Posted

“Argiaren kultura berriak gauez argitasuna murriztearen alde egiten du, baina, zoritxarrez, hori ez da joera”

Argi artifiziala ongizatearen seinalea eta gure gizarteetarako ezinbesteko elementua izan da eta izaten jarraituko du, baina bereizi gabe erabiltzeak kostu handiak dakartza berekin, ingurumenaren, ekonomiaren, paisaiaren, kulturaren eta gizakion osasunaren arloetan, eta horiek guztiak aintzat hartu behar dira argiztatze-sistemak diseinatu eta instalatzean, argiaren erabilera adimenduna egiteko bidea eman ahal izateko. 

Herriak eta hiriak, komunikabideak eta beste instalazio batzuk argi artifizialarekin argiztatzeak argi-distira eragiten du zeruan, eta horrek zeruaren kalitatea hondatzen du behatoki astronomikoetarako eta zuzenean eragiten dio gizakion osasunari, florari eta faunari. Argi-kutsadura da, hain zuzen.  

Ecoblogmcp blogean Fernando Jáureguirekin hitz egin dugu, Iruñeko Planetarioko astrofisikaria eta Argi Kutsadurari buruzko Azterlanen Espainiako Sareko kidea. 

– Argi-kutsadura florari, faunari eta bai gizakion osasunari ere eragiten dion ingurumen-arazoa da?

Argi-kutsadurak bestelakotu egiten du gauaren iluntasun naturala. Egun-gau zikloak argitasun-kantitatea aldatzen du giroan era naturalean, eta horren arabera izan du bilakaera bizitzak planeta honetan duela 3.000 milioi urtetik hona. Espezie guztiek egokitu dute beren bizi-zikloa argitasun-iluntasun ziklo horretara, eta, hartara, ziklo natural nagusietako bat bihurtu da.   

Gaueko argiztapena espezie askoren jokaera-ereduak bestelakotzen ari da, ordea, eta giza organismoan ere ondorioak ikusten hasi gara. 

Gauean argi artifiziala erabiltzeak (eta gehiegi erabiltzeak) sortzen dituen eraginak ikertzea funtsezkoa da ondorioak ezagutzeko, baina azterlan horiek nahiko berriak dira, eta, nahiz eta oraindik ezin diren bidali beste ohitura edo produktu batzuekin (tabakismoa, amiantoa…) bidal daitezkeen mezuak bezain irmoak eta biribilak, egia da badaudela kalte eta afekzio handien frogak. Zehazki, iradokitzen da nolabaiteko arretaz erabili behar dela argi artifiziala gaueko orduetan. 

Iruñearen gaueko irudia. Iturria: Argien Kutsaduraren Espainiako Sarea.

– Zer aipatzen dute pertsonei dagozkien azterlan horiek? 

Gure etxebizitzen barnean gauez erabiltzen den argi artifizialak kaleko argiek baino askoz ere gehiago eragiten dio gure organismoari. Oso argiztatuta dagoen etxebizitza batek, hainbat gailu erabiltzearekin batera, besteak beste, sakelako telefonoak, tabletak eta gero eta distiratsuagoak diren telebistak, adierazten dio gure organismoari oraindik ez dela gaua, eta, ondorioz, eguneroko atsedena ematen duten gaueko orduek berezkoak dituzten prozesu biologikoak eragozten ditu. 

Gaueko une jakin batetik aurrera, ezta argiak itzaltzen baditugu ere, jada ez dira martxan jarriko hormona-prozesu horiek eta gure organismoak ez du egoki hartuko atseden. Prozesu horiek bereziki aztertu dira txandaka lan egiten duten langileen kasuan eta ondorioztatu da txandaka lan egitea arrisku-faktorea dela minbizi-mota batzuk hartzeko, eta eragina duela beste gaixotasun batzuetan. Lehenago esan dudan moduan, argitasuna eta gaixotasunak elkarrekin harremanetan jartzen dituzten azterlanak ez dira eztabaidaezinak oraindik, baina joera batzuk ikusi dira, adierazten dutenak zuhurra dela gaueko orduetan argiarekiko esposizioa mugatzea, bereziki uhin-luzera laburrekoen presentzia duen argiarekiko (argi urdina). 

– Zer gomendatuko zeniguke?

Garrantzitsua da denoi jakinaraztea gauean ahal den argi-intentsitate txikiena erabili behar dela eta argi horrek beroa izan behar duela (TCC <= 2700K), argi zuri hotza ematen duten lanparak erabiltzea saihestuta. Gailu elektronikoek ordutegi-iragazki batzuk eduki behar dituzte instalatuta beren pantailetako argirako, hartara, ordu jakin batetik aurrera, beren intentsitate maximoa gutxitu egingo da eta uhin-luzera jakin batetik beherako argia emateari utziko diote (argi urdina). 

Argiaren kultura berriak, bai gure etxebizitzen barnean, eta bai kanpoan ere, argiztatze aktiboa sustatu behar du zentzu horretan: argi-kantitate gutxiago gauean eta argi beroak baino ez. Baina, zoritxarrez, ez da hori ikusten den joera.

– Edonola ere, etxebizitzaren esparruan gertatzen dena ez da argi-kutsadura, ezta? 

Guk sortu edo pizten dugun argiaz hitz egiten badugu, uste dut zuzenagoa dela etxeko argiaren erabilera egokiaz edo desegokiaz hitz egitea.   

Gure ohiturei eragiten dien kanpoko argia etxean jasotzen badugu, ordea, badugu argi-kutsaduraz hitz egitea. Adibide batzuekin hobeki ulertzen da. Farolen erruarengatik pertsiana jaitsi behar badugu lo egin ahal izateko, hori bada argi-kutsadura. Kaleko farolak liluratu egiten bagaitu eta bere argitasunak eragotzi egiten badigu etxe barnean –eta hori ekiditeko errezelak edo pertsianak erabili behar baditugu–, hori bada argi-kutsadura. Balkoira edo leihora ateratzen bagara eta farola batek liluratu egiten bagaitu edo argiztatu, hori ere argi-kutsadura da. Nik neuk, jende gehienak bezala (bereziki beheko solairuetan bizi diren pertsonak), bizi izan dudanaren hiru adibide baino ez dira. 

– Argi-kutsadura horrek kalte gehien egiten dienak herrialde garatuak dira. Espainiaren mapan Madrilek, Bartzelonak eta Mediterraneoko itsasertzak egiten dute distira.Hala da. Jende askok pentsatzen du “zenbat eta argi gehiago izan orduan eta hobeki” dela, baina kontua da ez dela beti hobeki ikusten argi gehiagorekin. Gaueko espazioak gehiegi argiztatzeak baliabide energetiko eta ekonomiko izugarriak gastatzea dakar berekin, eta ez dago justifikatuta ez beharrarengatik ez eta egokitasunarengatik ere. Behar baino gehiago argiztatzea garestiagoa da, gehiago kutsatzen du eta kaltegarria da bai ingurumenerako eta bai gure osasunerako ere.

Nazioarteko Espazio Estaziotik ateratako argazkia (ISS040-E-081320, 26-7-2014).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.