Posted

Prezio apaleko zenbat elastiko dituzu armairuan? Kontzientzia harraraztea ikasgeletatik

Nerabezaroan, kezka handia eragiten digun alderdia da itxura. Dena den, itxura hori, sarritan, gehiegizko kontsumoaren formei lotuta dago. Nafarroako Mendillorri auzoko Bigarren Hezkuntzako Institutuko iraunkortasun-taldea arazo horren jakitun da, eta ikasleekin lantzen aritu da arropa eta osagarriak kontsumitzeko alternatibak.

- - -

Mikroserie bat, ikasle bakoitzaren armairuetan gordeta dauden arropen eta osagarrien analisia, Emausko Trapuketarien zentrora bisita bat egitea eta trukerako azoka bat antolatzea izan dira ikasleen kontzientzietan eragina izaten saiatzeko jarduera giltzarriak. “Hau bezalako proiektuak oso beharrezkoak eta eraginkorrak dira, baina inplikazio pertsonal handia eta gure denbora urritik asko eskaintzea eskatzen dute”, aitortu du Begoña Izquierdok. Izquierdo da proiektuaren arduraduna eta berak egin digu arreta, Nafarroako Mendillorri auzoko Bigarren Hezkuntzako Institutuan bizi izan duten esperientziaren berri emateko.  

Anniken, Frida eta Ludwig Norvegiako hiru gazte influencerdira. Kanbodian hilabete batez bizitzeko aukera izan zuten, mendebaldarrok prezio merkeetan kontsumitzen ditugun jantzietako asko ekoizten dituzten ehungintzako langileen bizi- eta lan-baldintzak bertatik bertara ezagutzen. Han ikusi eta esperimentatu zutenak –“Moda barata de la muerte” mikroseriean ikus daiteke– beren bizitzak aldatu zituen eta orain Mendillorriko ikasleengana iritsi da.

“Mikroserieak hunkitu egin zituen, batik bat sentiberenak. Uste dut inoiz ez zirela aritu hausnartzen bost euroko elastiko bat erosi aurretiko prozesuaren gainean. Gero, beren armairuetan begiratzean, uste dut asko harritu egin zirela. Ez ziren kontziente zeukaten arropa-kantitateaz, eta, batez ere, pilatu eta pilatu eta erabiltzen ez zutenaz. Gaizki sentitu ziren. Horixe izan zen etxean zituzten eta jada erabiltzen ez zituzten jantziekin eta objektuekin truke-azoka antolatzea abiarazi zuena”, azaldu du Izquierdok

Institutuko kide guztiak inplikatu ziren arropa eta beste objektu batzuk, adibidez, liburuak, osagarriak, imitaziozko bitxiak eta abar eman eta trukatzeko. “Azoka antolatu aurretik, dibulgazio-lana egin zen. 4. DBHko ikasleek prestatu zuten, zientzien arlokoek, eta asmoa izan zen gauzak eramatean arduraz jokatu beharraz ohartaraztea. Behin eta berriz esan zuten azokak ez zuela izan behar etxeetan sobera zegoenaren biltegia. Horregatik, leloa hau zen: ez ekarri zuk eramango ez zenukeena”

Gauzak biltzeko, hautatzeko eta azoka muntatzen laguntzeko irakasle boluntarioen inplikazioa handia izan zen, eta horrek gehiago adoretu zituen ikasleak. Proiektuak, gainera, Iruñerriko Mankomunitateko ingurumen-heziketako programaren laguntza izan zuen. Bakoitzak, bere jarduera, zeregin eta ardurekin, oso aberasgarria eta pasadizoz betetako zeharkako esperientzia bat sortzen lagundu zuen.

DBHko 4. mailako ikasleek, teknologiakoek arroparen pertxetarako esekitoki batzuk diseinatu zituzten: bertikalki kokatutako bi mahai ziren, hankak elkartuta zituztenak.

“DBHko 1. mailako ikasleak Emausko Trapuketarien instalazioetara joan ziren. Aurretik, ordea, beren armairuak aztertu zituzten, eta erabiltzen zituzten eta, nahiz eta ongi egon, hilabeteak edo urteak gordeta zeramatzaten jantziak zenbatu zituzten. DBHko 4. mailako ikasleek, teknologiakoek, bere aldetik, arroparen pertxetarako esekitoki batzuk diseinatu zituzten: bertikalki kokatutako bi mahai ziren, hankak elkartuta zituztenak. Ideia ona iruditu zitzaigun jada bagenuena berrerabiltzea. Baita gazteak sarri joaten diren denda handietako bati pertxak eskatzea ere. D ereduko Batxilergoko 1. mailako ikasle neskek, biologia eta geologia ikasten dutenek, irakaslearekin batera parte hartu zuten, eta azoka muntatu eta apaindu zuten. Azkenik, Iruñerriko Mankomunitateak iragartzeko panelak, mahai-zapiak eta erakusmahai batzuk utzi zizkigun”

Orain, nondik norakoak aztertzeko unea iritsi da. Inplikatu diren irakasleek uste dute ikastetxean programatutako ekintzak sostengua izan direla gogoeta egiteko eta, gutxienez zati batean, erosteko ohiturak aldatzeko pizgarria. “Gure iritziz, oro har, ikasleen kontzientziazio-maila handitu da, batez ere, gehien inplikatu diren taldeetan. Arroparen bizitza luzatzea, bigarren aukera bat ematea, gutxiago erostea, arropa hori egiten den lantegietan lan egiten duten pertsonen baldintzen gainean hausnartzea, eta abar. Gainera, gogoeta egin ez duenak, gutxienez, jakin-mina sentitu du, eta, azokako objektu erakargarrien bidez, kontsumitzeko beste modu bat badagoela ohartu da. Horrenbestez, jarduera oso ontzat jo behar dugu”, ondorioztatu du Begoña Izquierdok.

Heziketaren bidez ohiturak aldaraz daitezkeela eta kontzientziak esna daitezkeela erakusten duen beste adibide bat da hau. 

Argazkiak: IES Mendillorri

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.