Posted

Hondakin-uren analisia, gizartearen jokaera aztertzeko etorkizun handia duen alorra

COVID-19a gaixotasunaren detekzio goiztiarrerako tresna garrantzitsu bihurtu da

- - - - - -

COVID-19aren pandemia gure bizitzetara iritsi eta dena hankaz gora jarri zuenetik, hondakin-urak detekzio goiztiarrerako tresna garrantzitsu bihurtzen ari dira diagnostikoaren arloan, izan ere, 15 edo 20 egun aurreratzen baitzaio pazienteen klinikoari eta egon litezkeen berragertzeak detektatu baititzake.

Nafarroan, foru-gobernuak, NILSA-CSICen eskutik, lankidetza-hitzarmena izenpetu du Iruñerriko Mankomunitatearekin eta beste erakunde batzuekin, birusaren detekzio goiztiarrerako prozedura garatzeko lanak koordinatzeko.  

Hitzarmen horren ondorioz, Arazuriko HUA, Tutera, Lizarra, Tafalla, Artaxoa eta Reina Sofía ospitaleko kolektorearekin batera, azterlanerako gune adierazgarri gisa aukeratu dute.

Ecoblog mcp blogean Mankomunitatera jo dugu eta Imelda Urtasun Arazuriko Araztegiko saneamendu-laborategiko kalitatearen kontroleko teknikariarekin hitz egin dugu, lehen eskutik ezagutzeko araztegian egiten ari den lana eta hondakin-urek SARS-CoV-2 koronabirusa detektatzeko eskaintzen dituzten aukeren berri eman diezagun.

Imelda Urtasun, Arazuriko Araztegiko saneamendu-laborategiko kalitatearen kontroleko teknikariarekin
  • ¿Noiztik ari dira egiten analisiak Nafarroan eta zer motatako azterlanak ari zarete egiten?

Zenbait araztegitara iristen diren hondakin-urak aztertzen ari gara maiatzaren 25az geroztik, birusen edo SARS-CoV-2 koronabirusaren presentziarik detektatzen den ikusteko. Oraingoz, Arazuriko HUA (Iruñerri osoa, 51 herri eta 350.000 biztanle), Tuterakoa, Tafallakoa (Erriberri-Tafalla) eta Lizarrakoa aukeratu dira, baina Nafarroa osoko kontrol-sare bat sortu behar da, aztertzeko beste gune batzuetara zabaltzeko.

  • Zer dira azterlan horiek eta zer espero duzue aurkitzea hondakin-uretan?

Hautatutako araztegietan, astero hartzen dira sartzen den uraren laginak, presentziaren oinarri-maila ezartzeko helburuarekin eta, aldizkako jarraipen baten bidez, egon litezkeen emendatzeak detektatu ahal izateko (halakorik badago) eta, hartara, COVID-19aren goraldiez ohartarazteko.
Hondakin-uretan PCR probak egitean datza azterlana, SARS-CoV-2 koronabirusaren presentzia detektatu eta kuantifikatzeko. Ez dago frogatuta birusak bizigaiak edo bideragarriak direnik eta uste da ez dutela bizirik irauten estolderian, ingurune-baldintzak ez baitira egokiak. Baina bai iristen direla modu ez bideragarrian, eta detektatu ahal dira.

  • Eta zer emaitza ari zarete lortzen? Detektatzen duzue birusaren presentzia Nafarroan? 

Ekaineko entseguetan, Arazuriko Araztegian ez zen detektatzen SARS-CoV-2 koronabirusaren presentziarik. Uztailaren 6an, Iruñeak negatibo eman zuen, baina uztailaren 15etik aurrera positibo eman zuen, etengabe, aste guztietan. Gero pitin bat jaitsi zen, eta gero gora egin zuen abuztuaren 10ean. Kurba txiki bat egin du.

  • Zertarako balio du positibo horiek detektatzeak? Baduzue harremana Osasun Publikoarekin?

Lehen pausoak ematen ari gara eta sarea eratzen, alerta goiztiarraren sistema bat ehuntzeko. Asmoa da hondakin-uretan dauden partikula biralen kantitatea ikustea, emendatze handi bat detektatuz gero, osasun-sistema ohartarazteko birusaren prebalentzia handiagoa dela. Alerta goiztiarra da, pazienteen klinikoari 15 edo 20 aurreratzeko bidea ematen diguna, hau da, pazienteek sintomak sentitu eta osasun-sistemara jotzeari aurreratzeko.

  • Analisi horiekin, jakin daiteke kutsatuta dauden pertsonen kopurua?

Ezin da korrelazio zehatza ezarri, gorozkien bidez pertsona kutsatu bakoitzak kanporatzen duen birus-kargaren mende baitago, baina badago gutxi gorabeherako korrelazio bat. Hau da, ezin daiteke esan zenbat pertsona dauden kutsatuta, baina bai aurreko kontrolean baino gehiago edo gutxiago dauden.

  • COVID-19 gaitza iritsi arte, aztertu al ziren inoiz hondakin-urak?

Zerbait eginda zegoen, baina oso noizean behingoa, eta drogen edo farmakoen presentzia zehazteko eta gizartearen kontsumora estrapolatzeko, baina inoiz ez mikroorganismoekin orain bezala.
Hondakin-urak detekzio goiztiarrerako tresna bihur daitezke, behin garatuta SARS-CoV-2 koronabirusa eta beste birus asko detektatzeko balioko lukeena, berragertze, goraldi edo urtaroko presentzia moduan garatuko liratekeenak. Baldin eta gorozkien bidez kanporatzen badira, jakina.

  • Izan al liteke hau gaixotasunen detekzio goiztiarrerako ikerketa- eta diagnostiko-alor berri baten hasiera?

Hondakin-uren analisia gelditzeko etorri da eta birusen sorta handi batean izango du aplikazioa. PCR probak birus batzuetara edo beste batzuetara egokitu behar dira, besterik ez, eta, are gehiago, zenbait birusetarako entsegu bakar bat egin ahal izango litzateke. Etorkizun handiko tresna da diagnostikoaren alorrean. Hondakin-urak gizartearen jokaerak aztertzeko etorkizun oparoko alorra izatera igaro dira.

  • Beste toki batzuetan ari dira egiten mota honetako azterlanak ala Nafarroan baino ez?

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa azterlan hau sustatzen ari da (VATar COVID-19) Espainian. Horretarako, kontrol-sare bat sortu da eta protokoloak bateratzeko lan egiten ari da, datu-base handiagoa edukitzeko.
Europan ere, estatu kide guztiak informazioa zentralizatzen saiatzen ari dira, azterlan global bat egite aldera. Oso lankidetza ona egon da komunitateen artean, honek guztiak aurrera egin dezan interes handia baitago.

Argazki: Ivan BanduraUnsplash

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.