Posted

Ura, aldaketaren motorra Turkanan (Kenya)

Ur-hornidura berri bakoitza mugarri gertatzen da herri baten historian; halako une liluragarri bat. Oro har, ahalegin handiak egin behar izaten dira, bai eta akordio handiak ere, ur-hornidura ziurtatzeko, eta ura darionean, handizki ospatzen da. Ez da gutxiagorako ere. Uraren etorrera jaia da eta halaxe izan behar du. (David Alegría Suescun). *

- - - -

Halako harrera egin diote ur-ekarpen jarraitu eta kalitatekoari Turkanan (Kenya). Erdi-basamortukoa den lurralde bat da Turkana, Kenyaren iparraldean dagoena, bertan urtean hiruzpalau alditan egiten du euria eta turkana tribua bizi da.

XXI. mende bete-betean egon arren, herritar horien bizimodua erabat baldintzatzen du ura eskuragarri izate zailak: bizi-itxaropena 47 urtekoa da, haurren heriotza-tasa oso handia da, neska-mutikoak desnutrizio-egoera neurritsu edo larrian daude; ez da lurra lantzen, urik ez dagoelako; gizonak artzainak dira eta egunak ematen dituzte animaliekin jana eta edana bilatzen; duela bi urte arte emakumeek eta haurrek hogei bat kilometro egin behar izaten zituzten ura putzuetan hondeatzeko; familiek –batez beste bederatzi kide izaten dituzte– haur bat baino ez dute aukeratzen eskolara joateko, gainerakoek artzaintzan eta etxean laguntzen aritu behar baitute; herritarren %82k ez dute heziketa-mailarik; eta abar.

Urak herri baten bizimodua alda dezake

Baina “Gosearen aurkako ekintza integrala Kokuseleiko hiru komunitatetan, Ipar Turkanan, Kenyan” proiektuari esker, turkana herri horren bizimodua errotik aldatzen ari da. Zehazki, Eguesibar, Burlata eta Barañaingo udalek, Iruñerriko Mankomunitateak eta Lankidetza Funtseko 100 udalerri nafarrek baino gehiagok finantzatzen dute proiektua.

Ura hasiera baino ez da izango. Ur-hornidura ona garrantzi handikoa izango da bizitzarako, osasunerako, heziketarako, elikadurarako, herritarren higienerako eta turkana tribuaren garapen-prozesurako. Ura eskuragarri erraz izateak 6.000 pertsonaren baino gehiagoren bizimodua aldaraziko du, eta orain eta etorkizun duinagoa ziurtatuko du denentzat.

Rode Fundazioa ari da proiektua garatzen Nafarroatik, Ipar Turkanan duen tokiko kontrapartearekin batera, San Pablo Apostolua Komunitate Misiolariarekin. Hiru urteko iraupena izango du, eta lau arlo hauetan jarriko du arreta.

1.- Azpiegiturak

Duela urte batzuk, turkana tribuak ibai lehorren uberketan hondeatzen lortzen zuen ura. Emakumeek eta neska-mutikoek 10 eta 20 kilometro artean egin behar zituzten oinez, haietara iristeko. Azken urteetan, putzu bat zulatu da komunitate bakoitzean eskuzko ponpa batekin, eta horrek edateko ona den ura eskuratzeko bidea ematen du. Baina oraindik hobetu egin behar da ponpatzea, goseari eta osasun-arazoei irtenbidea emango dieten garapen-jarduerak abiarazteko.Proiektuari esker, iturria irekitzea nahikoa izango da. Eguzki-ponpak ari dira instalatzen, kanalizazioak putzuetatik sukalde, dutxa eta baratze komunitario berrietara, zenbait pertsonak ura aldi berean hartzeko aukera emango duten kanilak dituzten iturriak, eta askak animalientzat.

Hiru komunitateetako bakoitzean (Ngameriek, Alagama eta Ekurruchanai), gainera, sutegi ekologikoa duen sukalde bat, biltegi bat, eta dutxa eta komunak dituen gela-itzal bat (haurrentzat toki higieniko bat ziurtatzeko) eraikiko dira.

Azpiegitura horiekin uraren arazoari irtenbideak eman nahi zaizkio, eragin handiak izanez beste arlo batzuetan.

2.- Nekazaritza

Turkana herriak ez du lurra lantzen. Hartara, erabateko erronka da berentzat, lursail-motarengatik, lehorteengatik eta ez dakitelako nola jardun.Proiektuari esker, ura etengabe duten guneak abiapuntu hartuta, herritarrek eskala txikiko nekazaritza ezagutu eta praktikatzea lortu da. Gazteak nekazaritzaz ikasten ari dira, gero beren komunitateetan irakasteko eta beren baratzeak abiarazteko. Jada kuia, alberjinia, kuiatxoak, erremolatxa, tomateak, angurria, artoa, basartoa eta abar lantzen dituzte baratze komunitarioetan, eta horrek elikagaiak eta bitaminak ekartzen ditu turkana familien elikadurarako.

3.- Elikadura

Haurrek desnutrizio larria eta kronikoa dute, beren dieta desegokia eta urria delako. Egunean behin jaten dute edo zenbait egun igarotzen dituzte elikagairik ahoratu gabe, eta beren elikaduraren oinarria animalien esnea eta odola da.

Proiektuari esker, haurrek elikadura-zerbitzu egonkorra dute eta horrek ahalbidetzen die egunean bi otordu izatea, artoa, babarrunak, basartoa, soja, azukrea, olioa, gatza eta baratze komunitarioetako produktuak oinarri dituztenak. Jan-edanak komunitate bakoitzean biltegiratzen dira, eta amen batzordea arduratzen da haiek prestatu eta banatzeaz haur bakoitzari, bazterketarik gabe eta arreta berezia jarrita desnutrizioa duten haiengan. Sei urtetik beherakoek jan ahal izatea eta arreta duintasunez ematea bermatzen da.

4.- Osasuna

Haur-desnutrizioaren eraginak beren bizitza osoan pairatzen dituzte haurrek, eta, ondorioz, beren komunitateei ere eragiten diete. Gaixotasunak izan eta garatzeko joera izaten dute, eta, gainera, ikasteko duten gaitasuna murriztu egiten da.

Proiektuari esker, komunitate bakoitzean gela-itzal bat eraikitzeak aukera ematen die haurrei toki higieniko batean jateko, lurretik eta harrietatik urrun, eta baldintza meteorologiko gogor eta beroetatik babestuta. Egintza soil horrek eskuak garbi eduki eta beherakoak saihesteko bidea ematen die. Gainera, klinika mugikor batek bisita egiten du hilean behin komunitate bakoitzera eta arreta ematen die gaixoei, bereziki sei urtetik beherakoei, haurdunei eta edoskitzen ari direnei, eta bereziki lantzen du malaria eta tuberkulosia prebenitu eta identifikatzea.

Azken batean, proiektuak lortu nahi du haurren bizi-baldintzak hobetzea, inguruan duen ingurunearekiko oso zaurgarria eta ahula den talde bat baita eta, aldi berean, gaitasun eta ahalmen handia duen biztanleria. Bizitzako lehen urteetan estimulazio, elikadura eta osasun ona izanda garapen osasuntsua ziurtatzen da, hazten jarraitzea eta beren garapenaren eta beren komunitateen garapenaren ardura duten helduak bihurtzea ahalbidetuko diena.

Ura hasiera baino ez da izango, baina beren geroaren oinarria da.

*David Alegría Suescunen “Iruñerriko ur-hornidura mendez mende” liburuko aipamena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.