Posted

Saldu ezin diren baina aprobetxa daitezkeen elikagaiak: esperientzia arrakastatsua Nafarroan

2008ko krisi ekonomikoak premia gorrian bizitzera bultzatu zituen pertsona asko. Cáritas erakundeak, jantoki eta beste zerbitzu sozial batzuek erabiltzaileen kopurua emendatzen ikusi zuten, eta Elikagaien Bankuak bere bilketak biderkatu zituen, handitzen zihoan eskaerari erantzuteko. Hori hala zen arren, supermerkatuetan eta saltoki handietan elikagai asko botatzen zituzten, iraungitzeko zorian egoteagatik edo akatsen bat edukitzeagatik. Saltzeko egokiak ez ziren elikagaiak ziren; bai, ordea, kontsumitzeko. Hala jokatuta hondakin-bolumen handia sortzen zela ikusirik, eta bere zerbitzuen bidez herritarren bizi-kalitatea hobetzeko etengabeko saiakeran, Iruñerriko Mankomunitateak elkarlan estuari ekin zion Nafarroako Elikagaien Bankuarekin. Geroztik, dendetako eta saltoki handietako elikagai-soberakinak bildu egiten dira, banku horretara bideratzeko. Esperientzia aitzindaria izan zen horrek 10 urte bete ditu.

- - -

Irailaren 29a Elikagai Hondakinak Murriztearen Eguna da. Kalkulatzen denaren arabera, alferrik galtzen diren elikagaien %42 etxebizitzetan galtzen dira, eta %5 banaketaren sektoreari dagozkio, “elikagai freskoa” esaten denari.

Duela hamar urte, Iruñerriko Mankomunitateak eta Nafarroako Elikagaien Bankuak saltzeko ez baina kontsumitzeko egokiak ziren produktu horiek aprobetxatzeko aukera ikusi zuten, eta elkarrekin lan egiten hasi ziren. Aldian-aldian supermerkatu eta saltoki handietara joango ziren produktu galkorrak edo iraungitzeko egunetik gertu zeudenak jasotzeko eta gero banku horren erabiltzaileen artean banatzeko. Esperientzia aitzindaria izan zen.

Izan ere, garai hartan artean ez zen existitzen Elikagaien Galerei eta Hondakinei buruzko Europako Plataforma, 2016an sortua, helburuen artean antzeko ekimenak sustatzea duena. Beharbada horregatik hainbat tokitatik iritsi zitzaion aitortza Mankomunitatearen eta Elikagaien Bankuaren ekimenari: Toki Garapen Iraunkorreko jardunbide onena izan zen 2013-2014an; 2015ean elikadura- eta iraunkortasun-arloko bederatzi jardunbide egokienetako bat izan zen, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren arabera; eta prozedurari buruzko kontsulta ugari egin zizkieten, beste udalerri batzuetan ere martxan jartzeko. “Bereziki harritzen gaitu profesional teknikariak harritu egiten direla ohartzen direnean ekimenak ez duela zerikusirik gizarte-kontuekin”, azaldu du Carmen Lainezek, Iruñerriko Mankomunitateko Hondakinen arloko zuzendariak.

Eskuragarri dauden azken datuen arabera, 2020ko hilabete hauetan 219,44 tona bildu dira banaketako 17 enpresatakoak diren Iruñeko eta Iruñerriko 64 saltokitan. “Uztailean, gure erregistro guztietako hilabeteko kopuru handiena lortu genuen: 52 tona”, zehaztu du Lainezek.

Egunero, Elkarkideko lau lagun (gizarte-ekimeneko enpresa, irabazteko asmorik gabea) eta bi ibilgailu isotermo 1.700 kilogramo elikagai inguru biltzeaz arduratzen dira, jasotako guztiaren segurtasuna eta trazabilitatea ziurtatzen duen sistema batekin. “Bereziki interesgarria eta polita da proiektu hau, baita gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak, bilketez arduratzen direnak, gizarteratzeko duen alderdiarengatik”, azaldu du Carmen Lainezek. Elikagai freskoak dira, oso “komertziala” ez den itxura edo kolperen bat dutenak, iraungitzeko zorian dauden beste batzuk… Azken batean, kontsumorako egokiak diren jan-edanak; ez, ordea, saltzeko. “Edonola ere, zerbitzua biribiltzen jarraitzea gustatuko litzaiguke, alderdi berriekin, adibidez, barazki eta fruta freskoak beste formatu batzuetan egitea, beharbada inori emateko moduan ez daudenak baina oraindik ere etekina atera dakiekeenak, esate baterako, kremak, marmeladak… eginez”, gehitu du.

Ikusten denez, “berezi egiteko” elementu asko dituen eta “ezin hobeto kopiatzeko modukoa” den proiektua dela ondorioztatu du Carmen Lainezek,  ahal den leku guztietan inplementatzeko dei moduan eta, hartara, jan-edanen hondakinak murriztea lortzeko, gizarteari zerbitzua ematen zaion aldi berean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.