Ura, xaboi neutroa, ozpina, zitrikoen zukua eta bikarbonatoa erabil ditzakegu gure etxea garbitu eta higienizatzeko. Natura-ingurunerako oso errespetuzkoak ez diren eta, zenbaitetan, gainera, oso osasungarriak ez diren produktu kimikoak beren armairuetatik kendu nahi dituzten pertsonen etxebizitzetara itzultzen ari diren elementu soilak eta ohikoak dira, hain zuzen.
Ally Vispo ingurumen-arloko aktibista ezagun eta influencer-ak bere blogean esaten duen moduan, “gure etxea bertan malariaren birusa bagenu bezala desinfektatzeko obsesioa ez da batere beharrezkoa”.
Bera bezala, gero eta gehiago dira ura, ozpina eta xaboi leuna nahiago dutenak gainaldeak eta beirak garbitzeko, eta baietazko zapien ordez, egunkariak edo espartzua erabiltzen dituztenak. Gainera, zailagoak diren orbanak kentzeko, besteak beste, karearenak edo koipearenak, nahiago dute erabili ozpinarekin eta limoizko zukuarekin nahastutako bikarbonatoa edo esentzia naturalak. Oinarrizko elementu horiek, gainera, ahalbidetzen dute arriskutsuak izan daitezkeen ontzi asko gure armairuetatik ateratzea, soiltasuna bizimodu gisa aukeratuta.
Puntu honetan ezin ditugu ahaztu altzairuzko gainaldeak ginarekin garbitzeko eta animalia- edo landare-gantzekin, soda kaustikoarekin eta urarekin xaboia egiteko ohiturak. Nori ez diote bota sagardo-ozpina ilean leunago eta distiratsuago uzteko? Nork ez du ikusi tximinietako kristalak urarekin, errautsekin eta egunkari batekin garbitzen? Jardunbide horiek guztiak ohikoak ziren duela gutxi arte, eta orain indarra hartzen ari dira berriro.
Produktu-mota horiek erabiltzeak izan ditzakeen onuren artean, garrantzitsuenen gisa, hauek nabarmendu behar dira: dirua eta tokia aurreztea armairuetan, eta bai ingurumen-arlokoak ere, kaltegarriak izan daitezkeen produktuak isurtzea saihestuta.
Sustainable Collective talde anglosaxoiaren webgunean, , truko errazak aurki ditzakezu, erakusgarri moduan proposatzen ditugunak bezalakoak, etxea garbitu eta desinfektatzeko eta bai norberaren garbitasunerako ere.
Izpilikuaren eta erromeroaren infusioarekin egindako garbigarria (Stacy Sullivanen aholkua)
Jarri kristalezko flasko edo pote batean izpiliku-loreak, erromero-adartxo batzuk eta bi kikarakada ozpin. Astindu ongi eta zigilatu estalkiarekin. Utzi egonean aste batean edo bitan. Denbora hori igaro eta gero, diluitu nahastura urarekin, zati berdinetan. Batzuek nahiago izaten dute ur destilatua erabili, baina ez baduzu eskura, ur korronteak eragin bera du, gehienbat porotsuak ez diren gainaldeak garbitzeko prest dagoen produktu bikain bat lortzeko.
Ile-egokitzailea
Sagar-ozpina produktu ona da ileari eta buru-azalari osasuntsu eusteko, distiratsu edukitzeko eta dituen propietate anti-inflamatorioak eta pH naturala leheneratzekoak baliatzeko. Ile-egokitzailea prestatzeko, sagar-ozpinaren bi eta lau koilarakada artean behar dira, ur destilatuaren bi kikarakadatan destilatuta, eta izpilikuaren eta te-arbolaren olio esentzialaren tanta bana bota dakioke. Behin nahastura astinduta, ileen sustraietan bota behar da eta ile guztia ongi blaitu behar da. Minutu batzuetan utzi behar da, eta, azkenean, uretan pasatu ahal da berriro edo lehortzen utzi.
Hala eta guztiz ere, zaila egiten bazaizu gure aholkuetako batzuk gauzatzea, Espainiako “Comunidad por el clima” plataformak ohar batzuk egiten dizkigu, garbigarri tradizionalak arduraz erabiltzeko.
1. Beti produktu-kantitate minimoa erabiltzea, ahalik eta gutxiena.
2. Etiketa arretaz irakurtzea eta erabiltzeko jarraibideak aintzat hartzea.
3. Inoiz ez nahastea produktuak (lixiba eta amoniakoa, lixiba eta komuna desinfektatzekoa…), intoxikazio-arriskua eragin baitaiteke.
4. Fosfato gabeko garbigarriak erabiltzea eta gutxienez %90ean biodegradagarriak direnak. Dena den, gainerako %10ak ingurumenerako kaltegarria izaten jarraitzen duela jakitun izan behar dugu.
5. Ez erabiltzea propultsatzaileak (aerosol bateko likidoa kanporatzeko erabiltzen den gasa) dituzten aerosolak, ozono-geruzari eragiten baitiote.
6. Ontzi birziklagarriak dituzten produktuak eskuratzea.
7. Erosi aurretik, geure buruari galdetzea bilatzen ari garen produktua benetan den beharrezkoa.
Argazki: Nefeli Kavvada en Unsplash
Utzi erantzuna