Beste batzuetan, eskultura bihurtu diren hondakinez hitz egin dugu, ingurumenaren gaia literaturan erabili izanaz eta bai argazkietan edo margolanetan irudikatutako naturaz ere, baina gaur magiara eramandako uraz hitz egingo dugu.
Umorea, interakzioa edo eragin-trukea eta esperimentazioa dira Odei Domingok –Hodei magoa esaten zaio– eta bere taldeak beren magia-ikuskizunean eskaintzen dituzten elementuak. Magia-ikuskizun hezigarria da eta ingurumena du gaia; izan ere, magia ere sentsibilizaziorako tresna gisa har baitaiteke.
“Birziklapenarekin lotutako ideiak planteatu genizkion geure buruari, baina gai horren gaineko ikuskizunen bat bazela ikusi genuen eta, hortaz, baztertu egin genuen –azaldu du Odeik–. Uraren gaia, ordea, interesgarria iruditu zitzaigun, Haur eta Lehen Hezkuntzako maila guztietan curriculum-mailan ageri den gaia delako”.
Hori dela-eta, lehen unetik eskoletarako eskaintza gisa sortu zen ikuskizuna. Leire Tejerok (graduduna Haur Hezkuntzako irakasle-ikasketetan eta magia-taldeko kidea) eta gainerako taldekideek adin guztietako ikasleei gustatuko zitzaien ikuskari bat sortzeko interesgarrientzat jo zituzten heziketa-etapa bakoitzeko alderdiak atera zituzten. Eta emaitza “Uraren sektretuak” izan da.
Uraren propietateak eta ezaugarriak, gure bizimoduan urak dituen erabilerak, uraren ziklo ezaguna, kutsadura… ikuskizunak irauten duen 45 minutuetan azkar agertu eta desagertzen diren gaiak dira. Horri guztiari umore-dosi handiak gehitu behar zaizkio, interakzioa ikus-entzuleekin, parte-hartzea magia-saioetan eta hainbat keinu, hala nola urrezko hiru arau hauek: ura alferrik ez galtzea, hidratatzeko premia, eta ibaiak eta itsasoak ez kutsatzea.
Azken batean, bizi izandako esperientzia ikasleek luzaroan gogoan izatea lortzeko xedea duen produktu eszeniko bat sortu da; hausnartzera eta beren pentsaera kritikoan sakontzera bultzatuko dituen esperientzia, hain zuzen. Odeik berak esandakoaren arabera, “helburua ez da ezagutzak lantzea, haietaz irakasleak arduratzen baitira ikasgelan; asmoa da ardura- balioak, zaintzakoak eta agortu daitekeen baina bizitzarako ezinbestekoa den baliabide natural baten babesekoak jorratzea”.
Eta erantzuna ezin da atseginagoa izan: ikasleak gogoa berotuta egoten dira, segundo bakar batzuetan bere eskuekin ura solidotu edo lurruntzen duen magoaren mugimendu trebeen xehetasun bakar bat ere galdu gabe.
Ura “alferrik galdu behar duenean” magoari aurpegiratzen dioten neska-mutikoak; eta hainbat orduan ikasgelan helarazten saiatu diren azalpenak era “magikoan” haurrek ordu batean baino gutxiagoan nola barneratzen dituzten ikusten duten irakasleak. “Onena da, egun batzuk igarota ere, ikusi gaituztenek ikuskizuneko irakaspen nagusiak oraindik gogoan dituztela –azaldu du Odei Domingok–. Irakasle bat gurekin harremanetan jarri zen ikuskizuna ikusi eta handik bi astetara. Inork iturriak irekita uzten bazituen, ikasleetako askok iruzkinak egiten zituztela esan zigun, hain zuzen”.
Oraingoz, ikuskizun hau ikastetxeetan baino ezin da ikusi, baina, izan duen arrakasta ikusirik, arduradunak lanean ari dira beste gune publiko batzuetara egokitzeko.
Bien bitartean, laburpen batzuk dituzue bideo honetan:
Utzi erantzuna