Posted

Nora botako dut? Nahasmena birziklapenarekin!

Gero eta gehiago dira ingurumenaren eta birziklapenaren gaineko kontzientzia duten pertsonak. Azken 20 urteetan, aurrerabide handia egin da sentsibilizazioaren arloan, baina oraindik edukiontzi okerrera botatzen diren produktu asko dago, zenbaitetan ezjakintasun hutsarengatik. Kristalezko edalontzia beira-edukiontzira bota behar da? Paper zikina organikoen edukiontzira? Tetrabrikak, kartoien ala ontzien edukiontzira? Horiek eta askoz ere gehiago dira etxebizitza askotan sortzen diren zalantzak.

Nahasmena sortzen zaigu eta nagikeria ematen digu. Edonola ere, birziklatzea oso jarduera erraza da, ingurumenari eta mundu osoko biztanleriari onura handiak ekartzen dizkiona. Eta egia da pixkana-pixkana horren gaineko kontzientzia hartzen ari garela. Ekonomia zirkularraren kontzeptua jada ez zaigu hain arrotza, eta gero eta barneratuago dugu produktuak ez direla erabilera bakarrekoak, baizik eta berrerabili edo birziklatu egin ahal direla, beste produktu bat bihurtzeko.

Hori gorabehera, hondakin bakoitza nora bota jakiteak arazoak eta zalantzak sortzen dizkigu batzuetan. 

Hori dela-eta, birziklapena eraginkorra izan dadin lortzeko gakoak emango ditugu gaur. Lehenik eta behin, edukiontzi bakoitzaren edukiari berari errepasoa egingo diogu, eta gero, zalantza ohikoenak berrikusiko ditugu.  

Edukiontzi marroia:fruta-hondarrak, barazkiak, haragia, arraina, arrautza, itsaskiak, fruitu lehorrak, kafea, infusioak, lorezaintzako hondakin txikiak.  

Edukiontzi horia: plastikozko ontziak, tetrabrikak, freskagarrien potoak, kontserba-latak, jogurten ontziak eta beren tapak, kortxo zurizko erretiluak (porespana), plastikozko poltsak, film-papera, aluminiozko papera, txapak eta tapak.  

Edukiontzi urdina: egunkariak, aldizkariak, eskupaperak eta publizitateko inprimakiak, liburuak (balio ez dutenak), albumak, koadernoak (espiralik eta graparik gabe), kartoizko arrautzontziak, sukaldeko papera edo beste edozein paper urarekin bustia, kartoizko erretiluak, paperezko poltsak, mota guztietako paperak, kaxa eta bilgarri tolestuak.

Beira-edukiontzia:beira, tapa eta tapoirik gabe, beirazko botilak, beirazko flaskoak eta ontziak.

Edukiontzi berdea:sukaldeko paper zikina, pixoihalak, higienerako gaiak, zigarrokinak, ispilu hautsiak, zeramika, kristalezko sukalderako tresneria, zeramikazko sukalderako tresneria, etxea erratzez garbitzean bildutakoa, bideozintak… 

Garbigunea. Margo-produktuak: margo-tuboak eta -poteak, disolbatzaileak, desugertzaileak… Automobilerako produktuak: olioak, bateriak, iragazkiak, izotz-kontrakoak eta beste fluido batzuk. Beste produktu berezi batzuk: fluoreszenteak, olio erabiliak, pilak, aerosolak, bernizak eta beste garbigarri batzuk. Beste hondakin elektroniko eta etxeko batzuk: ordenagailuak, sakelako telefonoak, etxetresna elektriko txikiak, arropa, zura, jostailuak… 

Honaino dena oso argi dago, baina gero nora bota ez dakigun beste gauza batzuekin zalantzak sortzen dira. Hamar ohikoenak hautatu ditugu.  

  1. Maskarak. Gainerakoen ontzira bota behar dira. Pertsona batek COVID-19a badu, bere maskarak poltsa batean bota beharko dira eta gero ontzi batean, kutsatuak bakarrik erabiliko duenean. 
  2. Kristal hautsiak, edalontziak, kristalezko kopak. Ez dira bota behar beira-edukiontzira. Gainerakoen edukiontzira bota beha dira. Baita zeramikak eta ispiluak ere… Ezin dira birziklatu. Eta ontzi horien tapak dagokien edukiontzira bota behar dira.
  3. Janariarekin, olioarekin eta abarrekin zikindutako papera edo kartoia. Gainerakoen edukiontzira doaz, ez kartoiak edo gai organikoak botatzekoetara.
  4. Bonbillak:hemen aukera gehiago dago. Bonbilla goriak, metalezko haria zuten zaharrak gainerakoen edukiontzira bota behar dira. Gainerako bonbillak: goriak, kontsumo baxukoak, fluoreszenteak, halogenoak… garbigunera edo bonbillak biltzeko saltokietan dauden berariazko guneetara eraman behar dira. 
  5. Aluminiozko papera. Edukiontzi horira. 
  6. Makillajeak, azazkaletako esmalteak, kosmetikoak. Gainerakoen edukiontzira. 
  7. Botiken ontziak. Ez dira botatzen ontzien edukiontzira. Botiketako SIGRE puntuetara eramaten dira, botikak edo sendagaiak bezalaxe. 
  8. Etxea erratzez garbitutakoan bildutakoa eta zigarrokinak. Gainerakoen edukiontzira bota behar dira. 
  9. Plastikozko jostailuak. Ez dira edukiontzi horira bota behar plastikozkoak izan arren, eta garbigunera eraman behar dira. 
  10. Hortzetarako eskuilak, biberoiak, txupeteak, pixoihalak. Denak gainerakoen edukiontzira bota behar dira.

Eta gero, jakina, zalantza asko sortzen dira, hainbat xehetasun kontuan hartuta.  

Adibidez, esekigailu edo pertxa bat nora botako dugu? Gai honi buruz dauden webgune didaktikoetako baten batera jotzea gomendatzen dizuegu. Iruñerriko Mankomunitateak oso eraginkorra den bilatzaile bat du, http://www.mcp.es/residuos/donde-lo-tiro, edozein zalantzari erantzuten diona. “Esekigailua” hitzarekin probatu dugu eta zenbait erantzun eman digu:  

  • Zurezko esekigailuak: gainerakoak.
  • Plastikozko esekigailuak: ontziak.
  • Metalezko esekigailuak: ontziak.

Oso argi dago. Ez dago zalantzarik ez eta aitzakiarik ere. Aurrera egiten jarraitu behar dugu. Frakzio bereiziagoak edukitzeak onura handiagoak ematen dizkigu.Ahaleginak merezi du!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.