Posted

Posterrak, gizarte- eta ingurumen-kontzientzia pizteko

- -

“Segunda Llamada” bi urtean behin antolatzen den kartel-lehiaketa baten izena da, eta xedea du gizarte- eta ingurumen-arloko kontzientziazioa piztea. 2009an egin zuten aurreneko edizioa eta hartan 200 diseinatzailetik gora izan ziren. Azken deialdian, 2018koan, aldiz, 2.000 kartel baino gehiago jaso dituzte, 50 herrialdetatik bidaliak.  

Egun Australian bizi den Gus Morainslie mexikarra lehiaketa horren koordinatzailea da. Diseinu grafikoa eta kartela mundu hobea sortzeko tresna boteretsuak diren uste osoa du.

– Nola sortu zen posterrak kontzientzia harrarazteko elementu gisa erabiltzeko ideia?

Mexikon, komunikazio grafikoaren diseinuko ikasketak egitean (UAM), diseinuaren garrantzia ikasi nuen eta bai zerbaiten kontzientzia harrarazteko gizartean izan dezakeen eraginarena ere. Izan ere, ikasketa amaierako lana diseinu-talde bat sortzea izan zen, gizarte-kontzientziarekin lotutako hainbat alderdi jorratzeko. Egin genuen azken proiektua ingurumen-gaiei buruzkoa izan zen. Handik aurrera, handitzen joan zen gai horrekiko nuen interesa eta horrek ekarri zuen  “Segunda Llamada”sortzea.  

– 2009az geroztik, “Segunda Llamada” ekimenean, gai desberdinak izan dituzten bost poster-lehiaketa antolatu dira: ura, kontsumismoa, plastikoen kutsadura, elikagai prozesatuak eta klima-aldaketa. Zertan oinarritzen zara bat aukeratzeko?

Urtero, egungo testuinguruan nabarmena eta garrantzitsua iruditzen zaidan gai bat aukeratzen dut. 2018ko edizioak, esate baterako, klima-aldaketaren gaiaren gaineko 2.000 lan baino gehiago jaso ditu, baina ez bakarrik kontzientzia harraraztearen arlotik, baizik eta bai ekitera deitzearen arlotik ere.

Diseinuaren, artearen, zientziaren eta hezkuntzaren arloko profesionalen koalizio batek eta ingurumen-arloko aktibista-talde batek indarrak batu dituzte gure planetaren alde borrokatzeko, informazioa hedatzen, eztabaida eta elkarrizketa pizten, eta klima-aldaketari buruzko kontzientzia harraraztera bultzatzen jendea. Baina gehien nahi duguna da jendea ekitera bultzatzea! 

HAUEK DIRA AZKEN EDIZIOKO IRABAZLEAK 

– Zergatik egiten da lehiaketa bi urtean behin?

Logistika eta gero lehiaketako lanak eraman nahi ditugun erakusketak ongi planifikatzeko beharrezkoa den denbora-tarte bat da. Modu jarraiagoan egin ahal izateko denbora gehiago nahi nuke, baina lehiaketa hau beste lan pertsonal batzuekin bateratu behar dut eta, horrenbestez, ez ditut beste era batera egin ahal izateko beharko nituzkeen ordu guztiak. Zorionez, zenbait lagunek alderdi teknikoan eta lehiaketaren datu-baseetan laguntzen didate. Edonola ere, aitortu behar da proiektuak bizia badu mundu osoko parte-hartzaileek sortutako diseinu sinestezinei esker dela eta bai epaimahaiko kideek eskaintzen dieten denborari esker ere.

Nola baloratzen duzu deialdi bakoitzean posterren kopuruak gora egiten jarraitzea, eta bai babesten duten erakundeen kopuruak eta epaimahaiko kideenak ere?

Oso pozgarria da ikustea ingurumen-arloko erreferente moduan kokatu dela. Urtetik urtera gehiago dira hurrengo edizioarengatik galdetzen duten herrialde desberdinetako pertsonak. 2018ko edizioan, oso interesgarria izan zen epaimahaikideen hiru talde izatea (gazteak eta haurrak, diseinua eta zientzia) eta kalifikazio handia duen jendea izatea.

Olivia Boulerren kasua da. 2010ean, hamar urte zituenean, atsekabetuta gelditu zen Mexikoko golkoan petrolio-isurketa bat izan zela ikustean. Batere zalantzarik egin gabe, ilustrazioak marrazten hasi zen eta sorkari haiekin 200.000 dolar bildu zituen, kontserbazio-taldeei hegaztiak salbatzen eta inguru hartako habitata lehengoratzen saiatzen laguntzeko. Urteek aurrera egin ahala, ingurumenarekiko konpromisoa handitzen joan da eta bere azken ekarpenetako bat gure lehiaketan epaimahaikide aritzea izan da.  

– Nondik sortu zen azken edizioan epaimahaian adingabe konprometituak ere sartzeko ideia? 

Haien eginkizuna giltzarria da ingurumenaren etorkizunean. Oinordetzan jasotako arazo ugariekin borrokatu beharko duen belaunaldia ordezkatzen dute, eta ezin sinetsizkoa da hain gazteak diren eta halako kontzientzia duten pertsonak ikustea. Oso interesgarria da ikasleen martxekin eta protestekin egun gertatzen ari dena, eskoletara joateari uzten baitiote mundu osoan ingurumen-arloan jardutea eskatzeko.

-Aurkeztutako lanak direla-eta, hasierako edizioetatik orain arte diseinuak aldatu al dira alderdi grafikoan (teknika berriak, teknika batzuk besteen aurrean nagusitzea…)? 

Irudikatzeko estiloak eta teknikak askotarikoak izan dira beti. Zuri-beltzean diseinatzeak parte hartzen dutenei ekartzen dien erronka ikustea interesgarria da. 

Urtero, lanak irizpide hauen arabera ebaluatzen dira: kontzeptuaren originaltasuna, kalitate grafikoa, mezua igortzea, eta datuen eta informazioaren zehaztasuna.  

Lehiaketaren ondoren, poster irabazleak hainbat herrialdetan erakusten dira. Esate baterako, Mexikok, Ameriketako Estatu Batuek, Kanadak, Boliviak, Kolonbiak eta Iranek erakusketak hartu dituzte jada. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.