Beti berri ona da bi gazte sustatzaile ados jartzea amets bat betetzeko. Proiektu horrek ingurumena zaindu eta errespetatzearen alde egitea, gainera, txalotzeko modukoa da. Eta horixe da Agotzenearen kasua, “gure lanpostuak sortzeko beharretik sortutako proiektua, oso gustuko genuen gai bati lotuta eta gure ibarrean kokatuta”. Edo beste modu batera esanda, bioeraikuntza, nekazaritza organikoa, ekologia eta baso-kudeaketa, heziketa-eskaintza batekin batera, dena batean.

Arkitektura ulertzeko modu bati erreferentzia egiten dion termino bat da bioeraikuntza. Eguzkiaren energia ahalik eta gehiena aprobetxatzea, material naturalak eta tokikoak erabiltzea, isolatze termikoa eta aireztapena bermatzea dira eraikinak altxatzeko orduan aintzat hartzen diren irizpideak; beren bizi-zikloaren amaieran, inolako kalterik egin gabe berriro naturan integratzen diren eraikinak, hain zuzen.
Iñaki Urkia arkitektura horren adierazgarri argietako bat da, eta lastozko etxeetara gerturatuko gaitu.