Posted

Oihalen berrerabilera: ehun-artisautzako era askoren oinarria

Patchworka, sashikoa, fuxicoa… ehunka urte dituzten ehun-teknikak dira, eta bai milaka urte ere, eta beren izateko arrazoia oihalen erabileran dute. Hitz horiek beste kultura batzuetatik hartutakoak dira (anglosaxoia, japoniarra eta brasildarra), baina analogia handiak dituzte gurean: almazuelak (beste oihal batzuetako zatiak batuz ehundutako pieza), jarapak (jeneralean kolore askotakoa den alfonbra, ehun lodiarekin egina, artilearekin edo trapu zahar bihurrituarekin egina, kotoizko edo zuntz sintetikozko irazkiarekin), eta abar. Azken urte hauetan, teknika horiek guztiek goraldi handia izan dute, lantegien, ikastaroen eta sare sozialetan izan duten zabalkundearen bidez, ehun-hondakinak ongi nola berrerabili erakusten baitute.

Rosa Mª Cepa eskulangile bat da, eta duela bost belaunaldi herenaitonak El Bodón herri txikian (Salamanca) abian jarri zuen ehundegi bat zutik du duela 20 urte baino gehiago. Ehundegi horretan, une honetan, 200 urtetik gora dituen ehungailu bat du, eta XX. mendearen hasierako eta erdialdeko pare bat gehiago, eta zabalik dago bisita egin nahi duen ororentzat. Zerrendekin egindako mantak –Espainiako beste toki batzuetan jarapaedo jantzi arruntekin egindako alfonbra esaten zaie– logelak apaintzen ari dira, ibilgailuen eserlekuak edo maletategiak babesteko balio dute, edo piknikak egiteko alfonbratxo moduan erabiltzen dira. 

Berak onartzen duenez, artisautza tradizionaleko modu bat da berea, oihalak berrerabiltzean oinarritzen dena: “Hemen oihalak birziklatzen ditugu. Ni neu joaten naiz lantegira eta aprobetxa daitekeela iruditzen zaidana hartzen dut: ebakinak, botatzekoak izango liratekeen oihal-ertzak… Bezero batzuek, aldiz, harilkoak ekartzen dizkidate, piezak neurrira egiteko, garai batean egiten zen moduan”

Antzina, etxeko ehungailuetan ehuntzen aritzen ziren pertsonak inguruko herrietara joan ohi ziren, batetik, enkarguak hartzeko, eta bestetik, herritar haiek mataza handietan prestatzen zuten ehun-materiala bereganatzeko. “Garai batean, artilea edo etxeko lihoa erabiltzen zen zakuak edo janzteko arropak ehuntzeko. Gero, zapitxo-harilkoak izan ziren, funtsean alfonbrak edo eserlekuak estaltzekoak egiteko erabiltzen direnak. Haiek erabilita, ehun-hondakinak berrerabiltzeaz gain, lehengaia aurreztu ere egiten zuten”, zehaztu du Rosak

Berak gogora ekarri duen moduan, “ehundegietakoa oso jarduera emankorra izan zen XVIII. mendetik aurrera Salamancako probintzian. Izan ere, eskuarki, ehungailuko lanak nekazaritzako zereginekin batera egiten ziren bertan”. Egun, Salamancako probintzian bere lana artisau-eran edo eskuz egiten duen apurretakoa da Rosa. 

Urtean zehar, tamaina desberdinetako alfonbrak egiten ditu, eta bai pieza bereziagoak ere, adibidez, errezelak edo bai tapiz artistikoak ere. Gero, azoka tradizionaletan saltzen ditu edo El Bodónen duen tailerretik bertatik, baina arazoak izaten ditu ardura handia eskatzen duen artisau-jardun honi balioa ematea lortzeko: “Bistan da eskala handiko ekoizpenen aurka lehiatzen garela, prezioak asko merkatzen dituztenen kontra, baina pieza bakoitza nola egiten den erakusten dudanean (zenbait azokatara, zurezko ehungailu txiki bat eramaten du) edo tailerrak ematen ditudanean, prezioarekin lotutako iritziak edo errezeloak (ez dira garestiak, gainera) murriztu egiten dira”

Orain ekonomia zirkularra esaten zaiona duela urte askotik asmatuta dagoela erakusten digun adibide bat baino ez dira Rosa Cepak egiten dituen zerrenden mantak edo jarapak. Eta iritzi horren beraren alde agertu zen duela hilabete batzuk Chus Toledo, Errioxako Pradillo de Cameros herriko turismo-bulegoaren arduradunaalmazuelaesekien jaia aurkeztean. Patchworkaren antz handia duen ehun-eskulangintza mota bat da, eta Errioxako mendietako herrietan egiten zuten tradizioz.

Brasilgo fuxicoteknika bezala, diru-eskasiako garaian sortutakoak dira almazuelak, soinekoak eta jantzi zaharrak birziklatzeko. Orain kultura- eta historia-ondarearen ondasun dira, eta erakunde eta ekimen askok zaintzeko konpromisoa hartua dute. Era berean, sormenezko teknikak dira, gure egun hauetaraino apaintzeko xedeekin iritsi direnak, eskulan moduan, eta hondar-kasu batzuetan goi-mailako joskintzako aplikazio moduan. 

Edonola ere, Unesco etxeak kaleratutako “Háblame de la artesanía” liburuan adierazten den moduan, artisautza –zeinak tradizionalki mugarik gabe eta baliabide iraunkorretatik zetozen lehengaiak erabiltzen ekoitzi duen, eta, besteak beste, eguneroko bizimodua, berreskuratzea, birziklapena, ingurumena eta abar bezalako esparruak esploratzen dituen– gero eta mehatxatuago dago edo desagertzeko bidean, ingurumen-arazoek markatzen duten mundu batean.  

Patchworka, brodatua edo ehungailua bezalako artisau-teknikak ezagutzeak ez luke moda hutsa izan behar, Alazne Juanizek gogorarazi digunez. Emausko Trapuketariek Berriozarren (Nafarroa) duten gunean joskintzako, patchworkeko eta fuxicokotailerrak emateko ardura du Juanizek, eta ondokoa azaltzen du: “Oso interes handia ikusten dut pertsonen artean, baina moda hutsa izatea saihesteko, ni beti harago joaten saiatzen naiz, ideia berriak emanez oihalei beste bizitza bat emateko, jantzien bizitza erabilgarria luzatzen duten konponketetan aplikatzeko…”.

Gure esku dago kontatu dizkizuegun adibideen bezalakoen balioa nabarmentzea, batetik, kultura-tradizioei eustea dakartelako, eta, bestetik, haiek ezagutzeak eta garai berrietara egokitzeak baliabideak balorizatzen eta berreskuratzen lagundu diezagukeelako. 

PATCHWORKA

Patchworka (hitzez hitz, adabakiekin edo petatxuekin egindako lana) duela milaka urte sortu zen ehun-teknika da, arropa adabatzeko premiaren erantzun moduan, eta ornamentaziorantz egin du bilakaera. 

FUXICOA

Ehunka urte dituen teknika da fuxicoa. Ehun-txatalak erabiltzen dira: puntadak ematen zaizkie eta ondoren izurtu edo tolestu egiten dira, loreak edo xehetasun apaingarriak eratzeko. Portugesez “esamesa edo zurrumurrua” adierazteko duten hitzetik sortu zen izena, beren edo beste batzuen gauzei buruz hitz egiten zuten bitartean josteko elkartzen ziren brasildar emakumeei aipamena eginez.  

SASHIKOA

Japoniako teknika honek milaka urte ditu. Albainua edo albainu txikia bezalako puntada-mota bat erabiltzen du, piezak petatxatu eta elkartzeko. Hala, arroparen bizitza erabilgarria luzatzea lortzen zen. Egun, apaintzeko funtzionalitatea du.  

Argazkiak: Elisa Merino (Blog Mantas de tiras El taxista).

Dinh PhamUnsplash

ITURRIAK 

www.unesdoc.unesco.org/ark:/48223/pf0000181443

www.infoescola.com/artes/fuxico-artesanato/

www.zurciendoelplaneta.com

www.nuevecuatrouno.como

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.