Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ohartarazi du munduko biztanle guztien %90ek aire kutsatua arnasten dutela eta, pentsa daitekeenaren kontra, eraikinen barnean gaudela kutsaduraren eraginpean neurri handiagoan. Eta hain zuzen, barneko espazio horietan igarotzen dugu gure denboraren zati handiena.
AEBetako Ingurumen Babeserako Agentziaren arabera, gure etxebizitzetako airea, gure bulegoetakoa… kalean arnasten duguna baino kutsatuagoa dago, 2 eta 5 bider artean kutsatuagoa. A priori edo aldez aurretik kezkagarria izan daitekeen datu hori uler daiteke kontuan hartzen badugu oraindik ere 3.000 milioi pertsonak erregai solidoak erabiltzen dituztela su irekietan edo ihesak dituzten sukaldeetan janaria prestatzeko edo etxebizitzak berotzeko; eta 1.200 milioi pertsonak baino gehiagok, elektrizitaterik ez izatean, argiztatzeaz gain kutsatu egiten duten lanparak erabiltzen dituztela.
Egoera horiek, batez ere, diru-sarrera txikiak edo erdi mailakoak dituzten herrialdeetan izaten dira. Garatuagoak dauden herrialdeetako etxebizitzetan, ordea, mehatxuak beste hauetatik etortzen dira: margoak eta bernizak, akainak, garbigarriek igortzen dituzten substantzia toxikoak, dekorazioan erabiltzen diren material sintetikoak, eta etxetresna elektrikoek eta hirietako mugikortasunak eragiten dituzten gasak. OMEren arabera, horiek guztiek eraikin eriaren sindromea eragiten dute hiri-inguruneetan, edo, bestela esanda, arnas- edo ezagutza-gaixotasunen multzo bat, gune itxietan airea kutsatzeak sortutako edo bultzatutako eritasunen multzoa.
OMEk emandako datuen arabera, gaizki haizeberrituta dauden etxebizitzetan, batik bat garapen bidean diren herrialdeetan, onargarriak diren partikula finen kopuruen kontzentrazioak baino 100 aldiz handiagoak direnak eragin ditzake keak. Zirkulazio-dentsitate handiko bideetatik hurbil dauden etxebizitzetan edo lekuetan, arazoa nitrogeno monoxidoa edo karbono dioxidoa da. Partikula txiki horiek eta keak dituen beste kutsatzaile batzuek arnasbideak eta birikak handitzen dituzte, immunitate-erantzuna zailtzen dute eta odolaren oxigenazio-ahalmena murrizten dute, eta horrek patologia ugari eragin ditzake ondorioz.
Egun, lau heriotzatik bat arnasten dugun airearen kalitatearekin lotuta dago. Gainera, zenbait arnas-arazok, alergiak edo gorputz- eta buru-nekeak arnasten dugun airean izan dezakete jatorria.
Etxebizitzako eta inguruneko airea osasungarria izatea ziurtatzeko, OMEk etxebizitzetako energia eta erregai garbiak erabiltzen hasi eta jarraitzearen alde egiten du, eta bai haizeberritze-sistema adimendunak neurri handiagoan kontuan hartzen dituzten hirigintza- eta eraikuntza-mota berri bat sustatzearen alde ere.
Nolanahi ere, aire kaltegarriak oso jatorri askotarikoak izan ditzake eta hori dela-eta ibiltzen garen, lan egiten dugun edo bizi garen guneetako barneko airearen kutsadura kontrolatzen laguntzen duten sentsore txikiak, etxebizitzetarakoak, erabiltzea gomendatzen da.
Toki itxiak erregulartasunez haizeberritzeak barneko airea arazteko tresna balioduna izaten jarraitzen du, baldin eta ez bagara bizi ibilgailu, enpresa… kontzentrazio handia duten errepide edo lekuetan.
Baina badira beste neurri batzuk ere, Carlos de Prada “Hogares tóxicos” liburuaren egileak adierazten duenez, arnasten dugun airea kutsatzen duten iturriak murriztu edo ezabatzeko. Egileak proposatzen du aire-lurrintzaileen erabilera mugatzea eta airea arazteko gailuak erabiltzea sustatzea.
Dena den, zenbaitetan, oso neurri errazak nahikoak izaten dira aire kutsatuak xurgatzen laguntzeko, esate baterako, barneko geletan landareak jartzea, hala nola xingolak, potoak eta huntzak.
Utzi erantzuna