Badakizu gauero-gauero erabiltzen duzun burkoa zilarrezko partikulek gaineztatuta egon daitekeela bakterioekiko erresistenteagoa izateko? Edo eguzkitarako ematen ditugun produktuek titanio dioxidoa eduki dezaketela eguzki-erradiazioetatik hobeki babesteko?
Adibideak makina bat dira, eta hondakin arriskutsuak uste duguna baino gertuago ditugula uzten digute agerian: nanomaterialak dira, produktu plastikoetan dauden substantzia kimikoak, herbizidak, metal astunak eta osagai elektronikoak… Arriskugarritasun-ezaugarriak dituzten hondakinak dira, leherkorrak, sukoiak edo toxikoak izan daitezkeelako. Beste hondakin-mota batzuek baino arrisku handiagoa dakarte ingurumenerako eta gizakion osasunerako, eta horregatik egiten du lan Europak haien aurrean babes-maila ahalik eta handiena ziurtatzeko.
`Substantzia kimikoak gure bizimoduan´ webgunean, Substantzien eta Nahastura Kimikoen Europako Agentziak (ECHA) jendarteratzeko eran, dibulgaziozkoan, zer diren, non dauden, nola ezagut daitezkeen eta haiek pertsonongan eta ingurumenean dituzten eraginak zein diren azaltzen du.
Material horiek kantitate txikietan edo handietan daude jantzi eta ehunetan, garbigarrietan, margoetan, pestizidetan eta tresna elektriko eta elektronikoetan, eta hiru bide hauetatik sar daitezke gure organismoan: inhalatuta, ahoratuta edo larruazalaren bidez xurgatuta.
Garrantzitsua da adieraztea herritarrak gero eta modu kontrolatuagoan egoten garela haien aurrean, Europak dituen araudiek eta jartzen dituen debekuek egunero erabiltzekoak diren produktuetan haiek erabiltzea kontrolatzen baitute: aurreikusita edo ezarrita dagoen moduan egiten bada, kutsadura-mailak oso txikiak dira. Edonola ere, badira zenbait substantzia kimiko arriskutsu, hala nola zenbait ftalato (beren malgutasuna handitzeko plastikoei gehitzen zaizkien gaiak), gailu elektronikoek aireratu dezaketen sugar-atzeratzaileak eta, behar ez bezala botatzen baditugu, ingurunean substantzia toxikoak aska ditzaketen produktuak.
EEA Ingurumenaren Europako Agentziaren datuen arabera, pertsona bakoitzak 200 kg hondakin arriskutsu sortzen ditu urtean, eta etxebizitzetako hondakin arriskutsuak Europan urte osoan sortzen diren hondakin guztien bostena dira.
Hori guztia kontuan hartuta, existitzen diren eta gure kontsumoko ohituretatik kanporatu ditzakegun produktu arriskutsuen kantitatea prebenitu eta murrizteko premiaz berriz pentsatzera bultzatzen gaitu Europak, gutxienez aste batean. Horretarako, Europako herrialde guztietan azaroaren 17a eta 25a artean garatuko diren ekintzak edo jarduerak proposatu dituzten erakunde, enpresa edo herritar ugaritan oinarrituko da.
Bien bitartean, oso oinarrizkoak diren aholku batzuk daude jarraian, hondakin arriskutsuak gutxitzen laguntzeko balio dezaketenak, Europako Astea egitetik harago. Hona hemen gomendioak:
Etxean
- Egin zuk zeuk garbigarriak.
- Konpondu produktu elektronikoak.
- Erabili berriro kargatu ahal diren pilak.
- Arriskutsuak diren produktuak botatzeko araudiaren informazioa eskuratu eta irakurri.
Supermerkatuan
- Erosi etiketa ekologiko aitortuak dituzten produktuak.
- Erosi kosmetiko naturalak.
- Erosi kontsumo baxuko bonbillak.
Lorategian
- Saihestu pestizidak erabiltzea.
- Ez isuri hondakin urak.
Bulegoan
- Inprimatu dokumentu gutxiago, behar-beharrezkoak direnak baino ez.
- Erabili tinta naturalak.
- Hondakin arriskutsuekin zer egin jakiteko ohar edo argibide batzuk egin.
Baten bat abian jarri nahi baduzu, baina zalantzak badituzu eta ez badakizu ziur nola egin, galdetu.
Utzi erantzuna