Posted

Klimari buruzko 2019ko goi-bilera. Zer egin dezakegu klima-aldaketaren aurrean?

Klimari buruzko Goi Bilera aurten Madrilen egingo da, abenduaren 2a eta 13a artean, IFEMA azoka-eremuan. Hamabost egunean, batzarrak zientziaren eta enpresen esparruetako milaka pertsona bilduko ditu, eta bai erakundeen ordezkariak, gobernuz kanpoko erakundeak eta mundu osoko gobernuak ere.

1992az geroztik Nazio Batuen Erakundeak urtero egiten duen ekitaldia da Klimari buruzko Goi Bilera, eta helburua da atmosferan berotegi-efektuko gasen kontzentrazioa egonkortzea, planetan interferentzia arriskutsurik eragingo ez duen maila batean. Aurten, ikusmina maximoa da, inoiz ez bezalako presioa baitago gizartean, gazteen eta Greta Thunberg aktibistaren aldetik. 

Orain arteko goi-bilera garrantzitsuenetako bat Kyotokoa (Japonia) izan da, 1997an egina (bertan hitzartu zen isurpenak %5 murriztea), eta bai Parisko Akordioa ere, 2015ean egina (mende honetako tenperatura-berotzea gehienez ere 2 gradu zentigradu mugatzea jarri zen helburutzat). 

Aurtengoa ere gogoangarria izatea espero da, historiara igarotzea. Madrilen egingo den COP25 goi-bilera honen xedea izango da klima-aldaketari aurre egiteko inplikatuta dauden nazio guztietarako betebeharrakezartzen dituen akordio bat lortzea. Goi-bileraren asmoa da herrialdeen arteko lasterketa bultzatzea ekintzara igarotzeko eta asmo handiagoko plan klimatikoak aurkezteko, 2020an prest egon beharko dutenak. Gobernariei pultsua hartzeko balioko du, berotegi-efektuko gasak murrizteko ekintza eraginkorrak bultzatzearen alde nor dagoen jakiteko, eta, era berean, agerian uzteko nork arbuiatzen duen klima-aldaketa.

Argi dago esparru politikoa, bere osotasunean, aktore nagusia dela borroka honetan. Baina herritarrek ere badituzte aukerak beren eguneroko jardunak eta bizimoduak eragiten duen karbono-aztarna murrizteko. Zer egin daiteke? 

Zure bizitzan sartu beharko zenituzkeen 5 ekintza proposatzen dizkizugu, klima-aldaketa geldiarazten lagunduko bailukete. 

  • Erabili garraio publikoa edo bizikleta, edo oinez ibili.

Utzi autoa etxean ahal duzun guztietan, eta ibili oinez, bizikletaz edo garraio publikoan. Ibilgailurik gabe bizitzeak urtean pertsonako 2,4 tona CO2gutxiago aireratzea dakar, hain zuzen.

  • Murriztu kontsumoa.

Murriztu, berrerabili eta birziklatu. Urrezko hiru arau horiek funtsezkoak dira klima-aldaketa geldiarazteko. Lehenbizi pentsatu egin behar da kontsumitu aurretik; gero, bigarren eskuko gauzak hautatu edo bazter utziko direnetarako aukerak bilatu; eta azkenik, bereizi edo gaika bildu birziklatu ahal diren produktuak, tratatu gabe zabortegi batera eraman ditzatela saihesteko. Ez ahaztu gai organikoak bereiztea.

  • Aurreztu energia.

Energia-kontsumo eraginkorra duten etxetresna elektrikoak erosi. OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkartearen arabera, gastu handiena hozkailuak eragiten du (662 kWh urtean) eta bai izozkailuak ere (563 kWh), beti piztuta baitaude. Telebista (263 kWh), arropa-garbigailua (255 kWh), lehorgailua (255 kWh) eta ontzi-garbigailua (246 kWh) doaz ondoren.  Duela hamabost urteko konbi baten ordez (izozkailua duen hozkailua) eraginkortasun handiko bat erabiltzeak urtean 120 euro aurreztea ekar dezake, Etxetresna Elektrikoen Fabrikatzaileen Elkarte Nazionalak (Anfel) egindako azterlan baten arabera. 

Baina, gainera, leihoak eta ateak isolatu ahal dituzu, energia-eraginkortasuna handitzeko: etxebizitza batean, energiaren %30 aurreztu ahal da isolamendu termikoa ona bada. Gogoan izan ezazu berogailuak 19 eta 21 gradu artean egon behar duela neguan, eta udan nahikoa dela aire egokitua 26 gradutan jartzea.  

Argiztatzeari dagokionez, itzali argiak beharrezkoak ez direnean eta berritu bonbillak. Etxean kontsumitzen den energiaren %7 inguruk argiztatzearekin zerikusia du. Bonbilla zaharren ordez kontsumo baxuko beste batzuk jartzeaz gain, erabili argitasun naturala, ahal den neurrian.

  • Mugatu plastikoaren erabilera. 

Ahalik eta gutxiena ontziratuta eta bilduta dauden produktuak erosi, eraman zeure poltsa erostera joaten zarenean, erabili berriro erabil daitezkeen ur-botilak eta kafe-kikarak. Izan ere, era arduragabean botatzen dugun plastikoak itsasoko habitata larriki kaltetzen laguntzen du, eta animalia-kopuru handia hiltzen du urtero.

  • Zero kilometroko edo hurbileko eta sasoiko produktuen alde egin.

Supermerkatuan dagoen edozein produktuk, jeneralean, ehunka kilometroko bidaia egin du. Sasoiko produktuak eta hurbilekoak erosten baditugu, garraioak eragiten dituen isurpenak gutxitzen dira eta inguruan aberastasuna sortzea ziurtatzen da.  

Klima-aldaketaren aurkako borrokak ukitzen gaitu eta arazoari heltzea eskatzen du: gobernuek, erakundeek, enpresek, erakunde zibilek eta herritarrok. Izan ere, planetak existitzen jarraituko du, baina baliteke gizakiok, espezie moduan, kalte handiak izatea. 

Gure esku dago eguneroko bizimoduan aldaketak egitea, hartara, banakoon neurrien baturak aldaketa eragingo du. Aukeratu jardutea!

Argazki: Markus SpiskeUnsplash

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.