“Plogging” hitzak “plock” hitza –suedieraz “bildu” esan nahi du– eta “jogging” hitza bateratzen ditu –ingelesez “trostan ibili” esan nahi du–. Horrenbestez, aire zabalean egiten den edozein jarduera, hala nola oinez ibiltzea, monopatinean ibiltzea, bizikletaz eta abar, mugimendu honi lotzeko modukoa da. Nahiko hedatuta dago Suedian eta planetako beste toki batzuetara esportatzen ari da.
Erik Ahlströmi bururatu zitzaion ideia. Ohiko korrikalaria da, Suediako running-aren arloan oso ezaguna, eta orain baita plogging-a eta ingurumeneko beste jarduera batzuk zabaltzea egun kudeatzen duen elkartearen sustatzaile eta sortzailea ere. Ahlströmek adierazitakoaren arabera, nazkatuta zegoen ateratzen zenean hondakinak kaleetan, bideetan edo naturguneetan botata uztea Suediako hirien ingurunea gero eta gehiago zikintzen ari zela ikusteaz, eta, hortaz, biltzen hastea erabaki zuen. Korrika ibiltzeko eta ingurumena garbi edukitzeko ohiturak zituzten beste kide batzuei proposatu zien ideia, eta haiek bultzatu egin zuten. Hortik aurrera, Suediako biztanleen %75ek jada ezagutzen duten mugimendu bat sortzea lortu zuten. Gainera, “plogga” suedierako 2017ko 38 hitz berrietako bat izatea lortu dute.
Korrika egiteaz gain, beste teknika batzuk konbinatzeko aukera ematen duen jarduera da plogging-a, esate baterako, sentadillak, luzatzeak eta bai parkour-a ere. Denen helburua da bidean edo ezkutuko tokietan topatzen diren hondakinak biltzen joatea. Hondakin horiek jaso eta gero, garbigune edo edukiontzi batera eramaten dira, eta, hortaz, jarduera osatzeko besoetako ariketak egiten dira.
Plogging-a egiten hasteko behar den bakarra plastikozko poltsa bat da, eskularruak, kirol oinetako onak eta oinarrizko aholku batzuk betetzea, Sandra Pérez Abadianok gomendatu digun moduan. Hain zuzen, kirol prestatzaile iruindar horri galdetu diogu jarduera honen gainean.
“Makurtu eta zutitzea keinu naturala da, baldin eta jasotzen denak ez badu karga handiegirik –adierazi du–. Zenbait alderdi aintzat hartuta, esate baterako, hankak tolestea, bizkarra zuzen edukitzea, biltzea beso batekin eta gero bestearekin txandakatzea eta mugimendu zakarrak ez egitea, ez makurtzean ez eta zutitzean ere, badirudi aholkatzeko moduko jarduera dela. Jarduera horretarako, gainera, gomendatuko nuke koordinazioa bilatzea lasterraldiaren abiaduraren eta makurtu eta altxatzearen artean, era arinean”.
Plogging mugimendua Suediatik atera da eta jada ezaguna da Britainia Handian, Australian eta Suitzan, adibidez. Zenbait erakundek, esaterako, World Economic Forum izenekoak, ekimen hau zabaldu dute, eta batzuek ez dute zalantzarik izan mundua salbatu nahi duen Suediako fitness-a dela esatean. Beren webgunean, sustatzaileek mota guztietako argibideak ematen dituzte, irtenaldi seguruak antolatzeko.
Ahlström ekimenaren sortzaileak ondokoa adierazten du argi eta garbi: “Berehala heldu behar diogu arazoari, modu batera edo bestera; izan ere ez badugu zaborra ekiditen gure ingurunean, gerta liteke 2050ean itsasoetan arrainak baino gehiago plastikoak egotea”.
Utzi erantzuna