COVID-19 gaitzarengatiko larrialdiak ekarri du txikiok eta helduok etxean gelditu behar izatea. Familia osoa eta egun osoan, eta, beraz, ohi baino hondakin gehiago ari gara sortzen: papera eta kartoia, plastikoa, potoak eta metalak, tetrabrikak, beira eta, jakina, gai organikoak. Hortaz, kalera material berria erostera joan ezin garen egun hauetan, hondakin horiek berrerabiltzea proposatzen dizuegu eskulanak egiteko.
Sakelakorako euskarria
Komuneko papera protagonista bihurtu da pandemia honetan. Eta, hortaz, gehien-gehienok paper-bilkari bat edo bi izango ditugu hutsik etxean, sakelako telefonoa uzteko eta beti toki jakinean edukitzeko euskarri bat egiteko oso modu errazean.
Behar dugun materiala: bilkaria, eta papera, apaintzeko. Etxean paper-mota bat baino gehiago badugu, erabili egingo ditugu, eta, bestela, aldizkarietatik, publizitatea egiteko eskupaperetatik… har dezakegu. Apaintzeko, txintxeta batzuk erabil ditzakegu.
Kableak antolatzekoa
Ez badugu behar sakelako telefonorako euskarri bat, eskulan berbera erabil dezakegu etxeko kableak eroso eta erraz antolatzeko.
Kartoizko gazteluak
Kartoizko bilkariak gaztelu eder bat egiteko ere erabil ditzakegu. Gainera, egiteko behar ditugun gauza guztiak etxean bertan izaten ditugu: gaileten kaxa baten kartoia, komuneko paperaren bilkariak eta, teilatuak egiteko, edozein motatako papera.
Arkatzak gordetzekoa
Orain, materiala aldatuko dugu eta kartoiaren ordez plastikoa erabiliko dugu. Behar dugun materiala: leungarriaren edo xaboiaren plastikozko edozein ontzi, errotuladore iraunkorra edo papera, ontzia apaintzeko, cutterra edo guraizeak, eta azazkaletako esmaltea.
Artzain-jokoa tapoiekin
Behar dugun materiala: kartoia, plastikozko tapoiak, papera apaintzeko (oparitarako papera edo aldizkarietakoa izan daiteke), liburuetako azala edo forroa (baldin badugu), itsasgarria, guraizeak…
Denetik gordetzeko kaxa
Marrubiak edo fruta saltzeko erabili ohi dituzten kaxak berrerabili egin ditzakegu: margotu, apaindu… eta gero eskolako materiala logelan gordetzeko erabili.
Brik-katua
Tetrabrik bat hartu, etxean daukagun edozein paper jarrita estali edo, gainerakoan, margotu. Tapoia katuaren sudurra egiteko erabiliko dugu. Biboteak, begiak eta ahoa margotuko dizkiogu, eta kito!
Tapoiekin
Marraztu kartoi batean nahi duzuna, ebaki eta apaindu, gero, kolore desberdinetako tapoiak itsatsita.
Ikusten duzunez, aukerak asko eta asko dira… Has gaitezen lanean eta ongi pasatzen!
Utzi erantzuna