Posted

Liburuen bigarren bizitza

Denborak aurrera egin ahala, liburuak pilatu egiten dira etxeetan, tokia behar dute eta, nolabaiteko maiztasunarekin, zenbait ale alde batera utzi behar izaten ditugu. Papera eta kartoia botatzeko edukiontzia behar ez ditugun liburuetarako lehen aukera al da? Bota aurretik ba al da beste aukerarik liburu erabiliei beste bizitza bat emateko?

- - -

Istorio bitxi bat albiste izan da azken asteetan. Turkiako hiriburuan, Ankaran, hondakinak biltzen aritzen den zerbitzuko langile batzuek komunitate-liburutegi txiki bat eratzea erabaki zuten, edukiontzietatik berreskuratzen zituzten liburuekin. Çsankayales izeneko metropoli-barrutiko udalak lokal zahar bat laga zien. Hartara, liburutegi berri hori berrerabiltzearen paradigma bihurtu da: erabiltzen ez zen eraikin zahar bat utzita zeuden liburuak hartzeko baliatzen da. Egun, 6.000 liburuki katalogatutik gora dituzte.

Arrakasta gorabehera, arduradunek ez dute ulertzen nola jarrai dezakeen jendeak halako ezagutza kantitatea zakarretara botatzen, eta damu dira ez zutelako proiektua lehenago hasi. Istorio horrek gure liburu erabilien gainean gogoeta egitera bultzatzen gaitu. Zer egin behar dugu jada nahi edo behar ez ditugun aleekin? Zein aukera daude beste bizitza bat emateko orduan?

Emausko Trapuketariek aukera on bat eskaintzen digute. Irabazi asmorik gabeko fundazio bat da, eta, Nafarroaren kasuan, 1972az geroztik lan egiten du hamabi mankomunitatetako zaborretatik datozen objektuak eta materialak birziklatzen eta biltzen. Fundazioaren lantokietako bat Saratsako industrialdean dago, Iruñetik 12 bat kilometrotara. Lantoki horretan material desberdinak biltegiratu eta berreskuratzen dituzte: altzariak, ateak, leihoak, jostailuak… eta bai liburuak ere, liburu asko.

Begoña Recondo titoak, pitxiak eta liburuak berreskuratzeko arloko koordinatzailea da, eta berak gonbidatu gaitu berreskuratutako hainbat liburuki hartzen dituen instalazioko eremua ezagutzera. Zirraragarria da hainbeste liburu ikustea elkarrekin, oso zabala den eremu bat ia osorik hartzen dutela. Iruñerriko etxebizitzetan baztertu eta gero iritsi dira liburuak Saratsara. Recondok kalkulatzen du astean 4.000 liburuki inguru biltzen dituztela: haietako asko gaizki daude eta, beraz, papera birziklatzera bideratzen dira, baina azkenean 1.500 hautatzea lortzen dute gutxi gorabehera.

Begoña Recondo liburuz inguratuta, Emausko Trapuketariek Saratsan dituzten instalazioetan.

Liburuak, kategoria desberdinetan sailkatuta –liburu zaharrak, euskarazkoak, eleberriak, hizkuntzetakoak, haurrentzakoak, komikiak–, Emausko Trapuketarien bost saltokietara bideratzen dira, eta haietan hilabetean 800 ale inguru saltzea lortzen dute. Kontuak egiten baditugu, erraz ohartuko gara Saratsako biltegiratze eremua txikitu egiten dela materiala heltzen den bakoitzean. Zorionez, laster toki berri bat izango dute lan hauetarako, duela gutxi Berriozar herrian egokitu duten zentroan.

Saltoki bakoitzak liburutegiko sail bat du, eta haietan maiz ibiltzen dira prezio merkeagoan dauden liburuen bila dabiltzan bezeroak, euro 1 eta 4 artean. Dena den, Recondok adierazi duenez, lan horrek are ondorio on gehiago ditu: bezeroen interesak eta jarraikitasunak bultzatu du liburu erabiliaren inguruko tailer kulturalak sortzea, hitzaldiak, tailerrak… antolatuta. Hori da liburu berreskuratuek duten xarma eta ahalmena.

Beste aukera batzuk, gure liburu zaharrentzat

Emausko Trapuketariek eskaintzen diguten irtenbideaz gain, baditugu aukera gehiago. Esate baterako, hor ditugu herri liburutegiak, kasu askotan onartzen baitute liburukiak ematea. Egun, Iruñerrian, gure liburuki erabiliak onartuko lituzketen 23 liburutegi ditugu.

Liburuen bizitza luzatzeko beste aukera bat Re-Read izenekoa da, Iruñeko Zapatería kalearen 45.ean. Espainia osoan 40 denda dituen kate batekoa da lokal hori, eta bertan ongi dauden liburuak erosten dituzte. Gai eta genero guztietakoak izaten dira, eta unitate bakoitza 0,20 euro ordaintzen dute.

Beste alde batetik, xarma handiko liburu denda ugari dago Iruñean. Haietako bat Deborahlibros izenekoa da (Nafarroa Behereko etorbidea, 44), eta bertan, Katixa Castellano arduradunak toki bat du zenbait bezerok ematen dizkioten liburuak salgai jartzeko. Baldintza bakarra da lanak beren interesarengatik nabarmentzea eta gutxieneko kalitate bat edukitzea. Liburuek salmenta prezio bakarra dute: 5 euro.

Liburu erabiliak saltzeko gunea, Deborahlibros liburu dendan.

Liburu erabiliak saltzeko gunea, Deborahlibros liburu dendan.

Lau proposamen horiez gain badira aukera gehiago. Liburu erabiliak Paris 365 Denda izenekora eraman daitezke (Kale Nagusia, 75, behealdea), Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundera (Puigen Etxeak multzoa, 2, behealdea) edo urtero, ongintzako helburuekin, liburuak biltzeko egiten diren kanpainetako batera.

Beti dugu papera birziklatzeko edukiontzira botatzeko aukera, baina lehenbizi, beharbada, aukera bat eman beharko diogu berrerabiltzeari. Proposatuko diguzu aukera gehiago liburu erabiliei bigarren bizitza bat emateko?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.