Posted

Aspace Navarra para el Empleo fundazioa, lan-integraziorako bidaia

Garbitegia, Aspace Navarra para el Empleo fundazioak ematen duen zerbitzuetako bat da eta han lan egiten dutenentzat lan-integraziorako bidaia izatea nahi du. Bere bezeroetako asko industria-sektore desberdinetako enpresak dira, eta haien artean hotelak eta jatetxeak nabarmentzen dira, eta bai egoitzen sektorea eta farmazeutikoa ere.

- -

Aspace Navarra irabazteko asmorik gabeko erakundea da, garuneko paralisia eta kideko desgaitasunak zituzten seme-alabentzat aukerak bilatu nahi izan zituzten guraso batzuen kezkaren ondorioz sortua.

Horrenbestez, xede nagusia pertsona horien eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea da, irtenbideak emanez, beren eskubideen alde eginez eta gizartean aktiboki parte hartzea erraztuz. Hori lortzeko, familiak, profesionalak eta aldekoak direnak proiektuan partaide izaten saiatzen da erakundea, hartara, gizarte-normalizazio handiena lortzeko.

2003an, erakundearen barnean, bi fundazio sortu ziren. Bata Aspace Navarra Residencial da. Bere helburu nagusia da bizitegi-arloko, laguntza-arloko, hezkuntza bereziko, errehabilitazio anbulatorioko eta garuneko paralisia eta kideko desgaitasunak dituzten pertsonei harrera egiteko eta orientazioa emateko zentroak eta zerbitzuak kudeatzea. Bestea Aspace Navarra para el Empleo da, eta bere xede nagusia da lan-integrazioko ibilbide bat garatzea desgaitasuna duten pertsonentzat.

Garbitegia, hain zuzen, bigarren fundazio horrek ematen duen zerbitzuetako bat da. Bere bezeroetako asko industria-sektore desberdinetako enpresak dira, eta haien artean hotelak eta jatetxeak nabarmentzen dira, eta bai egoitzen sektorea eta farmazeutikoa ere.

Garbitegi horretan lan egiten duten 50 pertsonek edukitzen duten lan konplexu eta korapilatsuena izaten da garbitu beharreko jantziak erabiltzen dituzten pertsonek haien poltsikoetan ahaztuta uzten dituzten objektuak kentzea jantzi guztietatik. “Eta ez bakarrik lan gogaikarria delako –azaldu du David Usarrek, Fundazioaren zuzendariak–, baizik eta kasu batzuetan kalteak eragin dakizkielako arropa zikinaren hasierako hautaketa egiten duten pertsonei edo garbitegiko makineriari. Adibidez, argizaria gelditzen bada galtza batzuetako poltsikoan, lehorgailuko beroarekin desegin egingo da eta ukitzen dituen arropa guztiak zikinduko ditu, eta, gainera, makinaren danborra. Baina, hala eta guztiz ere, gure langileek gustura eta bikain egiten dute lan”.

Garbigarriei buruz N* 648/2004 araudian (EE) ezarritako biodegradagarritasuneko irizpideak betetzen dituzten osagaiak dauzkate garbitegian erabiltzen dituzten produktuek. “Horrez gain, paketeak egiteko baliatzen dugun plastikoari dagokionez, %60 baino gehiago birziklatua da”, zehaztu du Usarrek.

Eta laneko dinamika metodikoa eta oso zehaztua da, “hemen lan egiten dutenek ezin baitute zalantzarik izan eta oso argi eduki behar baitute zer egin behar duten”. Hartara, bereizte-gune batean arropa guztia jaso eta pisatu eta gero, jantzi-motak egiaztatzen dira eta elkarrekin garbitu ahal diren ehun-moten arabera multzokatzen dira. Gero, jantzi horiek berariazko orgetan uzten dira, “arropa zikina” argi eta garbi idatzita dutenetan, eta garbitze-gunera bidaltzen dira. Garbigailutik lehortze-gunera igarotzen dira, eta handik, “arropa garbia” jartzen duen beste orga batzuetan, moten arabera multzokatzen dira eta lisatu eta tolestera bidaltzen dira. Amaitu aurretik, arropa prestatzen da, bezero bakoitzaren espezifikazioen arabera, bidaltzeko, eta emate-agiria egiten da. Bezero bakoitzak fitxa tekniko batzuk ditu zehaztuta aurretik, ehun-elementuen trazabilitateari jarraitzea eta bezeroen artean nahastea ekiditea ahalbidetzeko. Gainera, prozesu osoan kalitatea berrikusten da etengabe.

Iruñerriko Mankomunitatea, bezeroa

Aspace Navarra para el Empleo fundazioaren bezeroetako bat Iruñerriko Mankomunitatea da. “Guretzat plazera da erakunde horren arropa garbitu ahal izatea, gure izateko arrazoiaren lan-helburuak eta helburu pertsonalak lortzen laguntzen baitigu, garuneko paralisia duten eta kideko desgaitasunak dituzten pertsonenak”, ziurtatu du Usarrek.

Lankidetza 2012an hasi zen, eskaintza publikoaren bidez. Geroztik, Fundazioa zenbait zentrotako laneko arropa garbitzeaz arduratzen da, besteak beste, garbiguneetakoa, Gongorako HHTZkoa, Egillor eta Urtasungo EUTEetakoa, eta Arazuriko HUAkoa.

Usarrek adierazitakoaren arabera, “garbitzen zailena Agustindarren industrialdeko tailer-biltegitik iristen dena da. Izan ere, zementu- edo hondar-motaren batekin zikinduta egoten da, eta oso itsatsita gelditzen da arropan. Beste alde batetik, ertsona bakoitzari dagokion arropa identifikatu eta elkartzea konplexua da, ez baitago identifikatzeko modu bateraturik, eta errotuladorez idatzita dagoena ezabatzen doa. Baina, nahiz eta oztopopak aurkitu, beti irtenbide bat dago”.

Eta hala da. Aipatutako arropa identifikatzeko zailtasun hori sahiesteko, laster arropak markatzeko sistema berri bat martxan jarriko da. Eta zentroen arteko profesionalen aldaketek eragiten zuten arazoak, zaila baitzen jarraitzea eta, ondorioz, arropa zegokion jabeari ematea, desagertu dira Mankomunitateak egokitu duen kudeaketa-programari esker. “Oso lagungarria zaigu bertara sartzeko ”.

Eta hala jarraitzen du Aspaceren weborrian irakurtzen dugun “beste edozein enpresaren kalitatearen eta prezioaren antzekoa eskaintzen duen” zerbitzu honen egunerokoak.

Eta hala jarraitzen du David Usarren eta bere taldearen egunerokoak, pertsona horien eta beren familien bizi-kalitatea hobetzeko borrokatzen, konponbideak emanez eta ahalik eta gizarte-normalizazio handiena lortzea bilatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.