Badakizu jostailuen industria aldatzen ari dela eta gero eta gehiago ari dela egiten naturarekiko errespetuzkoak diren produktuen alde? Izan ere, 2019an, Jostailuen Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak, urteko jostailu onenak aitortzeko sarien artean, lehen aldiz kategoria berezi bat sartu zuen, jostailu iraunkorrenei aitortza egiteko.
Jostailu iraunkorrak garatzean eta merkaturatzean egun ardaztuta dauden enpresen gutxi gorabeherako erretratu robot bat egin behar bagenu, enpresa sortu berriak eta liderrak pertsona gazteak dituztenak aurkituko genituzke, besteak beste, diseinuaren, jostailuaren eta hezkuntzaren sektoreetatik heldu diren liderrak dauzkatenak. Eta jostailu iraunkorrean bertan jarriko bagenu arreta, beren diseinu soilak ikusiko genituzke, ia minimalistak, oinarrizko tindu eta koloreekin, eta, garrantzitsuena, material birziklatuekin edo birziklagarriekin eginak: baso iraunkorretako egurra, kartoia, kortxoa…
Joera-aldaketa hau hobeki ulertu eta ezagutzeko, Silvia Burdaspar Uriz eta María Velasco Albenizengana jo dugu. Bi andereño nafar dira, amak, lagunak eta, gainera, beren enpresa sortu dute, Ukitu izenekoa. Bertan, jostailua dibertitzeko eta ikasteko elementua izateaz gain, etxeko txikien ingurumen-kontzientzia garatzeko elementua ere bada.
Naturarekin kontaktua izateari garrantzi handia ematen dioten joera pedagogikoen prestakuntza hartutakoak dira, besteak beste, Montessori, Waldorf, Reggio Emilia eta Emi Pikler joerenak, eta bi ekintzaile hauek “jostailu osasungarri” berrien bilaketan ikertzen jarraitzen dute, “haiekin transmititu nahi dena naturarekin dugun konexio zuzena baita eta hura zaindu eta errespetatzearen garrantzian hezi nahi baitugu”.
Horretarako, aitortu dute iparraldeko herrialdeetako jostailu-industrian jarri dutela arreta handia, Finlandiakoan, Danimarkakoan eta bai Alemaniakoan ere. Hangoak dira ehun urteak dituzten Brio eta Haba markak, besteak beste, jostailu iraunkorrak egiten daukaten tradizioarengatik aski ezagunak. Beren hornitzaileetako batzuk, gainera, herrialde horietakoak dira. “Naturari garrantzi handia ematen dioten kulturak dira, eta ikaskuntzaren oinarri moduan esperimentatzean arreta handia jartzen duten hezkuntza-metodologiak erabiltzen dituzte”, aitortu dute. Nafarroan, ordea, material iraunkorrak eta modu jasangarrian egindako jostailuak saltzeko sareko bizpahiru dendatara mugatzen da sektorea: “Oso gutxi gara. Eta oraindik oso zaila egiten zaigu artisau nafarrekin harremanetan jartzea”.
Hala eta guztiz ere, ez dute inolako zalantzarik jostailuaren kontzeptu berriarekin bat egiteko, material jasangarriekin egindakoa, plastikorik gabe, toxikorik gabe, eta oso iraunkorra eta gogorra dena. Kontzeptu hori gero eta zabalduago dago, baina, hala ere, eta dituen onurak gorabehera, bidean oztopo handi bat aurkitzen du: helduon irudimen eskasa.
Izan ere, mota honetako jostailuak askotan ez daude definituta, Silviak eta Maríak azaldu digutenaren arabera. “Ez dute jarraibiderik izaten, eta beren itxura sinplea da. Adibidez, koloretako oholtxo edo arku batzuk, tamaina desberdinetakoak, bata bestearen azpian sartzen direnak eta ortzadarra eratzen dutenak. Helduon buruan, zaila egiten zaigu hori jostailu moduan ikustea, ez ikustea zurezko oholtxo makotu soil bat, eta ez haurrek ikusten duten surf-taula, zubia, zabua, margotzeko mahaia edo txirrista. Gidatzen ez duten jostailuak dira, baina bai inspiratzen dutenak, irudimena estimulatuta eta haurrei hazten lagunduta, beren erritmo ebolutiboa errespetatuta”.
Sustapena da merkatu hasiberri honetan gainditu beharreko beste oztopoetako bat. Nahiz eta jostailuen industria gero eta pauso gehiago ematen ari den mota honetako jostailuen bidean, oraindik ez du tarte masiborik lortu telebistako iragarkietan. Horren aurrean, sare sozialak, sareko salmenta eta topaketak familiekin enpresa berrien marketineko ohiko jardunbideak bihurtu dira, eta publikoari produktura hurbiltzea, ikustea, ukitzea eta, jakina, jolastea ahalbidetzen diote. Azken batean, mota honetako jostailuek naturarekin duten konexio zuzenarekin eta dauzkaten onura ludiko eta pedagogikoekin trebatzea.
Azkenik, nabarmendu behar da oraindik ez dela erraza aurkitzea, era masiboan, mota honetako jostailuak garatzen dituzten artisauak edo enpresak, batik bat batzuentzako eta besteentzako eskuragarritasun- eta errentagarritasun-gaiengatik. “Gure jostailuen materialak hemen egitea eta kalitatekoak izatea nahi genuen –gogora ekarri dute Silviak eta Maríak–. Baina material horiek ez dira errazak aurkitzen ez eta eskuraerrazak denontzat”.
Hala ere, katalogo bat egitea lortu dute, eta bertan ehun bat proposamen daude, adinera egokituak, bilatutako jostailu-motara edo material-motara, eta joera sakon sartzen doa. Eta beraiek bezala, gero eta gehiago dira jostailu iraunkorren bildumak sortzea lortzen duten fabrikatzaileak.
Gainera, badirudi gizarteak gero eta interes eta kezka handiagoa duela jostailuekiko, eta plastikozkoak diren eta jarraibide hertsiak dituzten klasikoen alternatibak bilatzen dituela. Material jasangarriak gero eta leku eta protagonismo handiagoa hartzen ari dira, eta bai zentzumenetan eta irudimenean oinarrituta dagoen hezkuntzaren kontzeptu berria ere.
Joan den urtean, esate baterako, jostailu iraunkorraren kategorian, urteko jostailu onena peluxe bat izan zen, Ecoluche izenekoa, Beysal jostailu-enpresarena. Itsas animalien bilduma bat zen, eta beren betegarria itsasora botatako botilen plastikoekin eginda zegoen.
Beharbada, urte batzuk barru ez da beharrezkoa izango kategoria hori zehaztea jostailuen sarietan, haietako gehienak iraunkorrak izango direlako. Agian, zailtasunak gorabehera eta ingurumen-sentsibilizazioari eta -kontzientziazioari esker, mota honetako jostailuak onartuak izango dira merkatuan eta ohiko bihurtuko dira.
Argazkiak: Ukitu Juguetes
Utzi erantzuna