Posted

Hiriko espazioen naturalizazioa

Badakizu hiriko gune bakoitzean, zementua edo espazioen urbanizazioa gorabehera, 30 edo 40 espezie natural daudela, zaindu edo babestuko bagenitu ingurune osasungarriagoa izatea ziurtatuko liguketenak? Zenbaitetan, berdegune garbi-garbiek ez dute benetan funtzionalak eta onuragarriak izatea ekarriko dieten florarik edo faunarik. Hiriko espazioen naturalizazioa Europako hainbat herrialdetan jada aplikatzen duten estrategia bat da. Orain gai honetan sartuko gara, espezialista den emakume baten eskutik.

- - -

Zenbait herrialdek, hala nola Alemaniak eta Frantziak, urte batzuen abantaila dute hiriko espazioen naturalizazioaren gaian. Gertu, Gasteiz eta Santander bezalako hirietan, haren aldeko apustua egitea erabaki dute, hiriko inguruneen landare-egitura sendotzeko eta, hartara, ingurunearen biodibertsitatea aberastea lortzeko helburuarekin. Iruñean, pauso herabe baina garrantzitsuak ematen hasi gara, eta haietako batzuetan Marion Stefanie Disenowski paisajista egon da inplikatuta. Beraz, harekin hitz egin dugu, jardunbide honen onuren berri izateko. 

Marion eskuarki ibiltzen zen oinez Iruñerriko Ibai Parkean, eta begiz jotzen zituen bere arreta bereziki erakartzen zuten zenbait lore-espezie: orkideak eta basa-azafraiak, besteak beste. Baina espezie horiek ebaki egiten ziren berdegunearen mantentze-lanak egiten ziren bakoitzean. Bere paisajista-lanarengatik bertako florari eusteak ekarri ahal izango lituzkeen onuren jakitun, mantentze-lan horien ardura duen erakundearekin, Iruñerriko Mankomunitatearekin, hitz egin zuen, flora hori babesteko zenbait jarduketa proposatzeko.  

Duela gutxi elkarrekin izan genuen solasaldian aitortu zuen moduan, bertako flora ehun animalia-espezie desberdin erakartzeko gauza da, landatutako espezieek erakartzen dituzten bosten aurrean, esate baterako, hain ohikoak diren bananondoek. Sei urtean, Mankomunitaterako lanean aritu da, Iruñerriko Ibai Parkearen mantentze- eta erabilera-lanen laguntzaile lanetan eta zenbait eremuren zainketa egin du boluntarioki. Aldi horren ondoren, lan garrantzitsua sortu du ezartzen jarraitzeko.

“Berdeguneen mantentzeari dagokionez, jarduketa-kanonak aldatu behar dira”, aitortu digu. “Zaila da, jada ezarrita dauden egiteko modu asko aldatu behar baitira, baina pixkana lortzen goaz, gai hauekiko gure kontzientzia ere aldatzen doalako”, azaldu digu Marionek.

Bertako biodibertsitatea errespetatzearen onurak intsektuen babesleku bihurtzetik harago doaz. “Egiaztatuta dago gune horiek egiten duten oxigeno-ekarpena ‘basamortu berde’ esaten zaienek egiten dutena baino handiagoa dela. Espazio naturalizatuak dituzten inguruneetan ere tenperatura-beheratzeak izaten dira eta, batez ere, “zapaltzeko modukoak” izaten jarraitzen dute, beharbada ez soropila bezain modu erosoan, baina bai denontzat osasungarriagoa den modu batean”, zehaztu du. 

Asko dira espazioak naturalizatzeko erabil daitezkeen formulak edo estrategiak: zabaltza berdeak edo lorategidunak, lorategi bertikalak, bertako espezieak landatzea, soropil naturalizatua erabiltzea, zuhaitzen txorkoak, eraikinen arteko guneak baliatzea, konpentsazio naturala eraikinen eraikitze berri bakoitzeanMarionen iritziz, “inguruak ongi aztertu behar dira, aukera arrazoizkoenak planteatzeko”.

Iruñea neurri txikiak baina garrantzitsuak hartzen joan da, adibidez, pestiziden erabilera kentzea lorategietan edo gune txikien naturalizazioa.

Iruñerriko Mankomunitatean, Uharteko Udalarekin elkarlanean arituta, gauzatu den azken jardueretako bat Areatzeko meandroa lehengoratzea izan da. 52.000 metro koadrotik gorako alderdia da, Uharte udalerrian dagoena, eta 2004an eta 2005ean bertako industrialde bat handitzeko obretatik zetozen materialak botatzeko gune izatetik aisiarako gune bihurtu da, ingurumen- eta paisaia-lehengoratze lan garrantzitsu bati esker.

Karmentxu Iñarreak, Mankomunitateko ingurumen-teknikariak, hau azaldu digu: “Andeatutako inguru izatetik inguru naturalizatua izatera igaro da, ekosistema bera pixkana aldatzen joango dena. Ez da ohiko atseden-gune bat.  Asko kosta den lana izan da, baina oso atsegina izan da”.

Gizakiontzat ez ezik, landare eta animalientzat ere onuragarriak diren habitatak sortzea da asmoa. Zuen ingurunean espazioen naturalizazioa egin den tokiren bat ezagutzen duzue? Konta iezaguzue, pixkana gai honen gaineko kontzientzia handiagoa sortzen joan gaitezen. Eta, jakina, sareetan partekatzera edo blogaren feedeanedo gure buletinean harpidetzera gonbidatu nahi zaitugu.

Argazkiak: Marion Stefanie Disenowski. Msd Paisajismo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.