Posted

Hondakinez betetako paradisuak

Hondakinak itsasoen kutsadura-mailaren sintoma badira, orduan ez dago zalantzarik: gure itsasoak oso gaixo daude. Itsasoan zaborrak egotea ingurumenean inpaktu handia duen fenomenoa bihurtu da. Itsasertzean eta itsasoaren hondoan hainbesteko zikinkeria egotea osasunerako arazoa eta arazo ekonomikoa da. Egunero-egunero, itsasoak herrestan eramaten dituen edo bainulariek uzten dituzten milaka zabor biltzen dira hondartzetatik. Hondartza horietako asko aipatu ahal izango bagenitu ere, batzuk baino ez ditugu nabarmenduko; arazo honek kalte larria eragindakoak, hain zuzen.

- - - - -

Itsasoetan plastikoa pilatzea nabarmena izaten hasi zen 1950eko hamarkadatik aurrera eta orain Kanaria uharteetara iritsi da. Plastikozko botilek, potoek eta ontziek leporaino betetzen dute Europako itsas erreserba handiena, Ámbar hondartza, La Graciosaren ipar-mendebaldean, Las Palmas Kanaria Handikoan. Ur-lasterrek eramanda, Europaren hegoaldetik, Afrikaren iparraldetik eta bai Ameriketatik ere iritsitakoak dira plastikozko hondakin horiek.

El País egunkariak argitaratu zuenez, WWF erakunde ekologistako biologoek adierazten dute une honetan soil-soilik biltzen dira plastikozko zati handienak eguzkitan deskonposatu aurretik. Mikroplastikoekin jada ezin dute ezer egin. Bost milimetroko diametroa baino txikiagoa duten partikulak hondartzako arearen aleekin nahasten dira. Izan ere, Kanaria uharteetako hondartzak Hong Kongekoen maila berean daude mikroplastikoak edukitzeari dagokionez.
Arintzen gero eta zailagoa den arazoa da, erakunde horretako dozenaka boluntariok 100.000 kilogramo inguru zabor biltzen badituzte ere urtean.
Hainbat txosten ofizialetan adierazten denez, hondarretan bildutako laginen %52,7 plastikoen zatiak ziren eta %35,6 petrolioarenak. Kanaria uharteak erloju kontra ari dira arazo larri honi heltzeko; izan ere, ‘Canarias7’ egunkarian Kanarietako Gobernuko Ingurumen kontseilariorde Blanca Pérezek adierazi zuen moduan, “edo kontzientzia hartzen da edo hondamendira joango gara”.

Baina Kanaria uharteak ez dira plastikoaren inbasioak kalte egindako planetako toki bakarra. Izan ere, egunero hondakinen 8 milioi tona iristen dira ozeanoetara. Ellen MacArthur fundazioak uste du, gainera, 2050ean “plastikoak arrainak baino gehiago” izango direla ozeanoetan. Esate baterako, Henderson uhartea, Ozeano Barearen hegoaldearen erdian galduta, mundu osoko kutsatuenetako bat da, lurra estaltzen duten plastikozko milioika zabor baititu. Ozeano Barearen hegoaldean dagoen itsaslaster handiaren erdian kokatuta ia, Hego Amerikatik eta itsasontzietatik joaten zaizkion hondakinak jasotzen ditu. Plastikozko hondakinen 40 milioi inguruk estaltzen dute uhartea, hau da, 671 hondakin daude metro koadroko gutxi gorabehera. Larrialdi-egoera da, horrenbestez, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzietako Akademia Nazionalaren txostenean agerian jarritakoa.

Egoera berbera edo antzekoa da Karibe itsasoan bertan: sardexkak, koilarak, telebistak, zapatak, botilak eta platerak aurkitu ziren, zenbait miliatako luzera zuen ‘plastikozko eta poliestirenozko alfonbra’ bat balitz bezala, Hondurasko Roatán eta Cayos Cochinos uharteen artean. “Zentzugabekeria” hori Caroline Powerbritainiar jatorriko argazkilariak salatu zuen joan den urrian. Berak atera zituen kamerarekin Facebookeko bere orrian ikus daitezkeen irudiak.

Ingurumenaren arloko Blue Planet Society erakundea ozeanoa garbi egotearen alde borrokatzen da. Erakundeko kideek uste dutenez, zabor horren jatorria Guatemalako Monteagua ibaian dago eta azken hilabeteetan Erdialdeko Amerikan izan diren euri zakarrek herrestan eramanda iritsi zen Honduraseraino. Herrialdean hondakinak biltzeko sistema formal bat ez edukitzean datza arazoa. Herrixka askotan, zaborrak ibaien erriberetan botatzen dira, eta hirien kanpoaldeetan, sarritan, ibai batetik hurbil.

NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programaren kalkuluen arabera, urtean 6,4 milioi tona zabor iristen dira itsasoetara guztira. Zabor horien %70 itsasoen hondora iristen dira, %15 ur-zutabean mantentzen dira (ur aratzaren zutabe baten pisuak ordezkatzen duen presioaren neurri-unitatea) eta gainerakoak hondartzetara iristen dira.

Horren guztiaren gaineko kontzientzia hartzea hondakin plastikoak murrizteko estrategiekin bat egitea da. Zabor hauen arazoari beren jatorritik bertatik heltzeko ordua da, eta bai birziklatu ezin diren objektuak gure bizimoduetatik baztertzera bideratuta doazen neurri zorrotzak hartzekoa ere. Denoi eragiten digun arazo globala da.

Argazki: Caroline Power

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.