimen interesgarriak uzten hasi da mundu osoan, erabili eta botatzekoa den baxeraren erabilera gure ohituretatik ateratzeko.

- - - - -

“Etxean, hondakinak eurek kudeatu behar izateko ardura onartzen dute pertsonek, baina ekitaldietan jendea lasaitu egiten da eta ardura hori antolatzaileen esku uzteko joera du”. Hitz horiek Rachelle Duffyk esandakoak dira, Australiako ekitaldi enpresa baten arduradunak. Joan den urteko ekainean, enpresa horretan, beren ekitaldi eta azoketan, platerak alokatzeko sistema bat ezartzen hasi ziren, atoi batean muntatuta, janaria saltzen duten foodtruck ezagunen antzeko batean.

Egokitutako gune horrek hiru metroko luzera du, oinarrizko argiak, ur beroa izateko galdara bat, hustubide sistema bat eta esterilizagailu bat ontziak garbitzeko. Ekimen bitxi horren estreinaldian, 25.000 pertsonak izan zuten eskura erabilgarri jarri ziren 1.000 plateretako edozein. Zehazki, 2 dolarreko prezioa zuten, eta behin ekitaldia amaitutakoan itzuli egin zitekeen diru hori. Emaitza: ekitaldiko hondakinen bilketa %80 murriztu zen eta bertaratutakoek izan zuten onarpenak sustatzaileak ere harritu zituen.

The Exchange platerak eta ontzi-garbigailu komertziala alokatzeko sistema, gurpil gainekoa. Sistemak debuta egin zuen The Little Big Marketsen, Mount Maunganuin (Zeelanda Berria). Foto: Scott Boardman Collective

Nafarroan, sistema pitin bat desberdina da, erakunde publiko baten mende baitago, Nafarroako Gobernuaren Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Sustatzeko Bulegoaren mende, hain zuzen. Toskazko 2.000 sorta oso (plater lauak eta sakonak, entsalada-ontziak, ura eta ardoa zerbitzatzeko pitxerrak, azpil sakonak, altzairu herdoilgaitzezko mahai-tresnak eta plastiko gogorrezko edalontziak) jartzen dira udalen, mankomunitateen, taldeen eta sukaldaritzako ekitaldi bat antolatu nahi duen zeinahiren esku, webgune baten bidez.

Sorta bakoitzeko kostua bi eurotik beherakoa da eta baxera eraman behar den tokira dagoen distantziaren arabera aldatzen da. Gainera, Australiako sisteman ez bezala, garbiketa a posteriori egiten da, irabazteko asmorik ez duen eta lan munduan txertatzeko den enpresa batean.

Ekimena urria arte egongo da abian, eta, horrenbestez ez dago behin betiko emaitzarik. Edonola ere, emaitza partzialek adierazten dute sorten eskaera kopurua positiboa dela (kalkulatzen denaren arabera, 13.000 lagunetik gora izango dira udaren amaierarako sistema honi onura aterako diotenak), eta herritarren artean izan duen onarpena, handia.

Ekimenaren arduradun Oscar Rubiok aitortu duenez, “erabiltzaileek esaten dute ez duela inolako zerikusirik plastikozko plater batean jateak edo toskazko batean egiteak”.

Erabili eta botatzeko edo erabilera bakarreko objektuen kontrako borroka, eta sortzen dituzten hondakinen aurkakoa, areagotu egin da azken urteetan, bereziki jai edo sukaldaritza ekitaldi handietan. Hasiera batean, erabili eta botatzekoa zen edalontziaren ordez edalontzi berrerabilgarria baliatzean jarri zen arreta, baina azken hilabeteetan, plastikoa oso modu desberdinetan erabiltzeko duen moldagarritasunarengatik material zoragarria izatetik ‘non grato’ elementua izatera igaro da.

Erabili eta botatzeko baxerak, lastotxoek, txotx kotoidunek eta abarrek azkena begien bistan dute, Europak 2019an jarri baitu haiek debekatzeko epea, Europako hauteskundeen aurretik. “Plastikoa material zoragarria izan daiteke, baina askoz ere era arduratsuagoan erabili behar dugu”, adierazi zuen duela gutxi Frans Timmermansek, Europar Batasuneko Garapen Iraunkorreko arduradunak.

Egun, kalkulatzen da europarrok 25 milioi tona plastiko baino gehiago sortzen ditugula urtean, baina %30 baino ez direla iristen birziklatzeko katera. Itsasertzeko eta itsasoko hondakinen %70, neurri handi batean, erabili eta botatzekoak edo erabilera bakarrekoak diren elementuek osatzen dituzte.

Kopuru kezkagarriak dira, hainbat neurriren bidez geldiarazi nahi direnak, hala nola ekoitzi eta merkaturatzeko debekua, alternatiba merkeak eta eskuragarriak daudenean; erabili eta botatzekoak diren materialak iraunkorragoak diren beste batzuekin ordeztea; haiek kudeatu eta garbitzeko kostuak ekoizleek ordaindu behar izatea; eta gure ohituretan plastikoak erabiltzea murrizteko sentsibilizazio neurriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.