Posted

Moda azkarraren kontrako aholkuak

Etengabe erostera joateko tentaldian erortzen diren horietakoa bazara, ez bazaizu gustatzen bost euro baino gehiago ordaintzea elastiko bat erostean, joeren zain dauden horietakoa bazara aldizkariek, influencer-ek edo modan dauden pertsonaiek iradokitzen dizkizuten jantzi guztiak eskuratzeko, artikulu hau zure interesekoa da.

- -

Moda iraunkorrak –moda “azkarraren” aurrez aurre dagoena– gero eta jarraitzaile gehiago dauka. 2010eko udaberrian Suediako H&M katea arropa jasangarriaren linea bat sortu zuen moda azkarreko lehen enpresa izan zenetik, gero eta marka gehiago dira, handiak eta txikiak, moda mota horren bidez beren negozio eredua eta irudi korporatiboa hobetzeko interesa dutenak.

Modu arduratsuan janzteak ez du zerikusia soilik armairuetan eta tiraderetan gordetzen ditugun jantzien kopuruarekin. Izan ere, irizpide etikoek –arropa horiek josi dituzten pertsonen lan inguruabarrak aintzat hartzea…– eta iraunkortasuneko irizpideek ere badute zeresana, besteak beste, erabilitako ehun mota edo kolore, ehundura… jakin bat lortzeko jantzi bati egin zaizkion tratamenduak.

Dendetara itsumustuan joan aurretik, gomendagarria litzateke gure armairua berrikustea jada baditugun arropak baloratzeko, haien egoera, erabilera berriak edo hobeak emateko aukerak eta, azken batean, gauza berriak erosteko benetako beharra. Aurreneko balorazio horren ondoren ondorioa bada jantzia behar duzula, bi aholku erraz proposatzen dizkizugu erosketak benetan merezi izateko.

1. Jantzi batek zure arreta erakartzen duenean, arretaz begiratu ehunaren kalitateari, akaberei eta erremateei. Arretaz erreparatu beharreko xehetasun asko daude jaka, elastikoa edo gustatu zaizun edozein jantzi kalitate onekoa edo txarrekoa den jakiteko.

  • Lotura honetan, Glamour aldizkariak xehetasunez deskribatzen du nola aztertu jantzi bat azkar eta istant batean.

      • Kalitate txarreko jantzi batek hainbat gogoeta eragin beharko lituzke kontsumitzailearengan, hala nola azkar hondatuko dela eta, horrenbestez, erosteak eta erabiltzeak eragindako ilusioa laster zapuztuko dela.

2. Berrikusi etiketa, jatorria zein den jakiteko. Esate baterako, “Made in Bangladesh” edo “Made in China” jartzeak pentsarazi beharko lizuke jantzi hori zein egoeratan egin den. Jantzi horiek eskuratzen dituzten pertsonei pertsonalki eta ekonomikoki eragiten dieten egoerak sortzen ari da moda azkarraren booma, baina baita jantziak ekoizten dituzten pertsonei eta ingurumenari eragiten dietenak ere.

    • Modu konpultsiboan erosten duen horietakoa bazara, garrantzitsua litzateke zintzotasunez eta beldurrik gabe aztertzea jokaera horren arrazoiak eta ondorioak; izan ere, pertsona batzuentzat erostea estresaren, antsietatearen, frustrazioaren eta abarren kontrako denbora-pasa baita.
    • Aholku horiek guztiak esperientzia pertsonal batetik jaio dira; Sabina Eichmann moda iraunkorreko blogariaren esperientziatik, zehazki. Slow Fashion Next on line plataforman garatzen du bere lana, eta plataforma horrek modaren eta iraunkortasunaren arloko dibulgazioa egitean jartzen du arreta. Duela sei urtetik eragin positiboa duen moda sustatzearen alde lan egiten du, hain zuzen.
    • “Agian erradikala irudituko zaizue, baina duela gutxi arte moda azkarrak txora-txora egiten ninduela kontuan hartuta esaten dut. Gogoeta honek benetan aldatzen lagundu dit: geure buruari galdetu behar diogu ea benetan bidezkoa den Indiako nekazari gazte bat, osasun sistema eskura ez duena, minbiziak jota hiltzea kotoia lantzean erabiltzen ari diren pestiziden ondorioz, besterik gabe, guk ez ditugulako bost euro baino gehiago gastatu nahi elastiko bat erostean” .
    • Sabinaren iritziz, kontsumitzaileak garen heinean botere handia dugu ehungintzaren sektorea hobetzeko. “Erosketa bakoitza egoera hobetzeko edo okertzeko aldaketaren aldeko boto baten baliokidea da, aukeratzen dugunaren mende dago”.
    • Eta zu? Moda azkarrak ingurumenean eta giza eskubideetan dituen eraginen larritasunaren jakinaren gainean zaude? Erantzuna ezezkoa bada, beharbada lotura honek eragin horiek ulertzen lagunduko dizu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.