Posted

Tipula-itxurako hiriak edo mahats-mordo itxurako hiriak

Tipula-itxurako hiriak, mahats-mordo itxurako hiriak, hiri iraunkor edo jasangarriak, mugikortasunean hobeki baloratuta dauden hiriak, bizi-kalitatea duten hiriak, hiri inklusiboak, hiri eraginkorrak, hiri adimendunak… Modu askotara esaten diegu, baina hiri gehienek bilatzen dutena da bizitzeko toki onena bihurtzea.

Hiriek planetaren azaleraren %2 hartzen dute eta energia guztiaren %75 kontsumitzen dute. Nazio Batuen Erakundeak kalkulatzen du 2050ean munduko biztanleen %68 hirietan biziko direla. Testuinguru honetan, erabakigarria da ulertzea zein den hiri baten egitura optimoa eta nola eragiten dioten elkarri mugikortasunak, azpiegituren sareak, biztanleriaren banaketak, iraunkortasunak eta zerbitzu publikoek, biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko.

CSIC kontseiluaren txosten batek –Nature Communications aldizkarian kaleratua– aztertu du nola mugitzen diren herritarrak hirietan eta nola eragiten duen mugitze horrek beren bizi-kalitatean. Horretarako, azterlanak munduko 174 hiri jendeztatuenak aztertu zituen 2016an, haietatik 127 Ipar Amerikakoak, 400.000 biztanle baino gehiago dituztenak. 300 milioi pertsonaren baino gehiagoren bidaietatik lortutako datuak garraio publiko eta pribatuari, isurpen kutsatzaileei eta aztertutako hirietako osasun-indizeei buruzko estatistikekin gurutzatu dira. Beren sakelako telefonoetako geolokalizazioa aktibatuta zuten erabiltzaileen gainean urte horretan Googlek bildu zuenetik atera ziren CSIC kontseiluak izan dituen datuak (pakete handietan gehituak eta anonimizatuak).

Bi motatako hiriak 

Azterlanak agerian utzi du oso desberdinak diren bi motatako hiriak daudela. Alde batetik, tipulak bezalakoak diren hiriak; eta bestetik, mahats-mordoak bezalakoak direnak. Europan, hiri gehienak tipula-itxurakoak dira, hau da, hirigune trinkoak dituzte, eta haietan hiritarrak eta turistak etengabe sartu eta ateratzen dira, eta beti dagozkien geruzak dituzte inguruan. Geruza horietan mugimendu gutxiago eta dentsitate gutxiago dago. Ameriketako Estatu Batuetan, ordea, ugari dira mahats-mordoen antz handiagoa duten hiriak. Los Angeleshiriak, esate baterako, gune nagusi asko ditu, mugimenduarekin bibratzen, jendea gutxiago mugitzen den guneez inguratuta.

Hirigune trinko bat bizi-kalitate handiago batekin lotzen da: kutsadura gutxiago dago, garraio publikoaren erabilera handiagoa da, beribilaren erabilera txikiagoa eta arreta hobea ematen zaie larrialdiei, ospitaleen banaketa hobe bati esker.  

Nola mugitzen dira pertsonak hirietan, CSIC kontseiluaren azterlanaren arabera?

Descripción: Macintosh HD:Users:DonaRemedios:Desktop:paris los angeles1.jpg
  • Gune gorria: oso altua den mugikortasuna 
  • Gune laranja: mugikortasun handia
  • Gune horia: mugikortasun ertaina
  • Gune berde eta urdina: mugikortasun txikia

“Paris oso hiri hierarkizatua eta oso trinkoa da, eta bertan hiriguneak du mugimendu handiena –gorria, koloretako mapan–. Parisen, hiri-garraioa oso eraginkorra da eta bidaien norakoa hirigune horretan biltzen da -adierazi du José Javier Ramascok, CSIC kontseiluaren ikertzaileak Diziplinarteko Fisikaren eta Sistema Konplexuen Institutuan  (IFISC)-. Gune garrantzitsuenak elkarren ondoan daude hiriaren erdigunean, eta herritarrak nagusiki haietan mugitzen dira. Hori oso ordenatua den mugikortasuna da (hierarkikoa)”.

“Horren kontrako adibidea Los Angeles hiriarena da. Bertan, gune asko daude, eta horrek behartzen du espazio osoan banatutako mugikortasuna izatera. Dentsitate handieneko guneen inguruan oso mugikortasun txikiko guneak daude. Han, garraio publikoa oso txarra da, metroak linea gutxi ditu eta auto asko dago. Herritarrak beren ibilgailu pribatuan mugitzen dira biztanle-dentsitate txikiagoko tokietatik lantokietara, eta, jeneralean, lantoki horiek sakabanatuta egoten dira. Ez dago hierarkia argirik. Hiri-egitura hori, gainera, Ameriketako Estatu Batuetako hiri gehienetan errepikatzen da”.

CSICen azterlanak, hiri-antolaketaren garrantzia aztertzeaz gain, konponbideak ere eskaintzen ditu. Ikertzaile batzuen arabera: “Hirien egitura optimoari buruzko polemika erabakitzen du, eta, izatekotan, hiri-plangintzari edo garraio publikoari buruzko erabakiak hartzen lagundu dezakeen informazioa ematen du”. Edonola ere, ikertzaile horiek berek zalantza bat planteatzen dute: “Hiriak tipula-formakoak dira herritarrek mugikortasunaz eta bere aukerez egiten duten erabilerarengatik? Ala, halakoak dira, goitik planifikazioa egin delako?”.

Argazkiak: Impana RamannaUnsplash eta CSIC.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.