Gero eta bizikleta gehiago dago gure hirietan. Bi urte dira Espainian bizikleta gehiago saltzen direla autoak baino (1.103.839 bizikleta 2015ean eta 1.088.839 2014an, AMBE Espainiako Marka eta Bizikleten Elkartearen datuen arabera), eta, hala ere, bizikleta erabiltzeak zailtasunak ditu. Hartara, Recicleta Ribera taldeak zailtasun horien kontra egin nahi du. Taldearen ekintza ildoen artean, besteak beste, hauek daude: txirrindulari gisa dituzten eskubideetan eta betebeharretan heztea helduak eta adingabeak, eta, autoen garraiobide alternatibo moduan, bizikletak erabiltzea laguntzen duten jarduerak egitea.
Hala sortu zen “ostiralak bizikletan” ekimena (“biciviernes”). Jatorrizko ideiak planteatzen zuen ikastetxeetan hilabetean behin bizikletarekin lotutako jarduera bat egitea eta hiru hilean behin jarduera handiago bat. Edonola ere, Griseras ikastetxeko heziketa komunitateak –“ostiralak bizikletan” ekimena martxan jarri zuen lehena– pentsatu zuen aproposena zela jarduera astean behin egitea. Ikasturteko ostiral guztietan, eskolara bizikletaz joaten diren ikasleek puntu bat eskuratzen dute, ikastetxeko gurasoen elkarteak hiru hilean behin egiten duen zozketa baterako. Recicleta Ribera elkarteko Abel del Rey kideak esan digunez, joan den urtean Griseras ikastetxeko ikasleen %40 bizikletaz joan ziren ikasturteko ostiralen batean eta %20 ostiral oro joan ziren hala. Ikasturte honetan, ikastetxeko jolastokian, batez beste 30-40 bizikleta zenbatu dira egunero, eta ostiraletan hirukoiztu egiten da kopuru hori, 140 inguru izateraino.Bere ustez, Tutera bezalako hiri baten ezaugarriek –bertan, ikastetxeak “gertutasunekoak” dira (etxebizitzatik kilometro bat baino gutxiago dago ikastetxera)– erraztu egiten dute ekimena martxan jartzea, ikastetxearen ingurunea zirkulaziorako ixteak eta beste neurri batzuek egiten duten moduan, besteak beste, eskola bideak berreskuratzeak. Azken hori ez da gauzatu oraindik, baina horretan ari dira lanean.
“Ostiralak bizikletan” hiru hilean behin kontrolatzen den esperientzia da, baina, oro har, onarpen handia du. Izan ere, hori erakusten du inguruko herrietako ikastetxeek erakutsitako interesak, hala nola Ribaforada, Valtierra, Arguedas eta Corella herriek, “Eskola seguruak” programaren bidez, ekimen honekin bat egin baitute. Abel del Reyren ustez, ekimen hau hiri handiagoetan ezartzea korapilatsuagoa da, baina, era berean, atsegingarriagoa izango litzateke, hiri seguruagoa edukitzeko premia agerian jarriko bailuke.
“Inkesta egin dugu ikasleen artean, ikastetxera nola joan nahi luketen jakiteko eta gehienek erantzun dute bizikletaz egin nahi luketela. Baina, paradoxa hau gertatzen da: familia gehienek ez diete uzten seme-alabei bizikletaz joaten autoek beldurra eragiten dietelako, eta, beste alde batetik, seme-alaba horiek ikastetxera eramateko erabiltzen duten garraiobidea da. Autoa etxean utziko bagenu eta bizikletaz joaten lagunduko bagenie, izugarri hobetuko litzateke gure ingurunearen segurtasuna”, adierazi du Abel del Reyk.
Ekimenaren ezarpen eta onarpenari buruzko datu ofizialik ez dago oraindik, baina badakite Tuterako 1.400 ikaslek, azken ikasturtean, bizikleta erabili dutela uneren batean eskolara joateko: Recicleta taldeak plaka kopuru hori editatu zuen, identifikatzeko, eta azkenean ahitu egin ziren Elvira España, Huertas Mayores, Griseras, San Julián, Anunciata eta Compañía de María ikastetxeko ikasleen artean. Datu horiek erakusten dute jarduera hau eskola programazioan sartzea dela egokiena, bai ikasleak bizikletaren erabileran hezteko, bai eta ibili ahal izateko hiri seguruagoa eskatzeko ere. Zer deritzozue ekimenari? Antzeko ekimenik ezagutzen duzue?
Utzi erantzuna