Posted

Loop, badirudi posible izango dela hondakinik gabe erostea

Aldaketa garrantzitsuak heldu dira erosteko moduan, gutxienez Parisen eta New Yorken. Arrazoia: Loop, Ameriketako Estatu Batuetako TerraCycle birziklatze-enpresak sortutako plataforma, mundu osoko 25 kontsumo-enpresa handi, UPS garraio-enpresa eta Suez (Frantziako taldea, nagusiki uren tratamenduaren eta hondakinen kudeaketaren arloetan jarduten duena) batzen dituena. Plataforma hori, hain zuzen, erabilera bakarreko bilgarrien aurka borrokatzeko sortu da, eta bai kontsumitzaileei ingurumen-onura esanguratsuak eskainiko dizkien erosketa zirkularraren eredu bat eskaintzeko ere.

- -

Gogoan al dituzu dendara betetzeko eramaten genituen sifoi-botilak edo esne-botilak? Orain, pentsa ezazu, produktu horiez gain, garbiketa pertsonalerako edo etxekorako beste produktu batzuekin, kakaoarekin, jogurtekin eta abarrekin beste ontzi berrerabilgarri batzuk betetzeko aukera izango genukeela. Erabili egingo genituzke eta, behin kontsumituta, enpresa ekoizleetako bakoitzera bere ontzia itzuliko genuke, han garbitu eta berriro erabili edo betetzeko. 

Gaingiroki azalduta, hori da Loop, Interneteko erosketa zirkularreko plataforma handi bat, Parisen eta New Yorken abian jartzeko zorian dagoena eta beste hiri eta kontinente batzuetara 2019 eta 2020 artean iristeko asmoa duena. 

Helburua da munduko kontsumo-produktu ezagunenen erabilera bakarreko ontziek eragindako hondakinak amaitzea eta, gainera, eskuragaitasunari eustea, erosotasuna hobetzea eta erabili eta botatzeko gauzak bizi-ziklo zirkular batera itzultzea, berrerabiltzearen edo birziklatzearen bidez.

Sistema hau sortzeko, inplikatuta dauden enpresek inbertsio asko eta handiak egin dituzte produktu bakoitzerako ontzi iraunkorrak diseinatu, probatu eta egiaztatzeko. Hartara, Loopeko bezeroek bilgarri iraunkorrak, berrerabilgarriak edo erabat birziklagarriak jasoko dituzte, besteak beste, beirekin, nahasturekin edo aleazioekin eta ingeniaritzako plastikoekin egindakoak

Marka edo etxe bakoitza bere ontzi berrerabilgarriak pertsonalizatzen aritu da. Bidaltzeko kanpoko edukiontzia ere diseinu-berrikuntzaren zatia da. Bidaltzeko pakete batek erabilera bakarreko kaxak behar izatea amaituko du eta kontsumitzaileei konponbide dotorea eskainiko die, hondakina murrizteko. UPS enpresako kide batzuek azaldu dutenez, enpresako proben laborategiak pakete bakoitza diseinatu eta pertsonalizatzen lagundu du, azkenean pakete horiek iraunkorrak, fidagarriak eta erakargarriak izan daitezen. “Loopek ontzien hondakinak ezabatuko ditu, baina, gainera, neurri handi batean hobetu egingo du produktuaren eta bere erosketaren esperientzia”, adierazi zuen Tom Szakyk, TerraCycle enpresako lehen exekutiboak, Loop aurkeztu zuenean Davosko Munduko Foro Ekonomikoan. 

TerraCycle enpresaz gain, kontsumoko produktuen beste enpresa batzuek ere bat egin dute Loop sistemarekin. Zehazki, ezagunenen artean hauek daude: Procter & Gamble, Nestlé, PepsiCo, Unilever, The Body Shop, Mondelēz International, Danone eta BIC. UPS, bere aldetik, Loop enkarguak garraiatzeaz arduratuko den enpresa izango da. 

Banatzeko sistema eta produktuak emateko era hau ingurumenerako kaltegarria ez ote den zalantzan jartzen duten ahotsak asko dira, ordea. Loopek erantzun du, hain zuzen, UPS enpresarengan jarri dela uste osoa erregai alternatiboak (mundu osoan, 10.000 ibilgailu elektriko baino gehiago ditu edo gas natural konprimatua erabiltzen dutenak) erabiltzen dituzten ibilgailuetan enpresa liderra delako eta beren ibilbideak hobeki ezartzeko sistema teknologikoak eta Big Datakoak erabiltzen dituelako, hartara, kilometro gutxiago egiteko eta beren jardunean aireratzen dituzten berotegi-efektuko gasen igorpenak gutxiago izateko (100.000 tona metriko urtean, azterlanen arabera). 

Loop asmo handiko proiektua da. Mundu osoko etxe handiak batzea lortu du. Orain, erosleen artean eta enpresa ekoizle gehienen artean onarpena baduen ikustea besterik ez da gelditzen. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.