Posted

Ura lortzeko modu bitxiak

Martxoaren 22a Uraren Nazioarteko Eguna izango da. Aurtengo kanpainan, hain zuzen, urak XXI. mendean planteatzen dituen erronkak gainditzen naturak nola lagundu diezagukeen esploratzean jarriko da arreta. Ildo horretan, duela gutxi, sari garrantzitsu batzuen bidez, basamortuko eremuetan ura lainotik eta atmosferatik lortzen saiatu den ikertzaile baten lanari aitortza egin zaio.

- - - -

Uraren eskubidea ez dago jasota Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean, baina nazioarteko hitzarmen ugaritan ageri da. Herrialde bakoitzeko gobernuak ahal duen guztia egin behar du bermatzeko, baina ur eskasiak munduko biztanleriaren portzentaje handi bati eragiten jarraitzen du, 800 bat milioi pertsonari –10 lagunetik 4ri–, batez ere planetako eremu kaltetuenetan.

Eskasia horren arrazoien artean hauek aipatzen dira: baliabide hidrikoen kudeaketa txarra, biztanleriaren hazkundea eta baliabide honen aurrean dagoen jokaera desegokia, ura eskuratzearen aurrean dagoen diskriminazioa, batik bat, herrialde pobreetan, baliabide hidrikoen kutsadura eta klima aldaketaren eraginak. Eragin horien artean euri eza sintoma agerikoena da.

Hain zuzen ere, lehorteek kaltetuenetako planetako eremuetan eduki ahal izango luke erabilgarritasun handiagoa Omar Yagui jordaniar-estatubatuar kimikariaren lanak. Ikerlari honek BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak aitortza jaso berri du, eta, besteak beste, bost urte baino lehenago atmosferatik ura biltzea helburutzat hartu du. Horretarako, berak sortutako kristal-egiturak baliatzen ditu, MOF (Metal Organic Frameworks) eta COF esaten dienak (Covalent Organic Frameworks). Oso porotsuak izatean, belaki molekular baten antzera funtzionatzen dute, eta airean dauden ur molekulak eta CO2-a atzeman eta metatu ditzakete. Laborategian saiatutako egungo prototipoa 12 orduan 2,8 litro ur sortzeko gai izan da, eta orain basamortuko lurraldeetan benetako probak egiten ari da.

Dena den, hori ez da ura lortzearekin lotuta egin den lehen esperimentua. Izan ere, ura atmosferatik eta, bereziki, lainoetatik biltzeko ikerketa eta tresna desberdinak garatu izan dira historian zehar. Ezagunak dira Perun, Atacamako basamortuan, aplikatzen diren sistemak. Bertan, hodei trinko ugari dago eta beste agente batzuekin eragin-trukean aritzean, besteak beste, uraren edo airearen tenperaturarekin, laino eremu handiak sortzen dira. Hartara, 1950eko eta 1960ko hamarkadez geroztik horretarako berariaz diseinatutako sareen bidez biltzen dira.

Kanarietako Agua de Niebla de Canarias enpresako kideek adierazi duten moduan, gure planetako eskualde askotan baldintza geoklimatiko ezin hobeak daude lainoetako uraren aprobetxamendu arrazionala egiteko: sistema horrek ahalbidetzen du urez hornitzea bakartuta dauden eremuetan, kostuak garestiegiak izan gabe.

Badira benetako kasuak, martxan daudenak, esate baterako, Marokoko Atlaseko landa eremuan. Estres hidrikoa iraunkorra da alde horretan, eta lainotik ura biltzeko sistema handiena dago kokatuta bertan egun. Klima Aldaketarako Nazio Batuen Esparru Hitzarmenak aitortza egin zion 2016an ekimen horri, eta bertan Kanarietako La Lagunako Unibertsitateak ekarpena egin zuen ezagutza eta ikerketari zegokionez.

Datuen arabera, planeta honetan ur nahikoa eta gehiago dago etxebizitzetako, nekazaritzako eta industriako erabilerak bermatzeko, pertsonako eta eguneko 50 eta 100 litro artean. Era naturalean ezin badira erraztu edo bermatu kantitate horiek pertsona bakoitzarentzat, mota honetako ekimenek, gutxienez, itxaropenerako tarte bat ematen dute.

Iturriak:

www.ohchr.org/Documents/Publications/FactSheet35sp.pdf

www.un.org/waterforlifedecade

www.aguadeniebla.com

La Lagunako Unibertsitatea. www.ull.es

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.