Hirian aurkitzen diren izaki bizidunen (animaliak, landareak, onddoak…) argazkiak egitea edo audioak grabatzea lau egunean eta iNaturalist plataformara igotzea, espezieak identifikatu ahal izateko.
Horretan datza Biomaratoia, Kaliforniako Zientzien Akademiak eta Los Angelesko Konderriko Natura Zientzien Museoak asmatutako herritarren zientziako nazioarteko proiektua.
Aurten, apirilaren 29a eta maiatzaren 2a artean egin da, 47 herrialdetako 445 hirik parte hartu dute, 50.176 espezieren 1.694.877 behaketa egin dira eta 67.220 parte-hartzaile aritu dira zeregin horietan.
Oraindik ez dira kaleratu azken edizio honetako datu ofizialak, baina, joan den urtekoak erreferentzia moduan hartuta, jakin daiteke Iruñea eta Iruñerria lehen mailan gelditu zirela Estatuan, parte-hartzaile kopuru handiena izan baitzuten, eta behaketa eta identifikatutako espezie gehienak.
Hain zuzen ere, 2021eko Iruñeko Biomaratoi horretan, 393 landare espezie identifikatu ziren, 221 animalienak, 30 onddo eta likenenak, 2 protozoo, 11 kromista eta 2 zianobakterio. Guztizko horretatik, 631 espezie egiaztatu ahal izan ziren, hau da, argazkiak edo audio-grabazioak zituzten, behaketa indartzeko.
Maiatzaren 20an, Floraren Biomaratoia egingo da, eta, berriro ere, herritar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta.
Bi biomaratoi horiek herritarren zientziako proiektuak dira. Zehazki, herritarrak zientziarekin lotutako ezagutzekin, esperientziekin eta profesionalekin lotzeko asmoa duen ekimena da, hainbat jardueratan parte hartzetik abiatuta.
Zenbait herrialdetan, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetan, herritarren zientziaren kontzeptua eta garapena ez dira berriak. Izan ere, 1990az geroztik, Audubon elkarteak Eguberrietako hegaztien kontaketa egiten du. Hemendik gertu Libera dugu (hemen irakurri)
Hala ere, jardutea areagotu eta hedatu egin da Interneten eta gailu mugikorren erabilera orokortuari esker, herritarrek sortutako edukiak sare sozialen edo zenbait ekitalditarako ad hoc sortutako aplikazioen bidez partekatzeko bidea ematen baitute.
Tresna horien artean dago lehenago aipatu dugun iNaturalist, baina ez da bakarra, halakoak baitira Natusfera, Observation.org eta Pl@ntNet, esate baterako. Aplikazio horiek ahalbidetzen dute espezieen argazkiak edo audioak igotzea hodeira, eta ez da beharrezkoa igotzen dituenak zein espezie diren jakitea, irudi hori ikusten duen edonork katalogatu baitezake, munduko zeinahi tokitatik, barietate taxonomikoa zehaztu dezake, egin den identifikazioa baliozkotu dezake behaketa-gune beretik edo beste edozeinetatik, eta zuzendu ere egin dezake…
Herritarren zientziako jarduerek behatzen duen pertsonaren jakin-mina asetzeko balio dute, eta, gainera, datuen analisia hobetzeko bidea eman dezakete, toki jakin bateko biodibertsitatea ezagutzeko eta jarraipena egiteko, habitatak lehengoratzeko ekintzak abiarazten edo arazoak detektatzen laguntzeko…
Herritaren zientziako plataforma batzuek, hala nola eBird, iNaturalist, Observation.org eta Pl@ntNet plataformek, beren datuak Global Biodiversity Information Facilityn (GBIF) kaleratzen dituzte. Zehazki, nazioarteko azpiegitura bat da, eta sarbide irekia eta doakoa eskaintzen du biodibertsitateko datuetara. Bere xedea da organismo bizien datu guztiak biltzea, hala historia naturaleko bildumek indartutakoak (espezimenak, soinuak, argazkiak…), nola partikularren behaketak, eta ikertzaileen eta herritar ororen eskura jartzea.
Europar Batasunaren barnean, European Biodiversity Portal dugu, zeinak hainbat iturritako biodibertsitate-informazioa zentralizatzen duen, erabiltzea errazte aldera, eta bai datuak ere, adibidez, denbora-joeren analisiak, Europar Batasuneko biodibertsitatea kontserbatzeko helburuetan laguntzeko.
Horrenbestez, helburua argi dago: herritar oro eta erakundeak biodibertsitatea zaintzearen, mantentzearen eta kontserbatzearen partedun egitea lortzea, biodibertsitate hori ezagutzearen bidez.
*Iturriak:
Arga proiektua, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide Esther González Garcíak eta Javier Peralta de Andrések egindako dokumentua
Utzi erantzuna