Posted

Hirietan berdea hedatzen ari da zementuaren aurrean

Hirietako hirigintza-proiektuek gero eta gehiago biltzen dituzte ‘berdeak’ garrantzia duen eraikuntza-proiektuak: berdeguneak dituzten eraikinak, horma berdeak, baratze bertikalak, lorategi jangarriak…

- - -

Duela gutxi La Vanguardia egunkariko magazinak esperimentu txiki bat egin zuen Bartzelonako Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleekin. Hautatutako taldeek hiru ordu zituzten XXI. mendearen erdialdeko hiri bat irudikatzeko. Egin zituzten hirigintzako proposamenetan, denak bat etorri ziren elementu batean: berdean eta, horrenbestez, natura hiriko paisaian sartzean. Ez da ezustekoa; gero eta gehiago baitira ‘berdeak’ garrantzia hartzen duen eraikuntza-proiektuak.

Txinan, baso-hiri bat eraikitzen ari dira, 30.000 lagunentzat, gutxi gorabehera ehun espezie desberdinetako milioi bat landare eta 40.000 zuhaitz dituena. Europan eta Latinoamerikan, tamaina erraldoia duten lorategi bertikalen alde egiten ari dira, mundu mailako erreferentziak dituen Espainiako enpresa batek sustatuta. Parisen, 2016an, lege bat onartu zuten hiriko azalera berdea handitzea lortzeko, hormetan, fatxadetan eta teilatu lau edo zabaltza partikularretan eraikitako lorategien bidez.

Horiek guztiak adibide deigarriak dira, toki publikoak edo pribatuak hartzen dituzten zuhaitzez eta naturaz hitz egiten digutenak; eskuarki hutsik egoten diren guneak baratze komunitario bihurtzen dituztenak, besteak beste, eraikinetako teilatuak; natura-baliabideak ahalik eta gehiena baliatzen dituztenak, adibidez, ura, haizea eta eguzkia, hartzen dituzten eraikinei energia emateko.

‘Berdea’ egungo hirigintzan sartzeko modu asko dago, eta gero eta gehiago modan dagoen jardunbidea da, batez ere dituen onurengatik.

BERDEAREN ONURAK

THEB1M.COM hirigintzako proiektuei zabalkundea ematean espezialista den onlineplataformak adierazten duenez, landareek eta zuhaitzek, hirigintza-ingurune atsegin, osasungarri eta iraunkorragoa sortzen laguntzeaz gain, onura fisiko eta psikologiko ugari ekartzen dituzte. Adibidez, kutsadura murrizten dute, estresari aurre egiten laguntzen dute eta ospitale-inguruneetan dauden gaixoak suspertzea laguntzen dute.

Gainera, jartzen diren inguruneetako tenperatura hozten dute. Halaber, itzala ematen dute, eta eguzki-argia eta etxebizitzen barnealdeko beroa kontrolatzen laguntzen dute. THEB1M.COM plataformak bildutako azterlanen arabera, eraikin baten barnean parke txiki bat sartzeak gune horretako tenperaturak zazpi gradu zentigradu ere hoztu ditzake. Era bereran, sabai berdea jartzeak lau gradu baino gehiago hoztu dezake eraikinaren tenperatura. Izan ere, kalkulatzen denez, hiri-eremu oso batek mota horretako sabaiak edukiko balitu, bertako tenperatura osoa zazpi gradu hoztuko litzateke.

Egin klik hemen, eraikin berdeen katalogo ikusgarrienetako bat ikusteko. 

Ez da harritzekoa, horrenbestez, hiri-inguruneetan zuhaitzak eta landareak sartzea izatea eraikinak edo azpiegitura bioklimatikoak diseinatu eta sortzean arkitektoek eta ingeniariek gero eta aintzakoago duten ekintzetako bat. Azken helburua da herritarren bizi-kalitatea eta ahituta dagoen natura batekin duten harremana hobetzea.

Hartara, gure hirien eraldaketa dugu aurrez aurre. Zenbat eta naturak hartutako gune gehiago izan eta eraikitzean natura-baliabideak gehiago zaindu, zenbat eta energiaren, uraren eta beste baliabide batzuen erabilera eraginkorragoa egin eta energia berriztagarriak gehiago hartu kontuan, eta zenbat eta gehiago sartu kutsaduraren kontrako neurriak eta hondakinak murriztearen aldekoak, orduan eta berdeagoak izango dira hiriak.

Argazki: Ricardo Gomez Angel y chuttersnap. Unsplash

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.