Gabriel Berasategui Ornitolan enpresakoa da, eta duela bi urte Iruñerriko Mankomunitaterako egin zen Ibai Parkeko fauna ezaugarritzeko azterlanaren arduraduna. Berak proposatu digu jolas hori. Berarekin hitz egin dugu Parkeko faunaren egoera ezagutzeko, balio handikoa baita Iruñerrirako eta berak ezin hobeto ezagutzen baitu.
Noiz egin zen Iruñerriko Ibai Parkean bizi diren animaliak ezaugarritzeko lehen azterlan hori eta zein izan ziren azterlana egiteko arrazoiak?
Iruñerriko Ibai Parkeko fauna ezaugarritzeko azterlana 2015 eta 2016 artean egin genuen. Asmoa zen lehen “argazki” bat egitea, ingurune horren urte bateko egoeraren diagnostikoa egitea, denbora epe hori ezin aproposagoa baita espezieei lau urtaroetan behatu ahal izateko. Urte hori igarota, lanerako ildo berriak ezar daitezke, lortutako emaitzekin lotuta eta hori da, hain zuzen, egin duguna. Esate baterako, heziketaren ildoaren barnean, 2018an hegaztiak monitorizatzeko estazio batzuk egiten ari gara eta bai ugaztunen kontrola ere, detektatzeko estazioetatik abiatuta. Planteamendu horrek ahalbidetzen digu jarraipena egitea toki bakoitzean detektatu ditugun espezieen bilakaerari, ikasleak eta naturaren gaineko interesa duten pertsonak guk lortu dugun ezagutzara hurbiltzen laguntzen digu, eta kontrol eta behaketa sakonagoa egiteko bidea ematen digu.Zein balorazio egin daiteke Ibai Parkean aurkitutako faunaren gainean?
Nahiko aberatsa dela. Hainbat harribitxi ditugu: ur-zozoa, martin arrantzalea, koartza hauskara, igaraba arrunta, kastore europarra eta, mundu mailako garrantzia duela, bisoi europarra. Azken espezie hori galzori larrian dago, mendebaldeko Europan dagoen azken populazio bideragarria Nafarroako ibaietan baitago.
Era berean, habitat honetakoak ez diren espezieak aurkitu ditugu, besteak beste, liztortzar asiarra eta Floridako apoarmatua, eta arrain exotikoen sorta zabala, adibidez, Alburnus alburnus arrainak, lutxoak, perka amerikarrak… Zoritxarrez, halako espezieak beren habitat naturaletatik kanpo aurkitzeak bertako biodibertsitatea galtzea dakar. Hori mundu osoan gertatzen ari den fenomeno bat da, gero eta handiagoa den animalia exotikoen merkataritzarengatik eta ingurumen arloko heziketa ezarengatik. Hori dela-eta, oso garrantzitsua da alde horretatik lan egitea, soil-soilik horrela lortuko baitugu pertsonek jakitea ibai batera botatzen badute bertakoa ez den espezie bat kaltea izugarria izan daitekeela. Esate baterako: bisoi amerikarra europarra baino askoz ere erasotzaileagoa eta handiagoa da, eta 75 espezie desberdin ere jan ditzake.
IRUÑERRIKO IBAI PARKEAN DETEKTATUTAKO FAUNA ERAKUSTEN DUEN INFOGRAFIA
Zein balio du fauna ezaugarritzeko lana egiteak?
Gure etxebizitzen ondoan bizi diren animaliak eta espazioaz egiten duten erabilera ezagutzeko modu bat da. Bertan bizi diren edo ez diren animaliek daukagun ekosistemaren kalitatea adierazten digute, eta hari eusteko, hura sustatzeko edo hobetzeko kudeaketa tresnak ematen dizkigute. Halaber, izugarrizko balioa du heziketaren arloan, kontserbatzeko eta iraunkorragoa den garapen batera hurbiltzeko balioak abiarazteko bidea ematen baitigu.
Nola definituko zenuke Argako Ibai Parkeko ingurumen aberastasuna? Ohartzen al gara, animaliei dagokienez, duen balioaz?
Argako Ibai Parkean biodibertsitate handia dugu, eta hartaz oso harro sentitu behar dugu. Oso ongi ordezkatuta dauden zenbait animalia talde ditugu eta haiek kontserbatzen laguntzeko kudeaketa neurri zehatzak ezar ditzakegu.
Herritarrak, oro har, ez dira bere ingurumen balioaren jakitun, nahiz eta egia den paseoan ibiltzen diren gehienek aitortzen dutela inguruneak duen garrantzia, zeinen berde dagoen dena, paisaiek duten balioa eta zeinen atsegina den. Gure erronkak izan behar du daukagun faunaren aberastasuna askotarikoagoa egitea, ia bakanak diren espezieak baititugu, adibidez, bisoi europarra. Era berean, bertan bizi diren espezieak bizitzen jarraitzea lortu behar dugu. Horrek motibazioa izan beharko luke gizarterako, eta, aldi berean, gizartearen eskakizuna gure kudeatzaile publikoentzat.
Ibai Parkearen ingurunean hainbeste animalia edukitzeak dakarren aberastasunaz gozatzeko zer egin behar da edo daiteke?
Nahikoa da paseoan errespetuz ibiltzearekin.
Ornitolanekin batera, Iruñerriko Mankomunitateak mariorratzak eta burruntziak identifikatzeko jarduera publiko bat egin du orain dela gutxi, herritar ororentzat. Zergatik espezie hori eta zertan datza?
Mariorratzek eta burruntziek erabiltzen duten habitataren bila oinak bustitzean datza jarduera. Erraz ikusten diren espezieak dira eta oso ikusgarriak. Fauna ezaugarritzeko azterlanean, intereseko gune batzuk identifikatu genituen eta beren burua ikusten uzten duten espezieak monitorizatu nahi ditugu orain. Mundu ezezagun eta berezi batekoak dira, baina uraren kalitatearen berri eta inguruan duten landarediaren berri ematen duten espezieak dira.
Utzi erantzuna