Maiatzean, Katalunian, lehenbiziko aldiz Ultra Clean Marathon izenekoa egin zuten. Zehazki, ingurumen eta kirol arloko erronka horretan, aste batean, maratoi bat egin zen egunero, eta ibilbidea egin bitartean botata zeuden hondakinak bildu zituzten. Zazpi etapa eta 295 kilometro egin ondoren, emaitza izan zen bi tona hondakin biltzea, garbitzeko 25 ekintzaren bidez eta 2.000 parte-hartzaileri esker. Parte-hartzaile horien artean, bakarka parte hartu zutenak eta taldeka aritu zirenak egon ziren, besteak beste, eskoletako ikasleak, erakundeetako kideak eta enpresetako langileak.
Ultra Clean Marathon sortzearen xedea da herritarren kontzientziazioa eta mobilizazioa handitzea, natur inguruneetako hondakinak gutxitzea eta natura kontserbatzeko neurriak sustatzea. Halaber, ingurumena zaintzean kirolarien konpromisoa handitu nahi du eta bai elkartasunezkoak eta, aldi berean, iraunkorrak diren kirol jarduerak eta lasterketak sustatu ere. Aurreneko edizio honetan, lasterketak balio izan du, gainera, lotura egiteko Let’s Clean Up Europe kanpainaren –naturan egoten den zabor kantitatea gutxitzeko Europako mugimendua, naturguneak garbitzean arreta jartzen duten jarduerekin– eta Naturaren Astearen artean (maiatzaren 25etik ekainaren 5era) –lurraldea kontserbatzeko eta zaintzeko jarduerak sustatzen ditu–.
Kalkulatzen denaren arabera, itsasoan aurkitzen ditugun hondakinen %70ek lehorrean dute jatorria. Horregatik hasi zen Ultra Clean Marathon Sant Feliu de Guixolseko hondartzan eta Bartzelonako hondartzetan amaitu zen. Zehazki, Somorrostro hondartzan eta Espigón del Gas esaten zaionean. Azken horretan, kai-muturretan biltzeko ekintza bat egin zen, bai ur gainean bai urpean ere.
Kontzientzia harrarazteko ildo berean, baina helburu zehatzagoa izanda (zigarro-puntak biltzea), Bartzelona “Zigarro-punten historiako bilketa handiena” izenekoaren bigarren edizioaren egoitza ere izan da, Proartsok antolatuta. Proartso irabazteko asmorik gabeko erakundea da, material birziklatua erabilita eskulturak egiten dituzten profesionalen talde batek eratutakoa. Egun osoan, ehun bat boluntario bidean aurkitzen zihoazen zigarroen hondakinak biltzeaz arduratu ziren. Modu horretan, beren zigarro-puntak edozein tokitan botatzen dituzten Bartzelonako erretzaile askoren ezaugarria den gizalegegabetasuna agerian utzi nahi izan zuten. Saioaren amaieran, antolatzaileek ‘harrapakina’ Barceloneta hondartzako Espigón del Gasen bildu zuten eta han bertan aritu ziren zenbatzen. Helburu nagusia milioi bat zigarro-mutur biltzea zen eta ez zen lortu, 270.000 bildu baitziren, baina lehenbiziko edizioko kopurua aise gainditu zen (80.000 zigarro-punta).
Behin zikinkeria pilatuta, Proartso elkarteak ‘Lotsaren mendia’ izenekoa sortu du: behin-behineko eskultura bat, material birziklatuarekin egindakoa, zigarro-punten kontrakoen topagunetik hurbil, Barceloneta hondartza betean, eta 2019tik aurrera museo desberdinetan ere erakutsiko dena.
Aldarrikapen alorreko ekimen honek Bartzelonako Udalaren babesa eduki du. Ekologia saileko mandatariak, Frederic Ximenok, ontzat jo du ekintza eta “honelako ekitaldiak antolatzen jarraitzera animatu du”. Jarduera aldi berean egin da munduko beste herrialde batzuetan, besteak beste, Kolonbian, Argentinan eta Ekuadorren.
Zigarro-punten arazoak askoz ere kezka handiagoa eragin beharko liguke. Zigarro baten irazki bakar batek itsasoko uraren hiru litro kutsatzen ditu. Zigarroek dituzten gai toxikoek 5 eta 20 urte artean behar dituzte ur gazian diluitzeko. Bartzelonan bakar-bakarrik, kalkulatzen da egunero zigarroen 500.000 hondakin baino gehiago botatzen direla lurrera, hiriko hondakinen herena ordezkatzen duen jokaera gizalegegabea.
Maila globalean, aurtengo urtarrilean, Ecoembesek alarma piztu eta ohartarazi zuen hondakinak edozein tokitan uztearen eraginaz. Zehazki, arazo globaltzat jo zuen, Espainiako florari eta faunari kaltea egiten ari zaiona. Ez da harritzekoa, horrenbestez, aipatutako jarduerak bezalakoak gero eta ohikoagoak izatea. Kirola eta ingurumena elkartu nahitik sortzen dira, ingurumena zaintzea denoi eragiten digun arazoa eta une oro egin behar den zeregina dela kontzientzia harrarazteko pertsona guztiei.
Nahiz eta ez parte hartu deskribatu diren jardueretan, oraindik aukera asko daude antzeko beste ekintza batzuetan parte hartzeko. Proyecto Libera izenekoan () dokumentu asko eta deialdi berriak aurki ditzakezu.
Utzi erantzuna