Posted

Airearen kutsadurarik gabeko mundua eskatzeko egun bat

Ekainaren 5a Ingurumenaren Mundu Eguna izango da, eta aurten pertsona guztiok aire garbia eta osasungarria arnasteko dugun eskubidean jarri da arreta. Munduko biztanle guztion %90ek aire kutsatua arnasten dugu, baina gure esku dago aldaketak egitea eguneroko bizimoduan, kutsadura atmosferikoa murrizteko, berotegi-efektuko gas-isurpenak gutxitzeko eta osasunari mesede egiteko.

- -

Munduko biztanle guztion %90ek aire kutsatua arnasten dugu. Datu kezkagarria da, baina, era berean, saihesteko modukoa, gure esku baitago egoera hori arintzeko aldaketak egiten hastea. Teknologia berriak, izan ere, oso baliagarriak izan daitezke airearen kutsadura murriztea ekar dezaketen keinu txikietako batzuk ezagutzeko.  

Gure etxebizitzak, industria, garraioa, nekazaritza eta hondakinen kudeaketa dira bost kutsadura-iturri nagusiak. Ingurumenaren Mundu Eguna ospatzean, Nazio Batuen Erakundeak, batetik, gogorarazi nahi dio gizarteari giza jarduerak gure planetaren gainean duen eginkizun nagusia, eta, bestetik, gobernuei, erakundeei, industriei eta partikularrei eskatu nahi die “jada ezagunak eta inplementatzeko modukoak diren” neurriak hartzeko energia berriztagarriak eta mundu osoan airearen kalitatea hobetuko duten teknologia berdeak esploratzeko. Erakundearen webgunean, mezu hau nabarmentzen dute: “kutsadura-mota desberdinak ulertzeak, eta bai gure osasunari eta ingurumenari nola eragiten dioten ulertzeak ere, arnasten dugun airea hobetzeko neurriak hartzen lagunduko digu”.

MASKARA, SINBOLO GISA

Bai mezua eta bai beharra ere ikusgai egiteko, NBEk erronka jo die herritarrei maskara bat erabil dezaten airearen kutsaduraren kontra borrokatzeko sinbolo moduan. “Maskaren erronkarekin” bat egitera animatzen gaitu: “Estali sudurra eta ahoa zapi batekin, egin argazkia eta kaleratu sare sozialetan #AirearenKutsadurarikGabe traolarekin, beste pertsona batzuk izendatuta, haiek ere bat egin dezaten kausarekin”. Hori dela-eta, baliteke egun hauetan maskarak albiste eta sare sozialetako protagonistak izatea.

Sinbolo bat izateaz gain, maskara ekintzarako bitartekoa eta sorkuntzarako mihisea ere bihurtu da Ingurumenerako Nazio Batuen Erakundeak duen Programarako. Maskbook proiektuaren webgunean ikus daiteke nola mundu osoko 2.500 pertsonak baino gehiagok antsietatea eta herstura eragiten duen irudi bat (maskararekin estalitako aurpegiena) baikortasunaren eta planetarekiko konpromisoaren adierazpide bihurtu duten.

Egun hauetan zeurea egiteko gogoa baduzu edo ahalik eta ekologikoena egiteko ideien bila bazabiltza, proiektuaren webgunean (2016az geroztik Ingurumenerako Nazio Batuen Erakundeak duen Programak babesten du) milaka adibide aurkituko dituzu. 

Eta hori guztia gure bizimodu-eredua aldarazi nahi duen lelo batean jarrita arreta: “Airearen kutsadurarik gabeko planeta baten alde batuta”. Eraginak zuzenean nabaritzen ditugun modelo bat, nahiz eta horren jakitun ez izan. Hori dela-eta, beharbada, lehenbizi jabetu beharko genuke inguruan dugun errealitateaz, esate baterako, gure hirietako airearen kalitatea egiaztatuta edo denbora errealean kontsultatuta, planetako edozein tokitatik, gure eremuaren kutsadura-mailak eta haien bilakaera egunean zehar. Horretarako, behera kargatu Plume Air Report-Pollution aplikazioa zure sakelakoan. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.