Posted

Vik Muniz: hondakinek eta material naturalek markatutako lana

Blog honetako erredakzio-taldeak duela pare bat urte ezagutu zuen Vik Muniz, Waste Land dokumentalaren bidez. Dokumental horrengatik, hain zuzen, Oscar sari baterako izendatuta egon zen, eta munduko hondakindegi handienetako batean zabor-biltzaileekin batera egindako lana kontatzen zuen bertan. Duela gutxi, artista honekin Nafarroako Unibertsitatea Museoan eskola magistral bat partekatzeko zortea izan dugu, eta hartan, argazkiz argazki, bere ibilbide profesionala eta bere lanean baliatzen dituen sorkuntza-prozesuak azaltzen joan zen. Prozesu horietan, hain zuzen, hondakinak eta material naturalak funtsezko elementuak izaten dira.

-

Vik Munizen ibilbide profesionalak zenbait mugarri ditu, markatu egin dutenak. Haietako bat, zehazki, Waste Landdokumentala izan zen. Dokumentala egiteko, hiru urtean aritu zen lanean besoz beso Rio de Janeiroko hondakindegi handienetako batean zaborra biltzen zuten pertsonekin. Emaitzak izan ziren konposizioak, margolan historikoen kontzeptu artistikoak hondakinez inguratutako benetako pertsonaiekin nahasten dituztenak, oso ezagunak dira eta munduko museorik garrantzitsuenetako batzuetan erakutsi izan dira.  

Vik Munizek tradizionalki material ezohikoak eta harrigarriak erabili izan ditu erretratuak, paisaiak eta natura hilak sortzeko, eta gero argazkiak egin izan dizkie eta ohi ez bezalako irudi bakanak lortu ditu. “Argazki bat izatea espero duzuna ez da halakoa, eta objektu bat izatea espero duzuna irudi fotografiko bat da”, aitortu zuen egileak 300 pertsona ingururen aurrean. Hartara, itxura batean tinta marroiarekin margotutako erretratua dela dirudien zerbait txokolatez egindako marrazki bat da; edo grabatuaren teknikarekin egindako paisaia bat dela dirudien zerbait paisaia baten itxura izateko eskuztatutako milaka metro harirekin egindako konposizio baten argazki bat da egiatan.  

Nahiz eta batzuetan ilusionista gisa aurkezten duten, berak ziurtatzen du ez duela publikoa engainatzeko asmorik; bere sinesmenekin, bizipenekin edo esperientziekin bat datozen sentipenak eragiteko nahia besterik ez baitu. Material desberdinekin jolastea atsegin du: papera, kolore-pigmentuak, alanbreak eta bai paisaia ere, non Land Arteko zenbait ekintza egin duen (paisaia eta artelana estu lotzen dituen arte garaikideko joera). Material bakoitzarekin teknika berriak edo egiteko modu berriak inprobisatzen ditu, objektuaren dimentsio sinbolikora transzenditzeko xedearekin. 

Denok botatzen ditugun materialetan ere inspirazioa eta edertasuna ikusten du Vik Munizek. Adierazi izan du eBayn eskuratzen dituela pertsonek saltzen dituzten argazki zahar guztiak. Haietan, haurtxoen aurpegiak aurkitzen ditu, maisutasun handiarekin, pare bat urte zueneko bere erretratu bat eratzeko aukera ematen diotenak. Edo munduan zehar bidaiatzen duten emakumeen irudiak aurkitzen ditu eta haiekin opor-atsedenaldi batez gozatzen ari den neska gazte baten irudia berreraikitzen du. 

Inoiz ez zuen buruan izan artista bihurtzea. Oso argi du maxima hau: “Bat-bateko ideia on bat artelan txar bat da”. Izan ere, bere iritziz, artea prozesu bat da eta artelan onenak nork bere ideiak, esperientziak eta bizipenak pilatzetik sortzen dira edo lan bakoitzean laguntzen dioten pertsonekiko harremanetik. Artistak historiako posiziorik erabakigarrienetako batean daudela uste du, bide berriak zabaltzeko eta haiekin buru berriak zabaltzeko duten boterearengatik.  

Horren guztiaren adibide adierazgarria Pictures of garbaje(Zaborren pinturak) bere lana da. Bi urtean argazkiak egiten aritu zen zabor-biltzaileak ziren pertsona helduei eta haurrei, margolan enblematikoetako figurak balira bezala: GuercinorenAtlas,Maraten Heriotza lanetakoak.  Gero, eskala handiko lanak egin zituen, eta haietan, giza irudiez gain, hondakindegiko hondakinak jarri zituen. Proiektu hori Waste Landfilmean dokumentatu zuen, 2010ean, hirietako pobreziari buruzko kontzientzia harrarazteko saiakera batean. Vik Munizek harro aitortzen du lan hari esker Brasilgo gizarteak “zabor-biltzaile” lanak egiten dituzten pertsonen gainean duen ikuspegia aldatu ahal izan zuela, lan horri balio handiagoa emanez.  

Orain, bere lana bide berriak hartzen ari da, arte kontzeptualerantz joanez eta material arruntekin egindako irudietatik aldentzen. Denbora gutxi barru Iruñean bertan ikusteko aukera izango dugu. Hurrengo urtean, hain zuzen, Nafarroako Unibertsitatea Museoak Munizen lanaren erakusketa bat hartuko du. Bien bitartean, haren webgunean ezagutzera animatu nahi zaituztegu.  

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.