COVID-19a borrokatzeko plastikoaren neurrigabeko erabileraren gainean sare sozialetan alarma piztu zuen lehen pertsonetako bat Bea Johnson Zero Residuos mugimenduko aktibista eta idazlea izan zen. “Supermerkatuen kateak solteko produktuak eskaintzeari utzi ziotela entzuna eta irakurria nuen, eta nik neuk ikusi nuenean, 2008az geroztik soil-soilik solteko edukiontzietan erosten aritu eta gero, bihotza urratu zitzaidan…”, aitortu zuen duela gutxi sare sozialetan.
Kate handiak erabilera bakarreko plastikoa baztertzeko aldaketak egitearen alde egiten ari ziren, bide horretan gindoazen: solteko produktuen eskaintza handiagoa zegoen, higiene-produktu solidoen eta ontziratu gabekoen alde egiten ari ziren. Saltoki txikiak edo hurbileko saltokiak askoz ere lehenagotik ezartzen hasi ziren zerbait zen hori, eta, hortaz, hondakinik gabeko biziera proposatzen zuen mugimendu baten abangoardiatzat edo abiaburutzat hartzen ziren.
Nolanahi ere, COVID-19ak eragindako pandemiak praktika horiek eten ditu kasu askotan. Kontsulta egin diegun saltoki batzuek aitortu digute, osasun-alderdiengatik eta gobernuen eskakizun berriengatik, ezin dutela baimendu etxebizitzetako ontziak onartzea une hauetan, ezin baita bermatu haien higienizazioa; beste kasu batzuetan, autozerbitzua kendu dute eta orain saltzaileak dira produktuak zerbitzatzeaz arduratzen direnak, egokiak diren osasun-segurtasuneko neurriak betez; eta kasu gutxienetan, itzultzeko ontziak eskaintzen dituzte dendek, erabiltzaileek eramaten zituztenak ordezteko.
Hori guztia gorabehera, Ecoembesek emandako datuen arabera, konfinamendua hasi zenetik %15 handitu da bildutako plastikoen kantitatea. Ikusten dugu supermerkatuetan asko handitu dela ontziratutako elikagaien salmenta. Nielsenen arabera, etxetik egindako erosketak –eta haietan plastiko gehiago erabiltzen da– %74 handitu ziren konfinamenduaren bigarren astean, martxoaren 23 eta 29a artean, aurreko urteko aldi berberarekin alderatuta.
Eskuak erabilera bakarreko plastikozko eskularruekin babesteak saihestu ezin den jardunbidea dirudi eta saltokiek metakrilatozko manparetan bilatzen dituzte bezeroen segurtasuna zaintzen saiatzeko egon daitezkeen moduak.
Eta guk, kontsumitzaileak garen heinean, zer egin dezakegu plastikoaren gehiegizko erabilera saihesteko?
Hurbileko saltokietan eta haietan soltean erostearen alde egin, ahal den guztietan.
Paperean edo kartoian bilduta dauden produktuak aukeratu.
Beirazko ontziak dituzten produktuak hautatu, eta ez plastikozkoak dituztenak.
Elikagai freskoak aukeratu: barazkiak eta frutak; oinarrizko elikagaiak edo prozesatu gabeak.
Ekoizleei zuzenean erosteko taldeak sustatu bizilagunen edo hurbileko pertsonen artean.
Norbera babesteko oinarrizko neurriak hartu beti: distantzia eta eskuak garbitu edo higienizatzea.
Azkenik, gogora ekarri behar da bai maskarak eta bai eskularruak ere gainerakoen edukiontzira bota behar direla. Osasun Ministerioak adierazten duen moduan, “erosketak egiteko edo beste gauza batzuetarako erabiltzen diren latexezko edo nitrilozko eskularruak ez dira ontziak, eta, horrenbestez, ez dira ontzien edukiontzira bota behar (horia)”. Gainerakoen edo errefusaren edukiontzira bota behar dira, grisera. Ahal izanez gero, gainera, plastikozko poltsa baten barnean bota behar dira, biltzean eta tratatzean segurtasuna handiagoa izan dadin.
Imagen:
Utzi erantzuna