Bilketa-zerbitzuek eta hondakinak tratatzeko plantek beren jardunari eutsi diote. Izan ere, zaborra eramatera ateratzea etxetik ateratzeko uzten diguten ekintza gutxietako bat da, koronabirusaren ondoriozko osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera izendatzen duen 463/2020 Errege Dekretuarenarabera.
Orain etxean gaudenez eta denbora gehiago daukagunez, pertsona askok erabaki dute armairuak txukuntzea, eta trastelekuak edo etxeko hainbat toki berrantolatzea. Horrek guztiak ekarri du, jakina, bat-batean, erabili behar ez dugun arropa edo oinetakoen poltsa ugari, balio ez duten tresnak edo ordeztea erabaki dugun objektu handiak edukitzea. Oso tentagarria da kalera ateratzea, dagokion edukiontzira, edo Emausko Trapuketariei eta abarri deitzea, baina aintzat hartu behar dugu zenbait zerbitzu, hala nola arropa eta oinetakoen berariazko bilketak, garbiguneak, tamaina handikoen bilketa, elikagaiena Elikagaien Bankurako edo beirarena ostalaritzako establezimenduetarako, aldatu egin direla, eta, horrenbestez, sortu ditugun hondakin horiek etxean edukitzea gomendatzen dela, zain, dena bere bidera itzuli arte.
Sen ona eta pazientzia pitin bat baino ez da eskatzen. Iruñerriko Mankomunitateak, gainera, gomendio hauek eman nahi dizkigu.
Zer egin hauekin:
Hondakin organikoak, papera, beira, ontziak eta gainerakoen edukiontzira botatzen diren hondakinak
Edukiontzien koloreak ez dira aldatu eta edukiontziak kalean daude oraindik, gure hondakinen zain. Bota hondakinetako bakoitza dagokion edukiontzian, eta, mesedez, ez utzi poltsarik lurrean.
Ehun-hondakinak
Egia da armairuak txukuntzeko gogobetetasuna poltsak botatzen dituzunean osatzen dela, baina orain ez da une egokia. Gorde itzazu etxean eta itxaron edukiontzietara eraman daitezkeela adierazteko abisua eman arte. Ongi pentsatu, horrek esan nahiko du hau guztia amaitu dela eta gogobetetasun bikoitza sentituko duzu!
Garbiguneetara eraman ohi ditugun produktuak
Aurreko atalean dugun egoera berbera daukagu hemen: nahiz eta helburu hartu duzun garbiketa-lana amaitu gabe gelditzen dela iruditu, pentsatu amaiera egunetik egunera hurbilago dagoela.
Tamaina handikoak
Garrantzitsuena: ez itzazu kalera atera eta han utzi! Batik bat, arriskuan ez jartzeko egun hauetan hondakinak biltzen ari diren pertsonak. Iruñerriaren kasuan, abisuei eta deiei arreta ematen ari dira zerbitzuan. Galdetu zure herrian zer prozedura jarraitu behar duzun tamaina handikoekin.
COVID-19 gaitzak erasandako pertsonak dituzten etxeetako hondakinak
Garrantzitsua da hiru poltsa desberdin erabiltzea eta gainerakoen edo errefusaren edukiontzira botatzea. Aurrenekoan, eriaren hondakinak sartuko dira eta itxi egingo da. Bigarrengoan, aurreneko hori sartuko da, zaintzailearen erabili eta botatzeko materialarekin batera (maskarak, eskularruak…). Eta hirugarrenik eta azkenik, bigarren poltsa hirugarren batean sartu eta gainerakoen frakziorako edukiontzira botako dugu.
Eta, batez ere
lehen esan dugun moduan, ez utzi poltsak edukiontzitik kanpo eta zabor-poltsak ateratzera kalera joateko aukeraren arrazoizko erabilera egin, ez erabili aitzakia gisa.
Laura García Ecovidrioren arduradunak birziklapena sustatzera animatzen gaitu: “Denbora gehiago dugun honetan, arreta handiagoa jar dezakegu hondakinak gaika biltzean, une aproposa da, gainera, familia osoa inplikatzeko etxean”. “Gure edukiontziak %100ean egongo dira prest, eguneko 24 orduetan, herritarrek beirazko ontziak botatzeko aukera izan dezaten”, gaineratu du Laura Garcíak, hedabide digital batean egindako elkarrizketa batean.
Utzi erantzuna