Bainugelarako produktu sanitarioetan Europako espezialista den Geberit etxeak hau gogorarazten digu: “Hain egunerokoa, ohikoa eta askotan hain axolagabea den keinu batek, komuneko ponpari tiratzeak, egunean 33 litro ur edangarri erabiltzea dakar batez beste etxebizitza bakoitzeko. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera eguneko kontsumoaren bostena komunetik behera joaten dela”.
Hori dela-eta, berriro ere Juanjo Iriarte Emausko Trapuketarien arteko “esku-trebearengana” jo dugu, bideo labur batean motxila erako komunetan ur-emaria erregulatzen erakuts diezagun eta, hartara, gehiegizko kontsumoa saihestu dezagun.
KOMUNETAKO TANGAN EGIN LITEZKEENAK
Jeneralean txikiak izan arren, komuneko tangan kontuan hartu beharreko hiru gailu egoten dira.
– Deskargarako botoiak. Zure komunak botoi bikoitza badu, horrek esan nahi du estuena sakatuta gutxi gorabehera zabalena sakatuz gero kontsumituko duzunaren erdia erabiliko duzula.
– Tangak betetzeko mekanismoak. Juanjo Iriartek gomendatzen digu hiru modutara eragiteko mekanismo honen buiaren edo flotagailuaren gainean, tangaren antzinatasunaren arabera.
– Buia zaharretakoa bada, haga batek eutsitako zilindro-forma duena, hura beherantz tolestu besterik ez duzu egin beharko, tangaren betetze maximoa markatzen duen flotagailua ukitzean ur-maila murrizteko.
– Buia torloju baten mende badago, hari eragin beharko diozu, pitin bat irekiz, betetze-mekanismoa erregulatzeko.
– Ez baduzu argi ikusten flotagailua, baizik eta hodi bat baduzu eta bertan pieza karratu bat ikusten bada, kortxo modukoa edo plastikozkoa, hari eragin beharko diozu. Beherantz edo gorantz biratu beharko duzu, zure tangako ura zein mailataraino iristea nahi duzun erregulatzeko.
– Tangaren barnealdea. Nork ez du entzun objektu astun bat edo plastikozko botila bat barnean sartzeko trukoa uraren maila gutxitzeko? Gure esku-trebea ez da neurri horren oso zalea, izan ere, objektua mugitzen edo gurutzatzen bada, komuna ez ibiltzea ekar baitezake. Dena den, neurri praktikoa iruditzen bazaizu, ziurta ezazu, botila bat sartzen baduzu, urez beteta dagoela eta, batez ere, ongi itxita.
8 litroko tanga baten ur-kontsumoaren erdia murriztuta, batez beste, 6.000 litro-ur aurreztu ahal izango lirateke urtean. Familia baten igerilekua betetzeko kantitate nahikoa, hain zuzen. Merezi du, ezta?
Eta zuk zein truko erabiltzen dituzu komunetako ur-kontsumoa gutxitzeko? Kontatu. Argitalpen hau sareetan partekatzera edo blogaren feed-ean edo gure buletinean harpidetzera gonbidatu nahi zaitugu.
Utzi erantzuna