Memoria-ariketa labur bat proposatu nahi dizuegu: uraren zikloa azaltzeko tradizionalki erabili izan den marrazki horietako bat gogora ekartzea.
Litekeena da gogora ekartzean itsasoa eta hodeiak agertzea, ura lurrundu delako sortu diren hodeiak. Gero, hodei horiek barnealderantz joaten ziren eta urez husten ziren mendi baten gainean. Mendi horretan ibai bat sortzen zen, eta, mendian beherantz joatean, belardi berdeak ureztatzen zituen itsasoraino iritsi bitartean. Eta han, berriro hasten zen zikloa.
Baliteke Lurrean ura eraldatu eta zirkulatzeko prozesua azaltzeko oso modu sinplea izatea, baina, ziur asko, ez zitzaizun ezezaguna izango. Eta, hain zuzen, hidrologiaren arloko nazioarteko adituen talde batek hor ikusi du arazoa eta alarma piztu.
Irudi horien arabera, ez genuke inoiz arazorik izan beharko urarekin, ez genuke haren faltarik izan beharko, baina klima-aldaketa eta ura kutsatuta egotea milaka milioi pertsonarentzat eta mundu osoko ekosistema askotarako ur-krisiak sortu dituzten arrazoi nagusietako bi dira.
Ikertzaile horien arabera, gizakiok uraren zikloan dugun eginkizuna eta hartan nola eragiten dugun sartu beharko litzateke irudi horietan. “Klima-aldaketa, gizakion kontsumoa eta lurzorua erabiltzean izan diren aldaketak alde batera uztean, ulertze- eta hautemate-arrakala handiak ari gara sortzen herritarren edo publikoaren eta bai zenbait zientzialariren artean ere”, aitortu du David Hannah irakasleak, Uraren Zientzietako Unesco katedrak Birminghamgo Unibertsitatean.
Zientzialari-talde horren ustez, uraren zikloaren diagramak –beren iritziz, elementu nagusia da uraren zientzian– gizakion erabilera garaikideak eta elementu horren gaineko eraginak sartzea eskatzen du, uraren berehalako mundu-krisiaren gaineko gure kontzientzia murrizten duten itxaropen faltsuak ez sortze aldera. Hori dela-eta, adierazten dute diagrama horiek eguneratu egin behar direla, uraren zikloak XXI. mendean nola funtzionatzen duen jasotzen duen informazio zehatzagoa eta sofistikatuagoa erabilita.
Ondorio horretara iristeko, testuliburuetan, literatura zientifikoan eta bertsio digitaletan jasotako uraren zikloko 450 diagrama baino gehiago aztertu dituzte. Azterlanen arabera, diagrama horien ehuneko 85ek ez zuten erakusten gizakion eragin-trukerik uraren zikloarekin, nahiz eta une honetan gizakiok ur gezaz egiten dugun jabetzea ibai baten deskarga globalaren erdiaren baliokidea den. Halaber, irudien ehuneko 2tan baino ez zen nolabaiteko aipamena egiten uraren zikloaren eta klima-aldaketaren edo uraren kutsaduraren artean dagoen erlazioaren gainean.
Eta hori ez dator bat errealitatearekin; izan ere, kontua baita gizakiok ura kontsumitzen, erabiltzen eta, askotan, alferrik galtzen edo gaizki erabiltzen dugula. Eta, bestalde, natura-baliabide hori gero eta urriagoa da eta, askotan, gainera, gero eta kutsatuagoa.
Hori dela-eta, Brigham Young unibertsitateko, Michigango Estatu Unibertsitateko, Erresuma Batuko Birminghamgo Unibertsitateko adituen taldeak, Ameriketako Estatu Batuetako, Frantziako, Kanadako, Suitzako eta Suediako bazkideekin batera, diagrama berriak egin ditu, hainbat elementu hartzen dituztenak barne, besteak beste, glaziarretako izotza urtzea, lurzoruaren erabileran egin diren aldaketek eragindako kalteak, kutsadura eta itsasoaren maila handitzea.
Brigham Young unibertsitateko Ben Abbott irakasleak ondokoa gaineratu du gaiari buruz: “Uraren zikloari buruzko marrazki hobeek ez dute konponduko eurek bakarrik uraren mundu-krisia, baina uraren toki-erabilerak, kudeaketa txar batek eta klima-aldaketak ondorio globalak dituztela jabetzeko kontzientzia hobetzeko balioko dute”.
Iturria: Birminghamgo Unibertsitateko
Nature Geosciences aldizkarian argitara emandako azterlana eskuratzeko (iruzkin gehigarria du Nature aldizkarian), jo lotura honetara
Utzi erantzuna